Ba ote dakixu? | 2020eko Uztailaren 02a

Ba ote dakixu?

Gilen Bacho

Ba%20ote%20dakixu?

Orreagako bataila

Nork ez du ezagutzen Errolanen kantua, frantsesez La Chanson de Roland? Baina nork ezagutzen du egiazko historia? 778an, Karlomagno (latinez: Carolus Magnus, frantsesez: Charlemagne) ez zen oraino enperadore baina jadanik Europako errege indartsuena. Aitzineko urtean, Paderborn biltzarrean, Sulayman-ek, Bartzelonako Waliaren mandatariak frankoen erregeari “Zaragoza hiria eta beste hiri batzuk ere entregatuko” zizkiola hitzeman zion. Sulayman Kordobako emirraren kontra jazarri zen. Orduan, aliatu indartsuak xerkatzen zituen. Frankoen erregeak Akitaniaren muga segurtatzeko Bartzelonako Waliaren proposamena onartu zuen. Ez zen batere erlisione arrazoi batentzat. Kontrara, Aita Sainduak frankoen erregeari Italian operatzea galdegin zion baina ez zen entzuna izanen. Nafarroara heldu eta, Anselmek (palazioaren konde bat zena) hautu hori ez zuen ulertu: “Erran dugu Kristoren alde gurutzada bat eginen ginuela lur musulman batetan. Gizonek huskeria hori sinesten dute”. Errolanek (frantsesez Roland), Karlomagnoren ilobak (konde eta Bretainiako prefektu zena), laburzki ihardetsi zion “Erregeak nahi du”. Baina Zaragozaren aitzinera heldu eta, Sulaymanen erranaren kontra, ateak ez ziren ideki. Hiria soldadu leialen eskuetan zen. Frankoen armadak hiria setiatu zuen baina Kordobako emirraren tropen etortzeaz beldur zen eta bere abiatzea negoziatu zuen. Ihesteko, Europako errege indartsuenak urre eta preso anitz Zaragozan utzi behar izan zituen. Sulayman preso egina zen ere. Itzultzeko bidean, Iruñeak frankoen errabia jasan zuen. Nafarroako hiriburua bortizkeria handi batekin suntsitu zuten. Hiri giristinoa izateak ez zuen salbatu.

Baskoien mendekua

Iruñea suntsitu eta, frankoek beren erresumako bidea hartzen zuten baina lehenik Pirinioko mendiak pasatu behar ziren. Ez zakiten oraino baskoiek beren mendekua prestatzen zutela. Karlomagnoren kontseilariek erran zuten zentzugabeko kanpaina hori fite behar zela utzi “fededun fededunek gaizki ulertutako ekintzen ondorioetarako hobeki prestatzeko”. Agorrilaren 15a zen. Erregea eta haren zaintzaleak jende lerroaren aitzinean ibiltzen ziren. Bi kilometro urrunago, Anselme eta Errolanek gibeleko tropa kudeatzen zuten. Bide laburrena hartu zuten. Akitaniara pasatu aitzin Bentarteko lepoa behar zen pasatu. Soldadu frankoen hilerria izanen zen. Frankoen armada mendiarte bide huntan gero eta gehiago luzatzen zen. Mendietako arrokarte bazterretan ibiltzen ziren. “Beilari edo gaiztagin bide bat da. Baina ez armada batentzat. Ez da hemen luzatu behar”. Anselmen abisua buruargia zen baina berantegi jin zen. Arratseko zazpietan lehen harria erori zen. Zaldun frankoek musulmanen eraso bat zela pentsatzen zuten. Baina, musulmanen armak eta guduka taktitak ez zituzten ezagutzen. “Baskoiak!” oihu egiten zuen soldadu franko batek. Mendi arrokatsu gainean, helmenetik goregi, baskoiek, baserritarrak iduri zutenak, harri mokorrak botatzen zituzten armada frankoari buruz, pean zena, defentsarik gabe. Zaldun batzuk beren zaldien pean ezartzen ziren beren burua babesteko. Bainan, beren destinoa idatzia zen. Hilak izanen ziren beren zaldien ondotik. Beste zaldi batzuk, bizi zirenak, ihesten ziren, batzutan zaldunak zangopilatuz. Gizon batzuk itorik hiltzen ziren, beste batzuk erroitzera botatuak ziren. Iruñeako suntsitzea krudeltasun handi batekin egina izan zen, baskoiek erasoa ber maneraz eraman zuten. Giristinoen artean izanik ere, urrikalmenik ez! Errolanek bere adarra jo zuen aitzineko tropen laguntza eskatzeko baina berantegi zen. Hilko zuten, Anselme eta 10.000 soldadu franko bezala. Baskoiak jin bezain fite joan ziren. Karlomagno hondamendiari beha egon zen ezer ahal egin gabe. Hiru mende berantago (11. mende bukaeran), Errolanen kantuak armada frankoaren hondamendia kasik garaipen bat bezala erakutsi zuen. Eta ez zen gehiago baskoien kontra baina musulmanen kontra. Gurutzada prestatzen zen eta erakutsi behar zen Karlomagnoren armada musulmanen kontra gudukatu zela eta ez giristino batzuen kontra!

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3551. zbk

Gure Hitza | 2020/07/02

Elorrimenditik

Peio Jorajuria

Gutiz gehienek “La colline de la Bergerie” deitzen dute. Alta, Kanboko muno horrek badu jatorrizko euskal izena: Elorrimendi. Departamenduak berrikitan diruztatua du, kaskoan, eraikin bat, Iñaki Noblia kanboar arkitekto gazteak marraztua. Euskal Herriko zurez eraikia da osoki eta zuhaitz hosto baten forma du. Deitu dute Elondare, Elorrimendiren lehen bi hizkiak eta “ondare” hitza uztartuz. Bisitaz izan berri gitzaio, oihanean barnako oinezko igoera xorien kantuek alaiturik. Eraikin oso pollita da. Hemendik aitzina animazio frango aterbetu beharrak omen ditu. Balioko du.

Elorrimendiko gainetatik bista zabala da inguruz inguru, hurbileko mendiak ageri. Alde batera, Urtsumendi. Hunen gainekaldeko zerua lasai lasaia aurkitu dugu, hodei beltzik gabe, mementoko bederen. Bestaldera, Mundarrain. Hemen aldiz zerua frango gorrail. Pentsa! Pekaldeko herrian, Itsasun, herriko bozen bigarren itzuliaren karietara, giroa nahiko beroa zen. Eta bat-batean entzun ditugu oihuak eta t...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Jacques Laffitte, 11 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016