Herriz Herri - Bidarrai (NB) | 2020eko Uztailaren 02a

Bidarrai

Bidarrai

Heriotze

Caroline Espil, sortzez Barnetche, Gaztettonekoa, zendu zaigu 62 urtetan. Erretretan sartu orduko minbizia diagnostikatua izan zitzaion. Bi urte huntan gogo handiz borrokatu da eritasunari gaina hartzeko, kuraia handiarekin. Bainan ororen buru amore eman behar izan du. Azken hiru egunak Kanboko Anienian pasatu ditu eta han du azken hatsa eman. Eritasun garai hortan, doi bat soleitzekoa ukan du hain maite zuen Jeanne alabatxoarekin, gaur kasik bi urte. Bisitak egin ahal izan dizkiogu Kanboko hiletxean. Astearte goiz huntan, Miarritzeko erraustegian iragan da zeremonia, familiak eta adiskideek eginik azken agurrak. Miñika espos lagunak, Andoni semeak, hunen bizilagun Hélène eta Jeanne ttipiak, Jeanine amak, Jean-Marie eta Frantxua anaiek eta hauen familiek, duela hamar bat urte galdua zuen Panpi anaiaren familiak bai eta ahaidego guziak har ditzatela gure atxikimenduzko agurrak. Xabadinaeneko Mayi Cedarry ere zendu zaigu. 82 urte zituen. Aritzakungoa en sortzez, Bur- Bidarrai kaitzenbordakoa, Larralde familiakoa. Xabadinaenerat ezkondurik 23 urtetan, hiru seme-alaben ama zen, Jeanine, Dominique eta Pantxo. Laborantzan arizan da lanean senarraren laguntzen bai eta 22 urtez Kanboko zahar-etxe batean. Minbiziak jo zuen 50 urtetan bainan garaitu zuen. Erretreta harturik, untsa goxatu ahal izan da 7 haur ttipi eta 4 arra-haur ttipirekin. Duela 10 urte galdu zuen maluruski Jean-Pierre senarra. Joan den urrian berriz eriturik, azken egunak Izpurako klinikan iragan ditu eta han da pausatu. Astelehen arratsaldean iragan dira ehorzketak. Familia guziari bihotzez gure doluminik bizienak.

Besta komitearen eguna, herritarrentzat

Herriko bestak ezeztatuak izanik koronabirusaren izurriteagatik, besta komiteak halere egun bat atxiki nahi izan du. Egun hori uztailaren 12a izanen da, igandea. Haatik herritarrentzat bakarrik izanen da. Igande hortan, eguerditan, lehenik Herriko Etxeak eskainiko du aperitifa. Ondotik zikiro bazkaria, Kriolinak taldeak alaiturik: 18€ helduek, 12€ hamabi urtezpekoek, izenak haatik uztailaren 2ko berantenaz emanik besta komiteari, ostegun huntako beraz, bazkariaren antolamendua errexteko. Arratsean talo jatea eta Mutxikoak, ondotik DJ Yoyo Night.

“Pompidou” filma

Joan den astetik, jende multzo bat gure herrian da, film baten egitera jina. Aire Zabal aterpetxean eta Barberaenean dira. Filma, laburmetrai bat izanen da (court-métrage), “Pompidou” izenekoa (ekoizlea: Jonas Films). Joan den larunbatean hasi dira lanean. Hastapen hortan, haatik, aktore batzuk eskas zituzten: emazte bat, kazetari baten pertsonaia jokatzeko, eta hiru gizon, bat bandil talde baten burua, bertzea jendarma gotor bat eta hirugarrena bahitua egonen den bat. Pentsatzen dut aurkitu dituztela. Zinegilea eta haren ekipa osoa egun hauetan lekutu beharrak dira gure herritik, beren hemengo lana bururaturik. Geroxago ikusiko dugu nolako filma egina izan den!

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3551. zbk

Gure Hitza | 2020/07/02

Elorrimenditik

Peio Jorajuria

Gutiz gehienek “La colline de la Bergerie” deitzen dute. Alta, Kanboko muno horrek badu jatorrizko euskal izena: Elorrimendi. Departamenduak berrikitan diruztatua du, kaskoan, eraikin bat, Iñaki Noblia kanboar arkitekto gazteak marraztua. Euskal Herriko zurez eraikia da osoki eta zuhaitz hosto baten forma du. Deitu dute Elondare, Elorrimendiren lehen bi hizkiak eta “ondare” hitza uztartuz. Bisitaz izan berri gitzaio, oihanean barnako oinezko igoera xorien kantuek alaiturik. Eraikin oso pollita da. Hemendik aitzina animazio frango aterbetu beharrak omen ditu. Balioko du.

Elorrimendiko gainetatik bista zabala da inguruz inguru, hurbileko mendiak ageri. Alde batera, Urtsumendi. Hunen gainekaldeko zerua lasai lasaia aurkitu dugu, hodei beltzik gabe, mementoko bederen. Bestaldera, Mundarrain. Hemen aldiz zerua frango gorrail. Pentsa! Pekaldeko herrian, Itsasun, herriko bozen bigarren itzuliaren karietara, giroa nahiko beroa zen. Eta bat-batean entzun ditugu oihuak eta t...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Jacques Laffitte, 11 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016