Orotarik | 2020eko Uztailaren 02a

2020: Lurra beti arriskuan!

Maryse Cachenaut Lurzaindiko kide

Herritarrek bizileku baten atzemaiteko dituzten nekeziak entzuten ditugu eta iduritzen zauku podere publikoek eta kolektibitateek gai hau gehiago landu behar luketela, batez ere artifizializazio handia sistematikoki bideratuko ez duten aterabideak proposatuz; urte osoko etxebizitza hutsen kopuruak edo bigarren egoitzen kopuruak ardura parte bat badute egoera honetan… Euskal Herriaren erakargarritasuna, berriz, etxe eta lurraren prezioen gaineko espekulazioa eragiten du.

Fenomeno horiek laborantzarako lurren prezioan ondorioak badituzte ere bai, laborantzatik bizi ez diren lur-jabeek “dirua egin” nahi baitute lurra eraikigarria izan dadin bultzatuz, hautetsi batzuek lur eraikigarri galdearen prezioari amore emaiten baitute; etxe agentziek fenomeno hori entretenitzen baitute ere bai beren aktibitatearen garapenaren alde. Lurra zaintzeko lehentasunezko borondatea erakusten duten PLUak arraroak dira, egia da!

Epe ertainera jasangarria ez den gurpil zoro batean gaude, ardura balio agronomiko oneko laborantzako gune batzuk desagertzen baitira. Elikagai-lurra zaintzeaz axolatuak diren laborari eta herritarrak girelako, laborantza-lurraren artifizializazio galdua eta bereziki hiri-inguruko laborantzako- lurren "sakrifizioa" salatzen entseatzen gira (ditugun ahalekin).

Bizileku baten ukaitea, behar bezalakoa, eskubide bat da. Euskal Herrian bizi eta lan egin nahi dutenek bizileku egokia izan dezaten nahi dugu. Hala ere, gure erranak denen gustukoak ez izanik ere, gehitu nahi ginuke laborantza lurraren artifizializazioan oinarritzen den etxebizitza indibidualaren modeloa, bere lur sail indibidualarekin, ez dela eskubide bat eta metodo horren sistematizazioa ez dugula sustengatzen, lur anitz kontsumitzen baitu.

Arazo bati (etxebizitzari) erantzuteko laborantzako lurrak desagertarazten dituen jendartea, jendarte iraunkorra ote da, oinarrizko baliabide ez-berriztagarria betoiez estaltzen badu? Gure jendarteak ez ahal du bere lurraldearen antolamendua beste manera iraunkorrago batez pentsatzen ahal, tokiko elikadura eta etxebizitza beharreri erantzunez?

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3551. zbk

Azalekoa | 2020/07/02

Bost emazte mestizok Belgikako estatua auzitaratzen

M.O.

Kongoko parte bat (Congo-Kinshasa), 1950 hamarkadan Belgikako kolonia bat zen. Léa, Monique, Noëlle, Simone eta Marie-Josée garai hartan sortu ziren, aita belgikarra eta ama kongoarra, mestizoak dira. Beren familiatik bortxaz hartuak izan ziren eta giristino instituzio batean ezarriak izan.

Ekainaren 24an Belgikako estatua auzitaratu dute “Gizateriaren aurkako krimena” leporatuz. Auzi horren bidez, nahi dute ezagutuak izan daitezen jasan edo pairatu duten egoera salatzeko. 1911 eta 1969 urte artean anitz mestizo haur hartuak izan ziren eta horietan zenbaitzuk abandonatuak. Haur horiek deklaratuak izan ziren “aita ezezaguna” bezala, beren amen eskutik bortxaz hartuak, “lotsaren umeak” kontsideratuak... anitz sufrikario jasan dituztela. Auzi hunek kolonizazioaren eztabaida berriz bultzaten du, Black Lives Matter (Beltzen biziek konda dute) mugimenduak eramaiten duen kanpainaren bete-betean kokatzen da. Mugimendu politiko hunen helburua delarik, beltzek jasaiten...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Jacques Laffitte, 11 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016