Han eta Hemen | 2020eko Ekainaren 25a
Haziak Loratzen: Gaztaroko oroitzapenak
Eric D. Baionako AEK Gau Eskola B2/C1 maila
Guztiok haurtzaroko oroitzapenak baditugu gogoan, atseginak edo ez, uros edo triste. Denbora pasatu arren, gure baitan sakonki grabaturik gelditu dira, hunkitu gintuztelako. Hainbat formatan ager dakizkiguke: usainak, doinuak, musikak, argazkiak, eszenak, edo(ta) barneko sentimenduak. Anitzetan nahas-mahasa izan daiteke.
Sentsazio berezi horietako batzuk luzaz lotan egoten dira gure baitan, eta egun batez, ez dakigu zergatik, horra non azaleratzen zaizkigun. Gogorapenek une galdu horietara eramaten gaituzte ziztu bizian.
Hau da, preseski, gertatu zitzaidana niri joan den uda hastapenean: arrats batez, sapa, zenbait ainara dantzan zirimolaka, beste hainbat hari elektrikoan kantuz nor gehiagoka, ahantz ezinezko ilunsentian. Bazirudien Monetek margotu ortzia zela, kolorez blai.
Momentu horretan, berrogei urte gibelera itzuli nintzen brauki: eskola garaia bukatu berri zen, eta udako bakantzak hastekotan (hastear) zeuden. Hamar urte neuzkan, eta garai hartan murgildu nintzen berriz sekulako plazerarekin.