Azalekoa | 2022ko Urtarrilaren 13a

Euskal Herriko Laborantza Ganbara hasierako bidetik segitzen

M.O.

Euskal%20Herriko%20Laborantza%20Ganbara%20hasierako%20bidetik%20segitzen

Euskal Herriko Laborantza Ganbara (EHLG), 2005eko urtarrilaren 15ean sortu zen, geroztik urtero bere biltzar nagusia urtarril erditsutan antolatzen du. Aurtengo 17. urteurrena, egunez-egun, data berean gertatuko zen, baina izurritea beti hor dela, antolatzaileek erabaki dute gibelatzea. Halere baliatu gira Iker Elosegi koordinatzailearekin puntu baten egiteko.

2005az geroz beti aitzina

2005eko urtarrilaren 15ean, 3 langilerekin hasi zen egitura, gaur-egun 21 langilez osatua da (19 denbora osoz). Alor anitz lantzen ditu: hazkuntza, landareak, ura, araubide juridikoa… eta azkenik abiatua duen etxaldeen segidarako transmisioa. Iker Elosegik aipatzen zaukun, lantzen dituzten gaiak zeharkakoak direla, kolektiboki gogoetatuak eta landuak dira, langile bakoitzak bere gaia kudeatzen badu ere, elkarlanean ari dira.

EHLGren hari gorria da Euskal Herrian laborantza herrikoi baten alde lan egitea, kalitatezko elikadurak ekoiztuz eta ingurumena zainduz, laborariekin hurbiltasuna atxikiz.


Etxaldeen segida eta instalazioa

Lan sail garrantzitsua EHLGk abiatua du, etxaldeetako transmisioak antolatzeko gogoeta abiatua baitu. Etxalde batean segidarik ez delarik, haurrik ez delakoz edo haurrek laborantzan plantatu nahi ez dutelako, kate baten haustea litzateke ondokotzat nehor ez izaitea. Laborantza uzten duenari tripako minak sortzen ahal zaizkio, bere funtsak ez landuak izaitea. Laborari horien nahikaria da segida norbaitek har dezan, Euskal Herriko kulturan baita ere belaunaldiz belaunaldi lekukoa emaitea, etxaldeak biziaraziz.

EHLGko arduradunaren erranetan, “kanpotik” heldu den bati lurrak emaitea, urrats handia da, landu behar dena. Horretarako egitura multzoka edo(ta) banazka, egoera berdintsuetan diren laborariekin biltzen da, gogoeta aitzinarazteko eta barnatzeko. Edozein bikotetan bezala, bi pertsonen artean konfiantza sortu behar da, laborantzaren segida hartzen duenaren baitan sinetsi behar da eta hark egin hautua, izan hazkuntzan edo(ta) laborantzako beste alor batean, onartu behar da. Hilabete batzuk berantago, lan hori egin eta, erretretara buruz abian diren laborariak ez dira pentsamendu berdinean.

Segida hartzen dutenen artean bi profil badaude, gazte baten xedea laborantza alorrean plantatzeko edo beste ofizioa duena eta lanbidez aldatu nahi duena, bere biziari beste sentsu bat eman nahian. Zenbaki zehatzik ez bada, segidarik gabeko etxalde gehiago bada hartzaile baino.


Laborantza iraunkorrerako sailak

Beti desmartxa kolektibo batean hazkuntza sailean ala agronomian, laborantza iraunkor baten alde kolektiboki gogoetak eramanak dira. Proposatuak diren modeloak hurbiltasuna kontutan hartuz, nolako garapena plantan jarri, laborantzan balio erantsia egon dadin. Urtez urte garatzen ari den Herriko Ogiaren adibidea Iker Elosegik aipatzen zuen. Laborantzarako Politika Bateratuak (PAC) eraman ditu laborariak zereal gutiagoren ekoiztera, artoarena salbu, ondorioz emeki-emeki desagertu dira. Azken urte hauetan, ogi-bihiaren landatzen hasi dira, laborariek ekoiztuak eiherazainari saltzen dira eta irina okinari, kalitateko ogia proposatuz. Hazkurri-kate horri esker, hemen berean jendea biziarazten du, ingurumena zainduz, ongailu gutiago erabilia delako.

Bestalde EHLGk, beste 15 bat sail desberdin lantzen ditu (lekuko hazkuntza arraza desberdinak, fruitu…), langileen funtzioa da proiektuen aitzinarazteko laguntza ekartzea, akuilatzea, informazioak lortzea, bai eta diru-bilketak atzemaitea.

