Herriz Herri - Banka (NB) | 2022ko Urtarrilaren 13a
Dolu: Gabi Etchecolanea
A.H.
Gabi Etchecolanea “Uhalde” joan zauku. Gizon umila, goxoa, baketsua, bainan errotik engaiatua. Iparraldeko barnealdean abertzale izatea hain gaizki ikusia zen urte haietan, berak asumitzen zuen. Betiko eskemetatik ateratzeko gaitasuna zuen, ideia desberdinak garatzeko eta gauzak (mundua!) aldatzeko borondatea.
Mendiko etxalde ttipi eta malkartsu batean laborari, laborantza biologikoan sartu ziren, Monique bere emaztearekin.
Hiru haur hazi dituzte eta, osoki euskaldunak izan zitezen, ez zuten dudatu haurrak ikastolan eskolatzeko, nahiz eta ikastola etxetik 25 km-tara izan!
Bainan, zailtasunak zailtasun, Gabiren lehentasuna zen bere ideiekin leial bizitzea. Eta horretarako kilometroak egin behar baldin baziren bilkura edo mobilizazio batera joateko, egiten zituen. Bizpahiru egun hartu behar baldin baziren, euskal irratiaren alde sos bila, edo petizio bat eskuan sinadura eske, etxez etxe ibiltzeko, jo aitzina! Eta beti irria ezpainetan, ideiak partekatzeko, jendea konbentzitzeko, lerroak mugiarazteko gogoarekin.
Ez adiorik, adiskide, eta dolumin bizienak familiako eta hurbileko guzieri