Herriz Herri - Donapaleu (NB) | 2020eko Uztailaren 02a
Amikuze
Amenduzen, Trentomasen zerrendak aulki guziak lortu ditu
Amikuzeko 27 herrietarik 26tan, kontseiluak martxoko lehen itzulian berean hautatuak izan baziren, bigarren itzuli baten beharra bazen Amenduze-Unason. Hemen, lehen itzulian Jean- Marc Trentomasen zerrendak 7 aulki aurkitu zituen eta ordu arte auzapez zen Arnaud Mandagarran- enak 0. Joan den igandean, Trentomasen zerrendako beste lau hautatuak izan dira: Mailharrin (182), Posson (167), Doyhenart (165) eta Bourges-Handy (163). Trentomasen zerrenda osoki hautatua izan da.
Amikuzeko eta Oztibarreko Gau Eskola egoitza berrian!
Joan den ostiralean, ekainaren 26an, Amikuzeko eta Oztibarreko Gau Eskolako erakasle eta kide zonbait bilduak ziren eskukaldi baten emaiteko elkarteko bulegoak lekuz aldatzen duelako. Orain arte, Donapaleuko Auzitegi karrikan kokatua den etxe batean ziren bulegoak bainan lekua sobera hertsia izanez, behartuak izan dira egoitza berri baten atzemaitera. Hemendik aitzina, Gau Eskola, Gambetta karrikan izanen da leku berritu batean. Hor aurki ditaizke gela handi bat harrera segurtatzeko eta horri loturik, bulego bat eta hiru gela zabal kurtsoendako. Heldu den irailetik goiti, baldintza onetan bermatuak izanen dira 8 erakasle eta 70 ikasleren aktibitateak. Alokatze saria, AEKak ordainduko du eta Amikuzeko eta Oztibarreko Herriko Etxeak hurbilduak izanen dira beren laguntzak ekartzeko. Estreina ofiziala irailean eginen da.
Amikuzeko liburutegiak ateak berriz zalbaltzen!
Duela hiru hilabete'eterdi, Amikuzeko mediatekak ateak zerratu zituen beste lekuetan bezala koronabirusaren gatik. Geroztik, “live” moduan saiatu ziren zerbitzu minimo baten ekartzea irakurleeri. Ekainaren 24az geroztik, ateak berriz ideki ditu bainan baldintza zorrotzetan. Denen segurtasuna bermatzeko eta osagarri-gomendioen betetzeko, lekuak erregularki garbituak dira eta gauzak manipulatu aitzin eskuak ikuzi beharko dira. Bestalde, itzulitako liburuak 10 egunez baztertuak izanen dira. Beraz dokumentuak lekuan berean hautatzen ahal dira, azkenean! Haatik, jende kopurua 10 pertsonetan mugatua da eta lekuan berean jokorik edo kontsultatzerik ez da egiten ahal ez eta ere ordenagailurik erabili. Segurtasun-distantziak errespetatu beharko dira eta maska baitezpadakoa izanen da 11 urtetik goiti. Komunak ez dira erabiltzen ahalko. Mediatekako tenoreak aldatuak izan dira: asteazkenetan (09:30- 12:00 eta 14:00-18:30), ostiraletan (14:00-18:30) eta larunbatetan (09:30-12:30). Xehetasun gehiago ukaiteko, deitu 05 59 65 28 72.
Odol emaitea Donapaleun!
Beren odola eman nahi dutenek, hori egin dezakete Donapaleun heldu den astelehenean uztailaren 6an (8.00-12.00) eta asteartean, uztailaren 7an (15.00- 19.00), Hitz Argi gelan (3 rue St Pelage). Izena aitzinetik eman behar da Resadon.fr sarean.
Orotarik
Baxe Nafarroako erakustokiak bere ateak zabalduko ditu uztailaren 2tik goiti ostegun arratsaldetan (14.30- 19.00), ostiral goizetan (10.00 -12.30) eta igande arratsaldetan (14.30- 18.00). Uda huntan mintzaldi batzu antolatzuak izanen dira. Programa ondoko astetan emanen dugu. Aitzineko urtetan bezala, euskal dantzen emaiteko parada emana da Donapaleuko merkatu plazan, ostegunetan (21:00). Dantza maite duten guziak ongi etorriak dira. Xehetasun gehiagorentzat deitu Kattalin Christy 06.31.28.39.12 ra. “Chemins Bideak” elkarteak bere aktibitateak berriz abiatzen ditu uztailaren 2tik goiti. Gauza berria: sartzea urririk izanen da denendako. Uda huntako erakusketak ondoko aldi batez presentatuko ditugu.