Jainkoa bizia jendea | 2020eko Ekainaren 25a

Zergatik Ez?

Maite Irazoqui

Anne Soupa andereak bere kandidatura eman du Lyoneko artzapezpiku izaiteko. Lyon hiriko kargu hori Michel Dubost apezpikuak betetzen du joan den ekainetik hunat, urte bat huntan, Philippe Barbarinen ordezkapena segurtatuz, norbait izendatu arte. Anne Soupa emazte bat da, teologoa, Biblia irakasle, kazetari eta idazle. Zientzia politikako eta Zuzenbideko tituluak baditu. Ezkondua da eta 73 urte ditu. Kandidatura horren alde anitz agertu dira eta izenpetuz beren sustengua ezagutarazi dute. Anitz agertu dira ere arras kontra, zozokeria bat dela, ergelkeria, probokazio eta kitzikeria, bertzerik ez. Andere horrek aski ongi daki ez dela sekulan artzapezpiku izanen, orduan zer erran nahi du? Beha dezagun zer dion Eliza katolikoaren legeak. Lege hori, “Droit canonique” deitzen dena, elizako gizonek, eta gizonek bakarrik dute pentsatu eta idatzi. Beren arteko legea da, 1983an idatzia. 375garren artikuluan lerro hauek definitzen dute apezpiku lana: “Apezpikuak, apostoluen ordain direnak jainkozko instituzionearen partez, Izpiritu Sainduaren bitartez, Elizaren artzain eginak dira, berak izan diten doktrinaren irakasle, kultu sakratuaren apez eta gobernamenduaren ministro”. Eta zer dio Anne Soupa andereak? Sei oharpen konsideratzen ditu: Ez dela emazte bakar bat bozeramaile denik Elizako erabakietan; Gizadiaren erdia kanporatzea, Jesusen mezuaren kontra dela, bai eta Elizari kalte egitea, zeren beren arteko manera hori atxikiz, abusu sortzaile bilakatu delakotz ikusi den bezala; Bera ez dela ezezaguna, 35 urte hauetan teologo eta Biblia lana eremaiten dituela; Elizako legeak apez izaitea debekatzen du emazteeri eta debeku horri Ez erraitea eginbide bat zaio bai Elizaren eta bai katoliko guzien errespetuz; Bere erantzukizuna dela Jainkoaren Hitzaren zerbitzari izaitea; Apez izaitea eta gobernatzea bi gauza direla eta biak berextea beharrezkoa dela, Frantses Aita Sainduak galdetzen duen bezala. Denen begien aitzinean den errealitatea azpimarratzen du kandidatura hunek bai eta denen adimendua galdekatzen. Emazteak dira gehien Elizako urratsetan, bainan gizonek dituzte erabakiak hartzen. Teologiako ikasketak egitean, irakasleek emaiten dituzte bibliografiak, zoin liburu irakurri eta zoin idazle. Kasik beti, gizonak dira zerrendan, emazterik ez. Alta badira teologo anitz emazte eta idazle direnak! Jainkoaren dohainak deneri emanak direla ez ote da onesgarri? Apezpiku baten izendatzea nola antolatzen da? Hiru urtetarik, eskualde bateko apezpikuek zerrenda bat egiten dute, nun ezartzen dituzten beren arabera gai diren apezen izenak apezpiku izaiteko. Zerrenda hori sekretuki egina da. Gainera, apezpiku bakotxak ezagutaraz dezake bere alde, apez bat, ona eta kapable estimatzen duena kargu horren betetzeko. (377. artikulua). Izen horiek igorriak dira Erromarat, Aita Sainduaren egoitzarat. Apezpiku bat izendatu behar delarik eskualde batean, nuntzioak 1 hiru izen hautatzen ditu, Barneko ministroari presentatzen eta hunek ontzat emaiten ditu edo ez. Azkenean Aita Sainduak hautatzen du horietarik bat. Ez da beraz, ofizialki, kandidaturik. Zoin dira behar diren kalitateak apezpiku izaiteko? 1 – Fede azkar bat, bizimolde ona, debozioa, arimen karra, zuhurtzia, prestutasuna, eta kargu horren betetzeko behar diren bertze dohainak. 2 – Fama ona. 3 – 35 urtez goiti. 4 – Apeztua bortz urtez bederen. 5 – Doktorego edo lizentzia titulua ukana teologian edo Biblian edo Elizako legean... Nola aitzina ditazke gauzak? Nola sendatu hain eri den Eliza katolikoa? Istorio eder bat aurkitzen da Jesusen bizian. Farisauekin ukan zuen eztabaida baten ondotik Jesus joan zen aski urrun, paganoen eskualdetik hurbil. Emazte bat, paganoa, etorri zitzaion galdetuz haren alaba, eri handi zaudena, senda zezan. Lehenik Jesusek ez zion kasurik ere eman; emaztea hor zuen beti haren ondotik eta apostoluek galdetu zioten fueratu zezan “haren oihuak ez entzuteko”. Eta Jesusek berriz, Israeldarrentzat bakarrik etorria zela. Bainan emazteak ez zuen amore eman; Jesusen erreakzio zakarrari abilki eta adimen handirekin erantzun eman zion, eta Jesusek zuen amore eman erranez: “Handia da zure fedea. Zuk nahi bezala gerta bekizu”.1 1 - Nonce apostolique 2 - Mt 15,21-28
Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3550. zbk

Aski badakik bizitzen balinbadakik.

Betiko errana

Gure Hitza | 2020/06/25

Gure gogoetan

Menane Oxandabaratz

Nahi nuke sar-hitz huntaz baliatu agurtzeko bi pertsona berrikitan galdu ditugunak, biek Euskal Herria maite, biak euskaltzale amorratuak, biak jendekinak, biak fededunak, biek beti jakin izan dutena harreman goxo eta omoretsua erakusten. Mattin Larzabal eta Jamattitt Bidart, Kuxkurrio izenarekin ezagutua. Larunbatarekin Mattin-i azken agurra egiten ginakola, astelehenean berria etorri zen Jamattit Kuxkurrio hil zela. Bientzat entzun da Euskaldun Fededun zirela, bai dudarik ez da, beren baitan bi fede kurutzatzen zirela: euskalduntasuna eta giristinotasuna. Lehena “gure” Mattin! Norbait abian delarik, bakoitzari bere baitan oroitzapen batzuk gogoarazten zaizkio. Gure Irratian ibiltzen nintzelarik, astelehen arratsetan, atzo balitz bezala ikusten dut Mattin bere bulego xokoan, ikusi orduko bere irri gozoarekin erraiten zuela “untsa hiza?”. Zainetan edo kexu etortzen nintzanean, bazuen beti mintzatzeko molde bat, nun ene baitan nuen kerra, Mattin entzutean lasaitzen zen. Beti ...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Imprimerie du Labourd - Cazenave bidea, 29 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016