Orotarik | 2020eko Uztailaren 02a

2020: Lurra beti arriskuan!

Maryse Cachenaut Lurzaindiko kide

Herritarrek bizileku baten atzemaiteko dituzten nekeziak entzuten ditugu eta iduritzen zauku podere publikoek eta kolektibitateek gai hau gehiago landu behar luketela, batez ere artifizializazio handia sistematikoki bideratuko ez duten aterabideak proposatuz; urte osoko etxebizitza hutsen kopuruak edo bigarren egoitzen kopuruak ardura parte bat badute egoera honetan… Euskal Herriaren erakargarritasuna, berriz, etxe eta lurraren prezioen gaineko espekulazioa eragiten du.

Fenomeno horiek laborantzarako lurren prezioan ondorioak badituzte ere bai, laborantzatik bizi ez diren lur-jabeek “dirua egin” nahi baitute lurra eraikigarria izan dadin bultzatuz, hautetsi batzuek lur eraikigarri galdearen prezioari amore emaiten baitute; etxe agentziek fenomeno hori entretenitzen baitute ere bai beren aktibitatearen garapenaren alde. Lurra zaintzeko lehentasunezko borondatea erakusten duten PLUak arraroak dira, egia da!

Epe ertainera jasangarria ez den gurpil zoro batean gaude, ardura balio agronomiko oneko laborantzako gune batzuk desagertzen baitira. Elikagai-lurra zaintzeaz axolatuak diren laborari eta herritarrak girelako, laborantza-lurraren artifizializazio galdua eta bereziki hiri-inguruko laborantzako- lurren "sakrifizioa" salatzen entseatzen gira (ditugun ahalekin).

Bizileku baten ukaitea, behar bezalakoa, eskubide bat da. Euskal Herrian bizi eta lan egin nahi dutenek bizileku egokia izan dezaten nahi dugu. Hala ere, gure erranak denen gustukoak ez izanik ere, gehitu nahi ginuke laborantza lurraren artifizializazioan oinarritzen den etxebizitza indibidualaren modeloa, bere lur sail indibidualarekin, ez dela eskubide bat eta metodo horren sistematizazioa ez dugula sustengatzen, lur anitz kontsumitzen baitu.

Arazo bati (etxebizitzari) erantzuteko laborantzako lurrak desagertarazten dituen jendartea, jendarte iraunkorra ote da, oinarrizko baliabide ez-berriztagarria betoiez estaltzen badu? Gure jendarteak ez ahal du bere lurraldearen antolamendua beste manera iraunkorrago batez pentsatzen ahal, tokiko elikadura eta etxebizitza beharreri erantzunez?

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3551. zbk

Gure Hitza | 2020/07/02

Elorrimenditik

Peio Jorajuria

Gutiz gehienek “La colline de la Bergerie” deitzen dute. Alta, Kanboko muno horrek badu jatorrizko euskal izena: Elorrimendi. Departamenduak berrikitan diruztatua du, kaskoan, eraikin bat, Iñaki Noblia kanboar arkitekto gazteak marraztua. Euskal Herriko zurez eraikia da osoki eta zuhaitz hosto baten forma du. Deitu dute Elondare, Elorrimendiren lehen bi hizkiak eta “ondare” hitza uztartuz. Bisitaz izan berri gitzaio, oihanean barnako oinezko igoera xorien kantuek alaiturik. Eraikin oso pollita da. Hemendik aitzina animazio frango aterbetu beharrak omen ditu. Balioko du.

Elorrimendiko gainetatik bista zabala da inguruz inguru, hurbileko mendiak ageri. Alde batera, Urtsumendi. Hunen gainekaldeko zerua lasai lasaia aurkitu dugu, hodei beltzik gabe, mementoko bederen. Bestaldera, Mundarrain. Hemen aldiz zerua frango gorrail. Pentsa! Pekaldeko herrian, Itsasun, herriko bozen bigarren itzuliaren karietara, giroa nahiko beroa zen. Eta bat-batean entzun ditugu oihuak eta t...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Jacques Laffitte, 11 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016