Herriz Herri - Izturitze (NB) | 2020eko Uztailaren 02a

Iztruritze

Iztruritze

Heriotze

Pier ETCHART Xurtxurietakoa joan zauku, hemen anitzek Xurtxuri deitzen zutena. Zenbait urte hauetan kuraia handirekin jasaiten zuen gaitz larriak du denbora laburrez eraman, 68 urtetan.

Ez da geldirik egon bere bizian. Angeluko DASSAULT enpresako langilea erretreta hartu arte, Herriko hautetsi izan da 30 urtez, auzapezorde 24ez. Bestalde elkarte anitzetan parte hartu du bere denboran, hastapena izan zelarik desagertzekotan zen “Izturitzeko gazteria” klikaren berriz abiaraztea, berak anitz oren emanez eta geroxago “Irrintzina” musika talde berriaren buru egon baitzen zenbait urtez.

Ondotik jin zen “Erberua”, Izturitzeko lehen kirol elkartea, pilota zuen lehen helburua. Gero sortu zen “Abarratia” pilota batasuna auzo herriekin, Jean-Michel Barbier Aiherrako berriketari lagunak joan den astean aipatua. Eta nola ez aipa “Artetxea” kultur elkartea eta huntan barne den “Artetxea kantuz” handizki lagundu dituenak.

Sustatzaile, akulatzaile, beharrez arduradun, bainan oroz gainetik zerbitzari, edozein eskukaldiren emaiteko beti prest, hola izan da Pier denetan.

Kirolaria ere zen, xirrindulari trebea, gaztedanik abiaturik, Hazparne aldeko “Itzul eta zapa” xirrindulari elkarteko kidea. Pilota ere maite zuen, bera ere arizana baitzen esku huska. Euskara eta Euskal Herriaz bazuen axola handia. Laborantza iraunkor eta sanoago baten aldekoa zen, Euskal Herriko Laborantza Ganberaren sustengatzailetarik, Lurrama feriako langile jarraikietarik.

Jendekina zen, alegera, artetan goxoki besta egitea gogoko zuen, dantza eta euskal kantua bereziki maite zituen, bazuen ezagun eta adiskide nun nahi.

Ehorzketa jendetsu eta gogotik kantatuak ekainaren 23an iragan dira herriko elizan. Egiten ahal diogun omenaldi ederrena, utzi daukun adibideari segitzea.

Doluminak gogorki hunkiak diren Teexa bizilagunari, Filipe et Xexil seme-alaberi, hauen bizilaguneri eta aitatxi hain maite zuten haur ttipieri.

Familiari ekarri dukana ere ez duk ahantzia izanen. Hizan lekutik lagunduko gaituzkalako esperantzan, ikus arte anaia

Iloba batek kantatu koblak:

Brassens-en doinuan, otto zuretako

Bihotzez bi kobla, maite duzulako,

Usu galdatzen zinauztan

Guretako zinen, alaitasun xerto,

Orai lan hoi guhaurk, dugu in beharko,

Zu gogoan, ta zu lauzkan.

Musika pilota, dantza bizikleta,

Etxe goxoa, plazetako besta,

Gehi‘o egiten da nekez

Zoria ari da, beti eman eta ken,

Bizia luze’o, ukan zinezaken,

Bainan beteagoa ez.

Begiak hets eta, hor ikusten zitut,

Soa hain jostakin, eta mustatxa xut

Irrino bat haren petik.

Kantuak gogotik, eman ditzagula

Kantuak plazerrez, entzun ditzazula,

Minik ez den, ez lekutik

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3551. zbk

Gure Hitza | 2020/07/02

Elorrimenditik

Peio Jorajuria

Gutiz gehienek “La colline de la Bergerie” deitzen dute. Alta, Kanboko muno horrek badu jatorrizko euskal izena: Elorrimendi. Departamenduak berrikitan diruztatua du, kaskoan, eraikin bat, Iñaki Noblia kanboar arkitekto gazteak marraztua. Euskal Herriko zurez eraikia da osoki eta zuhaitz hosto baten forma du. Deitu dute Elondare, Elorrimendiren lehen bi hizkiak eta “ondare” hitza uztartuz. Bisitaz izan berri gitzaio, oihanean barnako oinezko igoera xorien kantuek alaiturik. Eraikin oso pollita da. Hemendik aitzina animazio frango aterbetu beharrak omen ditu. Balioko du.

Elorrimendiko gainetatik bista zabala da inguruz inguru, hurbileko mendiak ageri. Alde batera, Urtsumendi. Hunen gainekaldeko zerua lasai lasaia aurkitu dugu, hodei beltzik gabe, mementoko bederen. Bestaldera, Mundarrain. Hemen aldiz zerua frango gorrail. Pentsa! Pekaldeko herrian, Itsasun, herriko bozen bigarren itzuliaren karietara, giroa nahiko beroa zen. Eta bat-batean entzun ditugu oihuak eta t...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Jacques Laffitte, 11 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016