Ba ote dakixu? | 2021eko Abenduaren 02a

Fourmies-ko tiroketa (2/2)

Gilen Bacho

Fourmies-ko%20tiroketa%20(2/2)

1891ko maiatzaren 1ean, 11k eta erditan, grebalariak Fourmies-ko Herriko Etxean errezebituak izan ziren heien eskabideak emateko. Arratsaldeko 2ak laurden guti arte errezebituak izan ziren (suprefeta hor zen ere). Izpirituak lasaitzeko, auzapezak goizean arrastatuak izan ziren grebalariak arratsaldeko 5etan libratuko zirela jakinarazi zuen. Ber denboran, grebalari zonbait Wignehies-ko lantegiraino joan ziren eta beste batzuk hiriko ostatuetan jan zuten. Arratsalde hastapenean, grebalari zonbait berriz Herriko Etxearen aitzinean bildu ziren. Baina, jendarmeek manifestariak kargatu eta barreiatu zituzten. Beste grebalari zonbait arrastatuak izan ziren. Antzerkiko espektakulua ezeztatua izan zen eta pesta ere.

Masakrea

Arratsaldeko 3ak eta erditan, 145.eko infanteriako erregimentua heldu zen Fourmies-ko geltokira. Biztanleek ez zituzten gaizki errezebitu, gehienak lekuko konskripzioko soldaduak baitziren. Herriko Etxeko bidea hartu zuten. Manifestariek “Armada gurekin!” oihu egiten zuten. Jendarmeekin harremanak zinez tirabiratsuagoak ziren eta, ber mementoan, herriko plazan, tentsioak gero eta azkarragoak ziren. Laidoak entzuten ziren eta lehen harriak bota ziren. Azkenean, armadak manifestariak barreiatu zituen. Baina, 6ak eta laurdenetan, 200 bat manifestari herriko plazara, elizaren aitzinean, berriz itzuli ziren. 30 bat soldadu hor ziren, Lebel fusil berriarekin ekipatuak zirenak. Maluruski, fusil horren efikazia frogatua izanen zen. Tentsioak berriz azkartu ziren. Manifestariek harriak botatzen zituzten eta pusatzen zuten, soldaduen hesia bortxatzeko. Libratzeko, François Chapus komandanteak bere soldadueri airean tiratzea manatu zuen. Baina, manifestanteek ez zuten gibelera egin. Orduan, Chapus komandanteak “Baioneta! Aitzina!” oihu egin zuen. Jestu hori egiteko, soldaduek urrats bat gibelera egin behar zuten. Horregatik, manifestariek soldaduak gibelera egiten zutela pentsatu zuten eta Kleber Giloteaux, banderariak, “Biba greba! Biba armada!” oihukatu zuen. Bere azken hitzak izanen ziren. Armada ez zen batere gibelka ari. Alderantziz, Chapus komandanteak manu kaltegarria eman zuen: “Tiro! Tiro! Tiro lasterra! Banderaria miran hartu!”


“Tatxa inozente bat”

Komandanteak manatu bezala, soldaduek tiratu zuten. Odola herriko plazan hedatu zen. Bilan izugarria izan zen. Minutu bat baino gutiagoz, 9 manifestari hilak izan ziren (eta 35 kolpatuak). 9 biktimetan, 4 emazte baziren eta bi haur (gazteenak 11 urte zituen). Banderaria, Kleber Giloteaux, 19 urte, hila izan zen ere. Maria Blondeau, 18 urtekoa, biktimen aurpegia bilakatu zen eta langile mugimenduaren martiria. Hiru egunen buruan, 40.000 jende bildu ziren ehorzketentzat. Emozioa zinez handia izan zen. Gertakari dramatikoak prentsaren lehen orrialdeak okupatu zituen eta parlamentuan ere hiru egunez eztabaiden erdian izan zen. Sozialistek armadaren ekintza azkarki kritikatu zuten. Clémenceauk ere diskurtso indartsu bat egin zuen biktimen alde: “Emazte eta haur hauen odolak hain luzarako gorritu duen harri galtzada (…) Bada nonbait, Fourmies-ko harri galtzadan, tatxa inozente bat baitezpada garbitu behar dena”. Amnistia eskatu zuen, bakarrik grebalariak kondenatuak izanen zirela eta ez soldaduak bazekielako. Diputatuek amnistia errefusatu zuten eta, auzi baten ondotik, 9 grebalari kondenatuak izan ziren lanerako askatasunaren trabagatik, agente baten aurkako laido eta bortizkeriagatik eta erreboltagatik. Tiroak errezebitu zituztenak kondenatuak izan ziren eta tiro egin zutenak ez!


Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3619. zbk

Gure Hitza | 2021/12/02

Euskaraz mintza, euskara irakur, euskaraz idatz

Peio Jorajuria

Ostiral huntan ospatuko da euskararen nazioarteko eguna. 1949an, Eusko Ikaskuntzak zuen erabaki egun horren ospatzea, Xabierreko Frantziskoren besta egunean, hots abenduaren 3an, euskal hizkuntzaren unibertsaltasuna goratik jakinarazteko. Geroztik urte oroz errepikatzen da egun hori. Gainera, Eusko Jaurlaritzak eta Euskaltzaindiak 1995ean ofizialdu zuten egun hori, indar oraino handiagoa eman nahiz.

“Euskararen eguna hainbeste urtez ospatzen eta gure mintzaira xaharra beti erreka zolan!” Bai, hala da, emazteen egunaren pare, “emazteak martxoaren 8an goraipatuak baina urte guzian beti berdin gutietsiak”. Ez gaiten lotsa. Bakoitzak gure xokoan egin dezakegu euskararen aldeko urratsa, eta ttipia izanik ere, urrats guziak bat bertzeari juntatuz, euskara bizirik atxikiko dugu. Euskararen egunean bururatuko den “Euskararen urtaroak” oldar berezia em...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Jacques Laffitte, 11 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016