Jainkoa bizia jendea | 2021eko Abenduaren 02a
Mendia buruz behera?
Johanes Bordazahar
Pandemiaz geroztik hiritarrek trumilka jo dute mendira. Horietan, lasterkari parrasta bat. Raider, trecker, (ultra-)trailer, rider, biker eta dena delakoek diote mendia soilik espazio huts bat dela (dixit Iker Karrera/Jone Urkizu). Leku anonimoa, basa, librea. Mendiak berez ez daukala nortasun apartekorik. Daukan balorazioa, guk, euskaldunek, emana diogula. Artzaintzari, ihiziari, kontrabandari, bizi basatiari, mendigoizaletasunari, ematen diegun prezioa idealizatu dugula diote. Balore erromantikoak, zaharkituak omen dira gaurko belaunaldi gazteentzat. Garaian garaiko kulturarekin behar omen dugu bizi. Lehen hobeki zela? Hori da zaharrek errepikatzen duten leloa! Ez! Gure mendiarekilakoa ez da lehengoa, da betiko-betirakoa. Aisialdiko zibilizazioaren eta mendi kiroltasunaren garaian gaude, jendeek atsedenaldi gehiago dugulako, osagarriari arta gehiago ematen diogulako eta nola ez, mendia eskura dugulako.
Baina euskal mendia zerbait baldin bada ez da anonimoa. Aspalditik izendatua, aurre-historian harrespilez eta triku-harriz zedarritua, artzainek mendez mende moldatua, bidexkatua, etxolatua, soropilatua, ikazkin eta egurgileek garbitua, beilarien pasabide, baselizek eta kurutzeek gerizatua. Guduka eta gerla leku historiko, ihesleku, gordeleku, harrobi, meategi… Mendi bakoitzak bere historia propioa badu. Orbainak edo zikatrizak agerian dauzka. Baina gaurko karrika kume basatiari horiek ez zaizkio inporta, bere onura aurkitzen duen ber.
Trailerra ikusiko duzu, mendiari gora itsutuki bere jardueran kontzentratua, beherean utzi duen stress-ari ihes egiten, baina kaskora heldu bezain laster berriz beheiti doa, bere stress-a ahal bezain laster ber-eskuratzeko. Ahantzi gabe "selfie" bat egitea, laguneri erakusteko zer balentria egin duen. Gain behera heldu zaizularik, zuk duzu baztertu behar. Pasatzean, ez dizu ez agurrik, ez behakorik emanen. Bakoitza lehian bere buruarekin, noiz kronoarekin, noiz marka zeinbait hautsi beharrez *(citius, altius, fortius...). Horra hor gaurko hiritar balore nagusiak gorpuztuak:– abiadura – lehiakortasuna – indibidualismoa –. Halere begira gaitezen lasterkari guziak zaku berean sartzetik. Gainera badakigumoda guziek badituztela beren garaiak, gorputzaldiak ere badituela bereak.
Mendian, familiek gero eta gehiago hirian bezala jokatzen dute. Azienda bat ikusi orduko, bota "selfie"-a. Kehetak ireki eta hala-hala utzi. Zakurrak librean. Edozein bide bazterretan aparkatu. Zoko sasituak kontainer bilakatu. Non dira mendiak zauzkan jendetasunezko baloreak? Jendea gurutzatzean agurtzea, gibelatua dena goaitatzea, ataka txarrean denari eskutik heltzea, kaskoan trago bat partekatzea, bazterrez gozatzea, jendea elekatzea eta abar... Belaunaldien talka. Hiritar indibidualismoa menditar elkartasunari kontra. Hiritar ohidurak mendiari sakatzen, menditar ohidurek behar luketelarik hirian biziarazi.
Mendia,nahi edo ez, izanen da eginahalaren edo esfortzuaren gune, abenturaren eremu, iniziaziorenaren esparru. Mendia bere hutsean betea da. Memoria gabe ez gira espazio anonimo bat okupatzen dugun gorputz bat baizik.
Mendian zaio bakardadea unibertsaltasunari lotzen. Mendiak, noiz non, zoramena eskainiko dautzu, berdin etsipena. Hor daude bidexka seguruak eta galbideak. Izpirituaren gailurretara eramanen zaitu... Zerutik hurbil. Zein herrialdetan ez da mendi kasko sakratu saindurik? Biblian, testamentu zaharrean, Yaweh mendietako Jainkoa agertzen da maiz: Horeb, Sinai, Tabor.Mendigailurretara ditu adiskide minak deitzen bere bihotzeko mezua entzun dezaten. “Jendetza ikusirik Jesus mendira igan zen”.
Fededuna mendigoizalea da, bizkarrean zakua zabalik, ukaiteko bezainbat emaiteko, lagun artean, zeharka-meharka, gailurrerako bidean, bidaide gogaide. Anartean, hor gaude lehian, elkarrekin obratu beharrez gure mendiaren biharko nostalgia. Baloreak, bakoitza bere mailan, petik gora kokatuz, mendia beti ZUT atxikitzeko, gizakumea bezala tente, gure nortasunaren ardatz.