Gure Hitza | 2020eko Uztailaren 02a

Elorrimenditik

Peio Jorajuria

Gutiz gehienek “La colline de la Bergerie” deitzen dute. Alta, Kanboko muno horrek badu jatorrizko euskal izena: Elorrimendi. Departamenduak berrikitan diruztatua du, kaskoan, eraikin bat, Iñaki Noblia kanboar arkitekto gazteak marraztua. Euskal Herriko zurez eraikia da osoki eta zuhaitz hosto baten forma du. Deitu dute Elondare, Elorrimendiren lehen bi hizkiak eta “ondare” hitza uztartuz. Bisitaz izan berri gitzaio, oihanean barnako oinezko igoera xorien kantuek alaiturik. Eraikin oso pollita da. Hemendik aitzina animazio frango aterbetu beharrak omen ditu. Balioko du.

Elorrimendiko gainetatik bista zabala da inguruz inguru, hurbileko mendiak ageri. Alde batera, Urtsumendi. Hunen gainekaldeko zerua lasai lasaia aurkitu dugu, hodei beltzik gabe, mementoko bederen. Bestaldera, Mundarrain. Hemen aldiz zerua frango gorrail. Pentsa! Pekaldeko herrian, Itsasun, herriko bozen bigarren itzuliaren karietara, giroa nahiko beroa zen. Eta bat-batean entzun ditugu oihuak eta txaloak: Mikel Hiribarren artzaina garaile, abertzaleak zeru gorenean!

Haratago, beti Elorrimenditik so eginez, Larrun. Hor haatik zerua gorri-gorria. Guduka beroak zitezkeen mendi horren zangopean! Senperen, helburura heldu da Dominique Idiart, abertzaleen laguntza baliosarekin. Ez du duela sei urteko huts berdina errepikatu. Azkainen, Jean-Louis Fournier eta Anita Lacarraren zerrenda garaile, Gorka Taberna abertzalea bigarren. Haratagoko zeruan ere euskal kantuak dira gora altxatu. Ziburun, Eneko Aldana abertzaleak, sozialisten sustenguarekin, eta Urruñan, Filipe Aramendi abertzaleak lehia gainez gain eraman dute. Gau guzian Elorrimendiraino entzun dira kantu alaiak. Doi bat urrunago, Hendaian, giro lasaia, Kotte Ecenarroren garaipena, abertzaleen eta komunisten sustenguarekin, aitzinetik iragarria zen.

Elorrimenditik ez ginituen guda gune guziak begipean baina oihartzunak beharrietaraino etorri zaizkigu halere. Miarritzen, andere bat nagusi, Maider Arostegi eskuindarra. Lehen itzuliko 29 emazte auzapezeri beharko da haren izena gehitu. Baionan, Jean-René Etchegaray berriz ere nagusi, aldi huntan duela sei urte baino errexkiago. Uztaritzen, Bruno Carrère jaun eta jabe. Bokalen, Francis Gonzalez beti hor. Mauletik ere jin zaigu berria, haize azkar batek ekarririk: Louis Labadot komunista zaharrak bere aspaldiko ametsa azkenean bete du. Bertze zazpi herritan ere hautuak trenkatu dira. Hara! Bozkak aldi huntan bukatu dira. Abertzaleek orokorrean haizea alde dute. Orain Euskal Elkargoa beharko da osatu. Hor ere gudu bero zenbaiten mentura!

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3551. zbk

Gure Hitza | 2020/07/02

Elorrimenditik

Peio Jorajuria

Gutiz gehienek “La colline de la Bergerie” deitzen dute. Alta, Kanboko muno horrek badu jatorrizko euskal izena: Elorrimendi. Departamenduak berrikitan diruztatua du, kaskoan, eraikin bat, Iñaki Noblia kanboar arkitekto gazteak marraztua. Euskal Herriko zurez eraikia da osoki eta zuhaitz hosto baten forma du. Deitu dute Elondare, Elorrimendiren lehen bi hizkiak eta “ondare” hitza uztartuz. Bisitaz izan berri gitzaio, oihanean barnako oinezko igoera xorien kantuek alaiturik. Eraikin oso pollita da. Hemendik aitzina animazio frango aterbetu beharrak omen ditu. Balioko du.

Elorrimendiko gainetatik bista zabala da inguruz inguru, hurbileko mendiak ageri. Alde batera, Urtsumendi. Hunen gainekaldeko zerua lasai lasaia aurkitu dugu, hodei beltzik gabe, mementoko bederen. Bestaldera, Mundarrain. Hemen aldiz zerua frango gorrail. Pentsa! Pekaldeko herrian, Itsasun, herriko bozen bigarren itzuliaren karietara, giroa nahiko beroa zen. Eta bat-batean entzun ditugu oihuak eta t...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Jacques Laffitte, 11 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016