Herriz Herri - Azkaine (L) | 2020eko Uztailaren 02a
Azkaine
Herriko hauteskundeen bigarren itzulia
Aspaldi goaitatzen zen eguna etorri da, joan den igandean eta bertze herri batzuetan bezala azkaindarrak ere itzuli dira bozkatzera. Emaitza hauekin bururatu da eguna: 3.678 pertsonek zuten izena emana eta 2.304 bozkatzailek eman dute boza, parte hartzea %62,64koa izan delarik. 27 boz baliogabe eta 43 xuri. “Denen Geroa” heldu da lehen: 830 bozekin, %37,15. Bigarren: “Azkaine Bai” 543 boz, %24,31. Hirugarren: “Azkaine Bizi” 473 boz, %21,17 eta laugarren “Ur Ertsi Larrun” 388 boz, %17,37. Dudarik gabe, Jean-Louis Fournier jauna auzapez izendatua izanen dela. Hau 2. aldikotz aurkezten zen, lehen mandatuan hasi lana segitzeko eta xede batzu lortzeko, bereziki eskola publiko berriaren eraikuntza, gero ikastolari ere ikastetxe duina segurtatzeko asmoarekin. Denen geroa gauzatzen, debruen lana izanen du halere!
Eskola garraioak 2020- 2021 urterako
Ekainaren 15etik agorrilaren 2ra autobusa hartzeko xedetan diren haurren izenak eman behar dituzte burasoek. Hortarako deitzen ahal dute 05 59 44 77 77 zenbakira edo interneten bidez, joz: www. Hegobus. Azkaine com. Aurten kasik ohargabean udan sartu baigira urrats hori beharrezkoa da heldu den sartzea segurtatzeko.
Liburutegia publikoari berriz idekia
Hetsialditik atera eta hitzordua aitzinetik telefonoz hartuz joaiten ahal bazen liburuak eskuratzera, orain zuzenean egiten ahal da liburutegiko ateak zabalik izanen baitira egun guziz salbu astelehenetan. Beraz: astearte eta ortzirale arratsaldetan (15:00-18:00); asteazkenetan (10:00-12:00 eta 15:00-18:00) eta larunbatetan (9:00-12:00 eta 15:00-18:00).