Gure Hitza | 2021eko Abenduaren 02a
Euskaraz mintza, euskara irakur, euskaraz idatz
Peio Jorajuria
Ostiral huntan ospatuko da euskararen nazioarteko eguna. 1949an, Eusko Ikaskuntzak zuen erabaki egun horren ospatzea, Xabierreko Frantziskoren besta egunean, hots abenduaren 3an, euskal hizkuntzaren unibertsaltasuna goratik jakinarazteko. Geroztik urte oroz errepikatzen da egun hori. Gainera, Eusko Jaurlaritzak eta Euskaltzaindiak 1995ean ofizialdu zuten egun hori, indar oraino handiagoa eman nahiz.
“Euskararen eguna hainbeste urtez ospatzen eta gure mintzaira xaharra beti erreka zolan!” Bai, hala da, emazteen egunaren pare, “emazteak martxoaren 8an goraipatuak baina urte guzian beti berdin gutietsiak”. Ez gaiten lotsa. Bakoitzak gure xokoan egin dezakegu euskararen aldeko urratsa, eta ttipia izanik ere, urrats guziak bat bertzeari juntatuz, euskara bizirik atxikiko dugu. Euskararen egunean bururatuko den “Euskararen urtaroak” oldar berezia eman dio gure hizkuntzari azken bi aste hauetan, ehunez goiti ekintza antolatuz. Oldar horrek iraun beza geroan ere. Hori haatik guri dagokio, egunerokoan, denetan eta orori euskaraz lotsa gabe mintzatuz, euskaraz irakurriz eta ahal dutenek idatziz ere. Ez da beste biderik.
Euskararen egunean idekiko da ere Durangoko azoka, Eusko Jaurlaritzak ezarritako osasun-neurrietara egokiturik. Sei egunez, euskarazko liburuak, diskak eta bideoak trumilka, kontzertuak hamarnaka. Gozatzekoa! Badakit, haatik, beren burua euskaltzale daukaten frangok ez dutela euskaraz irakurtzen, edo hain guti. Zoritxarrez. “Euskararen beharra aldarrikatu eta erdaraz mintza edo(ta) irakur”, bada holakorik. Ez dut erran nahi euskaraz baizik ez dela irakurri behar. Nihaurek maite ditut erdarazko liburuak, adibidez Arnaldur Idridason islandiarraren, Yasmina Khadra aljeriarraren, Tracy Chevalier britainiarraren edo Yuval Noah Harari israeldarrarenak, azkenetarik irakurriak ditudanetan. Baina euskarazkoeri ere toki handia egiten diet, nahiz ongi badakidan badirela euskarazkoetan ere gaizki troxatuak. Badira ere, askoz gehiago, gozagarriak.
Irakur, beraz, euskarazko liburu eta aldizkariak. Hain zuzen, hemen gaindi agertu berriak diren liburuetan, biga bereziki aipa ditzadan. Gaby Ethebarneren “Aldudetik mundura” (Maiatz), bere bizi aberatsaz, eta Colette Larrabururen “Francoren mende kantatzen genuenean” (Elkar), euskal kantagintzaz. Egiazko altxorrak! Eta euskaraz irakurtzetik euskaraz idazterainoko urratsa egiten badugu, oraino hobeki!