Herriz Herri - Baigorri (NB) | 2022ko Urtarrilaren 13a
Baigorri - Pilota - Kontzertu
Urte berri on
Urte berri on zuen berriketariaren partez, baigorriar guzieri, hau aitzinekoa baino hobeki joanen dela sinetsi nahiz. Zoritxarrez, Herriko Etxeak ez du aurten ere izurritearengatik urte berriko agiantzen ospakizunik antolatzen ahalko.
Iraganaren bilduma eginez, ikusten da 13 sortze eta 33 heriotze ukan ditugula herrian. Bestalde, jaz ezkontzek arrakasta ttipia ukan dute, 2021ean ez dira 4 baizik izan.
Pilota: Zaharrer Segiren berri
Frantziako xapelketan, trinketeko esku-huskan, Zuraiden finalerdietan bi talde ginituen eta biak finaleko sailkatu dira.
2. mailan, Mathieu Ascery eta Beñat Iribarren-ek 37/20 irabazten zuten, zoin gehiagoka trenkatua zela denek uzte zuten, bainan 38tan Queheille eta Thicoipe amikuztarrek berdindu dute. Berriz berdinketa 39tan eta baigorriarren alde joan da azken kintzea, 40/39. Finalean, Goizeko Izarrako Mainhaguet eta Etxegoin-en kontra ariko dira.
1. mailan, David Barreneche eta Andoni Larre anitzez aiseago nagusitu dira, Lau Herriko Dizabo-Lafitte pareari, 40/14. Erran behar da, partida guzian Lafittek eskuko minetik sufritu duela. Hauek ere finala Heguy-Luro garaztarren aurka dute.
Bi finalak heldu den igandean iraganen dira, Arrangoitzen.
Gazteagoen mailan, Euskal Herriko xapelketako finalerdiak heldu den aste hondarrean jokatuko dira eta bi talde ukanen ditugu. Xitoetan: Peio Dutarré-Mikel Eiherart eta Pablo Inchauspe-Xalbat Baum. Gaztetxoetan, Mattin Etcheverry eta Jokin Bidegain, Denek Bat-en kontra ariko dira.
Kontzertu
Kalakan taldeak kontzertua eskainiko du, Baigorriko elizan, urtarrilaren 16an, igandez (18:00), Basaizea elkartea antolatzaile. Bixente Etxegarai, Xan Errotabehere eta Xan Mixel Berreauk osatzen dute Kalakan taldea.