Egun eta bihar | 2021eko Abenduaren 02a

Egun ta bihar

Janbattitt Dirassar

Egun%20ta%20bihar

Tinkaldi ttipi bat

Joan den astean, sail huntan berean idazten ginuen izurritea berriz azkartzen ari zela. Geroztik, eskualde hortarik ez da berri hoberik. Egun berean, hogoita-hamar mila kasu berri agertu dira, ez baitzen hori aspaldian gertatua! Azen ontzeko jakin da ere gaitz horren birusa aldatu dela Hego-Afrikan eta gisa hortan aldatu birus hori, itxuren arabera segurik, biziki kutsakorra dela. Gutaraino jinen denez badira arrangurak. Jadanik ba zonbait kasu Belgikan eta hor gaindi. Holakorik gabe ere egia erran, griña pisuak badaude. Horra zergatik gobernuak erabaki duen neurrien tinkaldiño bat. Ez baitezpada hain bortitza bainan argi erakusten duena erne behar dugula ibili. Joan den astekotzat aipu zena martxan ezarriko da beraz urtarrilaren 15etik aitzina, hirugarren xixtaldia ukana ez dutenek ez dute baliatzen ahalko "pass" delakoa, alta gero eta toki gehiagotan beharrezkoa izanen dena. Horrek erran nahi du arte hortan anitz eta anitz jendek beharko dutela hartu hirugarren xixtakoa. Gisa hortako deia zabaldua da nasaiki eta artategietan bada zernahi apailugero eta jende gehiagoren xertatzeko lehenbailehen.

Beste neurri horiek

Olivier Veran osasun-ministroa arizan da beraz deika 18 urtez goitiko guziek behar luketela untsa xertatuak izan sobera luzatu gabe bainan azpimarratuz ere hori bera ez dela aski izaiten ahal, beste neurri zonbaitetaz ere behar dela axola handia. Maska ezarri – eta atxiki –jende pean girelarik, eskuak usu eta untsa garbitu, gutienez egunean bospasei aldiz, eta bereziki lekuz kanbiatzen girelarik. Ondoko egunetan, kasu egile gehiago izanen da nunahi ikusteko jendea nola dabilan, nork nun duen maska aurpegian eta dutenek untsa ezarria duten ala ez. Hau ere galdetua zauku, barne bihi bat ez alde bat zerratua atxikitzea, denetara aire poxi bat sar dadien.

Gisa guziz ez bide da haratik ez hunatik, jendea sobera lazo ibiliz neurri bortitzagoak beharko dira oraino jasan.

Laugarren bat?

Horiek hola, gero eta usuago aditzen da ere hirugarren xixtaldi hori ez dela beharbada askiko xertoaren efektua azkarki ttipitzen dela hunenbeste denboraren buruan eta laugarren xixtakoa ere beharko dela orobat. Ez gira hortan bainan ez ote gira holako zerbaiti buruz ari? Ez ote da izurrite horrekin gertatuko griparekin ikusten dena, urte guziz xertatua izan beharko?

Nor behar da sinetsi?

Bulta huntan ez ginuen hainbeste aditzen ez eta hainbeste ikusten. Orain badu berriz zernahi aipaldi. Mintzo gira Nicolas Hulot ministro ohiaz. Fama handiko gizona. Urte askoz izana, sondeoen arabera, frantses anitzek, gehienek naski, gustukoena zutena. Ingurumenaren aldeko zernahi urrats sustatzen zituela beti kar berarekin. Horra nun Pariseko berriketari batzuk, ikerketa luze baten ondotik, salatu duten ez omen dela beti hain xintxoa izana. Emazte zonbaitekin bereziki. Batto ba bortxatua izana, besteekin dena jestu tzar eta hunkitze lizun arizana. Duela hiru urte jadanik gisa bereko zurrumurruak hedatu ziren bainan frango laster isildu ere haatik. Orain berriz haste beraz.

Berak dio, eta goraki, denak gezurrak direla, norbaitek nahi duela itsuski zikindu mendekio hutsez.

Bainan sei emazte beti hitz beretan heiek ere, baietz eta baietz ministro ohiak untsa gauza itsusiak egin dituela. Holako kasu minbera batean, nor behar da sinetsi? Nor sinesten ahal da?

Ministro ohiak, zerbait lan tzar egin badu, nolaz duke aski kopeta denen ukatzeko? Harrigarria da hori. Bainan emazte horien solasek ere, agertu diren moldean, ez dutea haatik iduri arras fidagarriak? Bada hameka gogoetaren egitekoa. Noizbait jakinen ote da egia?

Dena den ikerketa manatua izan da. Salbu hara, bada beste gauza bat ez dena ahantzi behar: salatu gertakari horiek ez dira atzokoak ez eta herenegunekoak. Zonbait duela hogoi bat urtekoak, beste zonbait lehenagokoak! Berantegi naski auzitegi batek bere gain hartzeko.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3619. zbk

Azalekoa | 2021/12/02

Axuria kooperatiba: laborarien eskutik kudeatu enpresa

M.O

Axuri sasoia hasia dela, Zuberora buruz joan gira, Axuria kooperatibako Peio Quihillalt presidentearekin hitz egin dugu. Ongi azaldu dauku axuria, bai eta behi/aratxe merkatuaren ibilmoldea zein nolakoa den

Axuria kooperatibaren abiatzea

Duela 40 bat urte axuriaren inguruan sindikatu bezala sortu zen. Tratularien merkatutik haratago joaiteko, hazleek hiltegien merkatua berek hobeki kudeatzeko. 1984an, 4 urte berantago, zuberotar laborariek pentsatu zuten tokian berean merkatua kudeatu behar zutela eta Axuria kooperatiba sortu zuten. Orduetan Mauleko hiltegiarekin Axuriak tratua egin zuen, laborarientzat mozteko sala erabilgarria izan zedin. Hasi ziren merkatu berrien begiratzen, jatetxe eta sukaldari batzuekin. Peio Quihillalt-ek azaltzen zaukun, Parisera buruz lanera joan ostaler batzuekin harremanetan jarri zirela, hemengo axuria kozinatzeko gisan. Horretarik abiaturik, harakin eta saltegi handietan ere merkatua idekia izan zen.

Orain lantegian berean haragia moztua eta transformatua da, fabrikatzeko arau zorrotzak dira, kontrol anitzekin.


Merkatua garatuz joan

Axuria kooperatibak ekoizten duen haragia goi mailakoa ...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Jacques Laffitte, 11 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016