Jainkoa bizia jendea | 2020eko Uztailaren 02a

Gero nola ?

Jean-Louis Davant

Hetsialdi luze horretan gogoeta frankoren egiteko denbora ukan dugu, eta sekula baino gehiago mundu zuzenago bat antolatu behar zela pentsatu dugu anitzek. Baina badakigu besteen aldaraztea zein neke den. Beraz ez ote genuke hobe geure burutik hastea? Horretarako aholku zuhurrik aurkitu dut “Autour du clocher / zeinützülian” Zuberoako parrokien arteko hilabetekarian, Bordele aldeko Alain Lejeune apezaren lumatik, eta hona laburki, nire zetabean irazirik, jorratzen dituen hamar puntuak, aldikal “Gero?” galdea errepikatuz.

Bat - Hetsialdian ikusirik tarteka lanaren uztea zinez on dela, deliberatzen dugu astean egun batez gelditzea, eta egun hori igandea deituko dugu. Ene oharra, zuena bezala naski, hauxe da: asteroko pausu eguna ez dela gauza berria, Mois bezain zaharra ordea, lehenbiziko lege soziala. Baina nola baliatzen dugu?

Bi – Ber egoitzan bizi garenek erabakitzen dugu astero hiru arratsez ordenagailu eta telebisten isilik uztea, elkarrekin mintzatzeko, jostatzeko, askazi, edo adiskideekin telefonoz hitzegiteko. Eta elkarte hori familia deituko dugu.

Hiru – Konstituzionean idatziko dugu mundu honetako ondasun beharrenak ez direla salgai, zuhaitzek handitzeko denbora behar dutela, ez garela naturaren jabeak. Eta ohartze hori zuhurtzia deituko dugu.

Lau – Egun oroz txalotuko ditugu, ez bakarrik erizain eta sendagile mota guziak, baina halaber zakar biltzaileak, postariak, okinak, autobus gidariak, eta abar luze bat, hautetsiak barne, ez baitute ofiziorik errexena gu bezalako herritar kurrinkariekin. Eta ikustatea deituko dugu.

Bost – Gure aldiaren haiduru egoiten ikasi dugu, bereziki medikuaren aitzinera heltzeko zerrendan, eta pazientzia deituko dugun bertute hori ez dezagun ahantzirik utzi.

Sei – Ahal genuelarik elkar lagundu dugu, eta ni bezalako xaharrak bereziki gure haur eta arrahaurrez lagunduak izan gara, bereziki erosketen egiteko unean, eta hori haurridegoa deituko dugu.

Zazpi – Ikusi dugu diruzaleen ezin aseak zertaratu duen bereziki ospitale publikoa, eta geroan hobeki zainduko dugu justizia deitzen ahal dugun hori.

Zortzi – Oroituko gara birus itsusi horrek ez duela mugarik ezagutzen, ez eta diferentziarik egiten ondasun, kolore, kultura, jakintza, erlijio desberdinetako jendeen artean. Txarrena elkarri pasatu dugun bezala, hoberena ere elkarri eman dezakegu. Eta elkartasun hori gizadia deitzen da.

Bederatzi – Maite genituen jende batzuk zendu zaizkigu, haientzat behar genuena egin gabe gelditu behar ukan dugu, pena bat are handiagoa gogo- bihotzetan. Baina horiekin genuen lotura ez da hautsia, herioaren gainetik beste bizitza bat baitago, muga horren gainetik denen arteko batasun bat, eta horren giltza Jainkoa deituko dugu.

Hamar – Eta gero zer? “Lehen hala, orain hola, gero ez jakin nola” zioen Belako mauletar zaldunak XVIII. mendean. Alde hortarik aitzinamendurik ez dut ikusten geroztik. Oraikotik gerokora heltzeko, Holtzarte ilun batetik ibili beharko dugu itsura. Bordele aldeko apezak ez du horren erraiteko hitzik. Nik esperantza proposa nezake. Hori gabe zertan ginateke beste tximino handiak baino gehiago?

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3551. zbk

Gure Hitza | 2020/07/02

Elorrimenditik

Peio Jorajuria

Gutiz gehienek “La colline de la Bergerie” deitzen dute. Alta, Kanboko muno horrek badu jatorrizko euskal izena: Elorrimendi. Departamenduak berrikitan diruztatua du, kaskoan, eraikin bat, Iñaki Noblia kanboar arkitekto gazteak marraztua. Euskal Herriko zurez eraikia da osoki eta zuhaitz hosto baten forma du. Deitu dute Elondare, Elorrimendiren lehen bi hizkiak eta “ondare” hitza uztartuz. Bisitaz izan berri gitzaio, oihanean barnako oinezko igoera xorien kantuek alaiturik. Eraikin oso pollita da. Hemendik aitzina animazio frango aterbetu beharrak omen ditu. Balioko du.

Elorrimendiko gainetatik bista zabala da inguruz inguru, hurbileko mendiak ageri. Alde batera, Urtsumendi. Hunen gainekaldeko zerua lasai lasaia aurkitu dugu, hodei beltzik gabe, mementoko bederen. Bestaldera, Mundarrain. Hemen aldiz zerua frango gorrail. Pentsa! Pekaldeko herrian, Itsasun, herriko bozen bigarren itzuliaren karietara, giroa nahiko beroa zen. Eta bat-batean entzun ditugu oihuak eta t...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Jacques Laffitte, 11 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016