Ba ote dakixu? | 2020eko Ekainaren 25a

Berrogeiko gerla (8/8)

Gilen Bacho

Berrogeiko%20gerla%20(8/8)

Ekainaren 17an, Bordeleko lizeo batetik, irratian, Petain marexalak, gobernuko presidente berriak, frantses soldadueri “borroka gelditzea” galdegin zuen. Egoera izigarri nahasgarria zen. Petainek erran zuen borroka gelditu behar zela alemanekin negoziatu aitzin! Frantses soldadu anitzek mezu hori entzun zutelarik gudukak gelditu zituzten. Milaka preso eginak izan ziren (1,5 milioi orotarat) egun horietan alemanek gerla segitzen baitzuten eta beti aitzinatzen baitziren. Sail hortan Petainen ardura handia zen. Petainen kontseilariak fite ohartu ziren falta handi bat zela eta diskurtsoaren testua aldaketa batekin kazeteri igorri zuten. Ez zen gehiago errana borroka gelditu behar zela baina borroka gelditzea entseatu behar zela! Bi egunez, Hitlerrek ez zuen arraposturik eman eta aleman armadak egoera hori baliatzen zuen gero eta fiteago aitzinatzeko. Brest eta Cherbourg hartzen zuten 19an, Loire ibaia pasatzen zuten baina ez erresistentziarik gabe. Saumuren, 2.500 frantses soldaduk, “Saumur-eko kadeteak”, bi egunez 40.000 aleman soldadu heroismo ikaragarri batekin blokatzen zituzten. Gudukak segituko ziren ere Epinal inguruan eta Maginot lerroaren sektore batzuetan ekainaren 24a arte. Alpeetan, frantses armada irabazle zen italiarren kontra. Frantses soldadu horiek guziak lehen erresistenteak izan ziren. Zenbat gazte hilak, kolpatuak, traumatizatuak bi hilabete horietan? Zenbat gazte, nire attatta bezala, 20 urtetan sortetxetik joan, lehenik bi urtez zerbitzu militarra egiteko, gero gerlara igorria izan eta azkenik bost urte Alemanian pasatu berriz etxerat sartu aitzin? Frantziaren ohorea, Frantziaren desohorea Ekainaren 20an, alemanak Lyonera heltzen ziren, nun 188 senegaldar tirailleurs eta 6 ipar Afrikako soldadu hiltzen zituzten krudeltasun handi batekin. Bordeletik hurbiltzen ziren ere. Sustut, frantses gobernuak nahi zuen borrokari amaiera eman. Egia erraiteko, frantses anitzek hori nahi zuten ere. 20 urte lehenago, deia gerla bat bizitu zuten, lau urte luzez, ez zuten hori berriz bizi nahi. Gerlak 8 milioi frantses bidetara botatu zituen, baldintza izigarri gogorretan. Beren etxea berriz atzeman nahi zuten. Gainera, nola ez sinetsi Pétain marexala, “Verdun-eko irabazlea”, erraiten zuelarik ez zela posible gerla segitzea, gerla galdua zela? Nork entzun zuen ekainaren 18ko De Gaulleren deia? Irratian kasik nehork (Sein Islan bai nun gizon guziek Londreseko bidea hartzen zuten aste bat berantago, ikusiz hori De Gaullek erranen zuen “Sein isla, Frantziako laurdena da!”), kasetetan gehiago. Baina marexala zen fama eta oso gutik ezagutzen zuten jeneral berri horrena ezin konparatuak ziren. Baina, jeneral horrek, Churchillek erran zuen bezala, “Frantziaren ohorea” berarekin Londresera ekarri zuen. Desobeditzea ez zen naturala ofizier batentzat baina pentsatzen zuen gerla aliatuekin segitu behar zela Frantziako ohorearentzat baina ere interesentzat. “Frantziak bataila bat galdua zuen baina ez gerla”. De Gaullen pentsaketa hori zen. Munduko gerla bat zen eta munduko gerla hortan, Frantziak bazituen oraino bi karta nagusi: bere inperioa eta batere makurrik jasan ez zuen bere ontzidia. Gainera, Frantziak bazuen oraino aliatu azkar bat borroka segitzeko, Erresuma Batua bere inperioarekin. Bi inperio, ez zen guti! Azkenean, De Gaullek Estatu Batuek beren laguntza azkartuko zutela eta egun batez batailan sartuko zirela, pentsatzen zuen. Geroa ezagutuz, De Gaullek ikusmen handia ukan zuela erraiten ahal da, baina orduan pario ero bat zen jakinez Alemaniak Europa gehiena okupatzen zuela. Pétainek, kontrakoa, pentsatzen zuen Frantziako bataila galdu eta gerla galdua zela. Horretarako, aleman gobernuarekin behar zen negoziatu Frantziaren okupazioa “arintzeko”. Dena den, hori zen helburu ofiziala… Armistizioa izenpetua izanen zen ekainaren 22an Rethondes-en, tren bagoi berean nun 1918ko armistizioa izenpetua izan zen. Hitlerrek bere ordaina hautatu zuen. Armistizioaren baldintzak izigarri gogorrak ziren. Frantziaren gehiena okupatua izanen zen. Gainera, frantsesek behar zuten Frantziaren okupazioa pagatu (400 milioi egunero!). Sustut, Frantziak Alemaniako iheslari politikoak estatu alemaniarrari entregatzeko konpromisoa hartu zuen. 17an, Petainek “ohorezko” bake bat negoziatzea hitzeman zuen. Bost egun berantago bakarrik, estatu frantsesak bere burua desohoratzen zuen. Frantzia amesgaizto luze batean sartzen ari zen.
Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3550. zbk

Aski badakik bizitzen balinbadakik.

Betiko errana

Gure Hitza | 2020/06/25

Gure gogoetan

Menane Oxandabaratz

Nahi nuke sar-hitz huntaz baliatu agurtzeko bi pertsona berrikitan galdu ditugunak, biek Euskal Herria maite, biak euskaltzale amorratuak, biak jendekinak, biak fededunak, biek beti jakin izan dutena harreman goxo eta omoretsua erakusten. Mattin Larzabal eta Jamattitt Bidart, Kuxkurrio izenarekin ezagutua. Larunbatarekin Mattin-i azken agurra egiten ginakola, astelehenean berria etorri zen Jamattit Kuxkurrio hil zela. Bientzat entzun da Euskaldun Fededun zirela, bai dudarik ez da, beren baitan bi fede kurutzatzen zirela: euskalduntasuna eta giristinotasuna. Lehena “gure” Mattin! Norbait abian delarik, bakoitzari bere baitan oroitzapen batzuk gogoarazten zaizkio. Gure Irratian ibiltzen nintzelarik, astelehen arratsetan, atzo balitz bezala ikusten dut Mattin bere bulego xokoan, ikusi orduko bere irri gozoarekin erraiten zuela “untsa hiza?”. Zainetan edo kexu etortzen nintzanean, bazuen beti mintzatzeko molde bat, nun ene baitan nuen kerra, Mattin entzutean lasaitzen zen. Beti ...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Jacques Laffitte, 11 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016