Herriko besten usaina baizik ez
Zorigaitzez aurten Jondoni Petrik ez ditu usaiako ospakizunak ukanen, Covid-19 madarikatu hori uste baino kaltegarri bihurtu delakotz, nun udako bestak ezeztatuak izan diren anitz herritan. Halere igande goizeko mezan (10:30) herriko saindua ospatua izanen da behar den neurrian, haatik Emak-Horreko kantari eta musikaririk gabe, hunek ez du debekatuko kartsutasun eta alegria parte hartzaileen ganik. Jazko egitarauari so egin dut ikusminez, hor konturatu naiz zenbat musikaldi, dantzaldi, apairu, lasterkaldi, pilota partida, ahate-joko eta animazio desberdin proposatuak diren bortz egunez. Halere pentsatzekoa da herritarrek gisa batez edo bestez parte hartuko dutela nun beren familietan eta dudarik gabe herriko jatetxetan. Nahikaria delarik taldeka, ez da baitezpada zaila besta giro baten sortzea.
Herriko bozak
Igandean, herritar eginbidearen betetzera gomitatuak gira, egun hortan hautatua izanen baita sei urterendako nork eremanen duen herriaren kudeantza. Lehenik abisu inportante batekin hasiko gira, jende pilaketak ez izaiteko, bi bozka bulego lekuz aldatuak dira. Beraz, 2 zenbakiko bulegoa (Amotz- Cherchebruit) Larreko ikusgarri salan iraganen da, aldiz 6 zenbakiko bulegoa (Olaso-Hergaray- Artzirin) Larreko sarrerako gelan. Bertzalde maska ekartzea beharrezko da, ez baduzue zuekin lekuan bertan eskuratzen ahalko da. Anartean, bakoitxak aztertzen ahalko ditu bi zerrenden programak, holako hautuak zentzuz egin behar direlakotz. Begietatik ez da galdu behar, Senpere politika interes publikoen zaintzale dela eta ez interes partikularrena.
Enpresa baten jokaera
Sud-Ouest egunkariaren ganik jakin dugu, Vladimir Grudzinskiren, enpresa nagusiak bere 13 langile gazteeri proposatu duela Parisetik etor ziten Senperen duen bere etxebizitzara, elgarrekin lan egin zezaten konfinamendu denboran. Car- Jager start-up delakoaren buru dago, enpresa hunek erakusketako auto edo zahar-berritu autoen sal-erosketak kudeatzen ditu. Ideia bitxia baldin bada ere, iduri luke denek lan esperientzia baikorra bizitu dutela elgarren artean, haatik hetsialdia bururatu bezain laster beren etxetara joan dira.
Antzerkia “Jour de Fête” konpainiarekin
Aspaldiko partez, ikusgarri arraro bat,“Bidean” izenekoa, eskainia zauku Bastid Etxeberriko baratzean, Pierre Bastres-en etxebizitzan, uztailaren 10ean ostiralean (19:30). Hiru hilabetez kultura aldetik basa-mortuan ginen, ekitaldi horrek poz anitz sortuko du. Familia baten istorioa erakutsiko daukute 6 hitz-ekartzaile, musika-egile eta istorio xumeen oroitzaile diren arizaleek, gure gogorat emanez doi bat oroitzen garen argazki eta potretetan argertzen ez diren jendeak. Sarrerak 10€, kanpoan iraganen da eta lekuen hartzea, ekainaren 29a baino lehen, Cecilia deituz edo mezua utziz: 06-19-06-05-45erat (izena eta telefonoa zehaztuz) edo emailez: cecilia.maitre@gmail. com. Antzerkiaren bururapenean, zintzur-bustitze bat izanen da, bi-solas egiteko bertze behatzaile eta arizaleekin, adiskideki.