EHLGk bidezkotasuna lortua

Anitzek gogoan ditugu, EHLGk bizi izan zituen auziak, irabazi zituenak, arrazoia emanez sortu zuteneri. Urteak pasa dira eta orain bidezkotasun lekua lortua du, egitura anitzetan solaskide bihurtua da. Hasieran laborari batzuk uzkur izan badira, orain normaltasunez EHLGrat laguntza galdegitera etortzen dira. Iker Elosegik erraiten zaukun egiten duten lanari esker konfiantza eta legitimitatea lortua duela. Herriko Etxeekin eta Euskal Elkargoarekin ere bazterrezina bihurtu da, egiturari bere iritzia eskatua zaio. Horietan adibide bezala, tokiko hirigintza planoan (PLU) bezalako lur-antolamenduan aholkuak galdeginak zaizkio. 2022ko proiektu berrietan Oztibarreko mendien kudeaketarako, tokiko sindikatuak egin deialdi publikoa lortzea kausitu du. Mendiak ez direla berdin erabiliak, “Mendia nola baliatu? Pusa landare, belardi… kabalak nola ase…” holako gaien inguruan gogoetak eramanak izanen dira. Bestalde Euskal Elkargoaren Tokiko Hirigintza Planari (PLUI) buruz, mendiko lurren klasifikazioa egiteko deialdian, EHLGk Oztibarre eta Garazi-Baigorriko eremuentzat bere ekarpena eginen du. Ez du erabakietan parte hartuko, baina bai eztabaidarako tresnak emanen.


Laborantzaren eta Elikaduraren Erakunde Publikoa

2017an Euskal Elkargoaren sorrerako proposamenetan, Laborantzaren eta Elikaduraren Erakunde Publiko baten sortzeko xedea agertu zen. Holako egitura pentsatua den bezala, Erakunde Publiko horretan Estatuko, Eskualdeko, Departamenduko eta Euskal Elkargoko ordezkari instituzionalek, baina baita laborantza munduko eta kontsumitzaileen ordezkariek osatutako eztabaida eta proposamenen gunea izan litzateke.

Proiektu hori beti aitzina doala erran dauku, estudioak jurista batzuk egiten ari dira. Gaur-egun ez bada deus finkaturik, esperantza bada 2022an egitasmo hunen inguruan berri gehiagoren jakinean izaitea.

EHLGren biltzar nagusia gibelatua

Hasieran aipatu bezala, urtarrilaren 15ean egin beharra zen, antolatzaileek pena handiz ezeztatzea nahiago ukan dute, sanitario egoera dela eta. Aurreikusten dute udaberrian egitea, kontestua lasaituko dela esperantzarekin. Hitzordu hori ez da ohiko biltzar nagusia izanen, Mixel Berhocoirigoin laborari-militantea, EHLGko sortzailea eta bultzatzailea izan denari, omenaldia prestatzen ari da. Mixel-en ibilbidea eta ekarpena laborantzatik haratago da. Iker Elosegik zioen holako pertsonalitate baten ibilbideak, belaunaldi berrieri aitzina segitzeko gogoa emaiten duela. Gamarteko laborari sindikalista omenduz, EHLGren historia da kondatua izanen, kontestu jakin batean.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3628. zbk

Gure Hitza | 2022/01/13

Aldaketa ala Jarraipena?

Jean-Louis Harignordoquy

Deneri “urte berri on!” erranka ari giren urtarril hontan, batzutan jarraipenaren orde aldaketaren etorrera agiantzatzen dugu. Hala nola izurrite zikin hori betirako desagertzea. Bertze gauzetan, nola gerta. Eguneroko gora beheretan, laneko baldintzetan, harremanetan edo nik dakita zertan suerte onik ez baldin badugu ukan, zinezko aldaketa bat eskatzen diogu urte berriari. Aldiz, urte zaharra orohar aski ona izan baldin bada, jarraipena nahiago.

Halere aurtengo urte berria ez da denontzat ongi hasi. Bertsu mundua doluan da Xanti Iparragirre bertsularia pausatu delakoz 87 urtetan. Gipuzkoako lehen bertsu eskolaren sortzaileak Iparraldeko bertsulari lagunoi erakutsi zigun bertsutarako afizioa nerabeen baitan nola xertatu. Ikusten da harek erein hazia gero eta emankorrago izaiten ari dela.

Urtarrilaren 8an Baionan fermuki adierazi mezua helduko dea azkenean Eliseoko jaunaren beharrietara? Abantzu 32 urte hauetan preso ...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Jacques Laffitte, 11 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016