Herriz Herri - Ziburu (L) | 2021eko Abenduaren 02a
Ifernua hor berean
Norbaitek badaki nun den ifernua? Edo infernua gero eta gehiago erraiten den bezala? Joan den egunean jakin da ziburutar multxo bat badela ifernuan ibilia! Eta hori Euskal-Telebistari esker! Sinesten ahal dea holako gauza bat? Jendea mila dudamudetan zegoela-eta horra nun lekukotasun zonbait agertu diren kasik bat-batean, baietz eta baietz, ifernu bat badela hor berean, Ziburutik batere ateratu gabe ere. Euskal Telebistak Ziburun muntatu du alabainan, eta ziburutar talde batekin, "Herri ttipi, Infernu handi " bere emankizuna, beti arrakasta gaitza ukaiten duena. Lehen aurkezpena egina izan da joan den astean Errepira aldeko bilgunean eta jende frango bildu da karia hortarat. Ziburun gaindi, itzuli arraro bat egin da, ifernuz-ifernu nolazpait! Bazen eta izanen da segur geroxago ere zer ikus eta zer entzun! Nolako sagarno arraroa egiten den herriko pilota-plazan, arrantzale barku bati zergatik kanbiatu zioten izena, zonbat lasterraldi egin ditakeen herri zaharreko eskaleretan goiti eta beheiti, zergatik ziburutar batek kondatzen duen bizia zor diola Franco jeneralari. Emankizuna ari dute orain orraztatzen eta abenduaren 22an zabalduko da.