Herriz Herri - Baigorri (NB) | 2020eko Uztailaren 02a

Baigorri

Sortze

Otikorone Eñautenean, Guillaume Tambourin eta Chloe Haristoy zorionean ditugu mundura emanik bigarren alaba, Alba izendatu dutena. Laster Mila ahizpak izanen du goxoki jostatzeko laguna. Gure partetik, ongi etorri sortu berriari eta izan dezala osagarri eta urostasun eta goresmenak aitama gazteeri baita agurrak aitatxi amatxieri.

Heriotze

Iragan astean, bi herritar segitu ditugu beren azken egoitzara. Ortzegun arratsaldean ehortzia izan da Katrine Chenitz, 94 urtetan zendua. Urepele Xalbadorrenean (Aire) sortua, ezkontzaz etorri zen Urdoze Etxeberrira. Ofizioz guarda zen Jean-Pierre bere senar zenarekin, sei haurreko familia ederra altxatu du eta denbora berean bere amaginarreba eta aitaginarreba enbaldituak ere ongi artatu etxean hauen bizia bururatu arte. Ama familiako ona zen, isila, baliosa eta bihotz handikoa. Fede handiko emaztea zen ere, elizako urratseri biziki jarraikia denbora batez, bere etxe ondoan zuen Urdozeko eskolako haurreri katixima egiten zuena. Senarra galdurik eta haurrak biziak doi bat etxetik urrundurik, bakarrik egon da zonbait urtez, bainan bakartasuna pisuegi senditu duelarik, bere nahia burutu du Kanboko “Ste Elisabeth” xahar etxera erretiratuz. Zortzi urte pasatu ditu hor goxoki eta azken hatsa ere hor eman 94 urtetan, adin ederra bildurik.

Biharamunean, ortziral goizean berriz elizan bildu gira Jeannot Saldubehere-ri azken agurra egiteko. Aldude Uhaldean sortu eta Marie-Christine Hillau gure herritarrarekin ezkondua, bizi aberatsa eramanik. Euskal Herriaren amodioz, laster enpresa sortu berri batzutan engaiatu da: Arrosako Denek-etan eta gero Itsasuko Alkin, huntan luzaz administrazio kontseiluan arduratuz. Lanean buru onekoa, lagunekin ere zuhurtzia handiko gizona zen. Hortaz bestalde, bazituen ere beste dohainak: margolaritzan “Hortzadar” elkarteko kide, erakusketak zirelarik bere obrak ateratzen zituela; antzerkian ere talendu ederra agertzen zuen Aldude-Urepeleko “Larrazkeneko loreak” taldearekin. Haur ukaiteko graziarik ez du ukan bainan anitz eman dio gizarteari. Laneko urteetan Angelun bizi izan da eta erretiran senar-emazteak Baigorrira etorri ziren eta laster, Geltoki auzoan etxe berria eraiki. Zoritxarrez, bi urteren buruko biak gaizkitu dira minbiziarekin. Zortzi urtez anitz borroka eta gora beheren ondotik, duela 3 urte galdu zuen emaztea eta berari ere eritasunak gaina hartu dio 71 urte zituela.

Katrine eta Jeannot zenduen ehorzketetako elizkizunak kartsuak eta kantatuak izan dira. Azken huntan, lekukotasun bihozberoak ere entzun ditugu: Peio Uhalderena Alki enpresaren izenean eta bere anaia Tote apezarena, Jeannot-ren izpiritua eta gizontasuna agertzen zituztela. Kattalinek ere bere txistuarekin ekarri du berea.

Doluan diren familia haueri helarazten ditugu gure dolumin zintzoenak.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3551. zbk

Gure Hitza | 2020/07/02

Elorrimenditik

Peio Jorajuria

Gutiz gehienek “La colline de la Bergerie” deitzen dute. Alta, Kanboko muno horrek badu jatorrizko euskal izena: Elorrimendi. Departamenduak berrikitan diruztatua du, kaskoan, eraikin bat, Iñaki Noblia kanboar arkitekto gazteak marraztua. Euskal Herriko zurez eraikia da osoki eta zuhaitz hosto baten forma du. Deitu dute Elondare, Elorrimendiren lehen bi hizkiak eta “ondare” hitza uztartuz. Bisitaz izan berri gitzaio, oihanean barnako oinezko igoera xorien kantuek alaiturik. Eraikin oso pollita da. Hemendik aitzina animazio frango aterbetu beharrak omen ditu. Balioko du.

Elorrimendiko gainetatik bista zabala da inguruz inguru, hurbileko mendiak ageri. Alde batera, Urtsumendi. Hunen gainekaldeko zerua lasai lasaia aurkitu dugu, hodei beltzik gabe, mementoko bederen. Bestaldera, Mundarrain. Hemen aldiz zerua frango gorrail. Pentsa! Pekaldeko herrian, Itsasun, herriko bozen bigarren itzuliaren karietara, giroa nahiko beroa zen. Eta bat-batean entzun ditugu oihuak eta t...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Jacques Laffitte, 11 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016