Ba ote dakixu? | 2022ko Urtarrilaren 13a

Sobietar Batasunaren erortzea (1/2)

Gilen Bacho

Sobietar%20Batasunaren%20erortzea%20(1/2)

Duela 30 urte, 1991ko abenduaren 25ean, Eguberri egunean, arratseko 7ak eta erditan, Plaza Gorrian, bandera gorria Kremlin-eko aitzinaldetik beheititua izan zen. Ezin suntzituzko inperio hori, 45 urte hartan mundua menperatzen zuena Estatu Batuekin, bi urtez erori zen, mundu harritu baten aitzinean. Lurreratze hori mundu baten lurreratzea izan zen, jendetza nasaikoa, burdinazko hesiaren mundua, Europa bitan bereizten zuena, baina ere ideologia baten lurreratzea izan zen, zeini anitzek sinetsi zuten, komunismoa. Baina lurreratze hori urrunetik heldu zen.


Lurreratzearen erroak

1991 urtea erregimenaren desegitearen azken gertaldia baizik ez zen izan, urtarrilean Lituanian huts egin zuen tropen interbentziotik abenduan Gorbatchev-en dimisioraino, eta artean, agorrilean huts egin zuen putsch hura ahantzi gabe. Inperioaren desegitea 1989ko maiatzean hasi zen, Hungariak muga ideki zuelarik, burdinazko hesiaren lehen ziloa. Ber urtean, hilabete bat berantago, Solidarnosc-ek hauteskundeak irabazi zituen Polonian. Udazkenean, ekialdeko Europaren erregimena komunista guziak, bat bestearen ondotik, erori ziren. Azaroaren 9an, Berlin-eko murrua erori zen eta Alemania ekialdeko erregimen komunista lurreratu zen. Ber mementoan, Txekiar Belus iraultzak ber ondorioak ekarri zituen Txekoslovakian. Baina, desegitearen erroak dudarik gabe oraino urrunago xerkatu behar dira, 1985eko martxoan, Mikhail Gorbatchev Sobietar Batasunaren buruzagia bilakatu zelarik. Gizon gaztea zen (54 urte) bere aitzinekoeri konparatuz (Andropov, Tchernenko). Gorbatchev-ek erreforma plano zabal bat engaiatu zuen, Perestroïka deitua, ekonomia salbatzeko. Krisi ekonomiko larri batek Sobietar Batasuna hunkitzen zuen, petrolio prezioaren apaltzeagatik baina ere kontsumo ontasunen gabezia kronikoagatik. Estatuaren zor publikoa gero eta goragoa zen. Gainera, 1979tik goiti, armada gorria Afghanistango lohian sartu zen.


Libertatearen iratzartzea

Gorbatchev-ek buruzagi kontserbadoreak baztertu zituen eta buruzagi gazteak sustatu. 1986an, Andreï Sakharov Moskura itzultzea utzi zuen eta adierazpen askatasuna finkatu zuen (Glasnost). Gorbatchev-en fama gero eta gehiago goratu zen Mendebaldeko herrietan. Sustut, libertate berri horiekin protestak hedatu ziren. Jada erran bezala, 1989an, Europa ekialdeko herri guziek beren libertatea berriz konkistatu zuten, armada gorriaren interbentziorik gabe. Horregatik, Gorbatchev-ek Nobel saria lortu zuen. Gainera, Sobietar Batasuneko populu ez-errusiarretan nazio nortasunak iratzarri ziren, greba eta manifestazio masiboekin. Sobietar Batasunaren zatikatzea 1990ean hasi zen. Otsailaren 7an, Moskuk bere botere politiko monopolioa utzi zuen. 15 sobietar errepublikek hauteskunde libroak antolatu zituzten. Sei errepublikek (Herri Baltikoak, Moldavia, Armenia, Georgia), independentisten garaipenaz geroz, haien independentzia deklaratu zuten (Lituania lehena izan zen, martxoaren 11n) eta Moskurekin indar joko bat abiatu zuten. Martxoaren 4an, Boris Eltsine Errusiako Sobiet Gorenaren presidentea bilakatu zen, Gorbatchev-en borondatearen kontra. Bien arteko borroka hasi zen, Sobietar Batasunaren desegitea bezala.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3628. zbk

Gure Hitza | 2022/01/13

Aldaketa ala Jarraipena?

Jean-Louis Harignordoquy

Deneri “urte berri on!” erranka ari giren urtarril hontan, batzutan jarraipenaren orde aldaketaren etorrera agiantzatzen dugu. Hala nola izurrite zikin hori betirako desagertzea. Bertze gauzetan, nola gerta. Eguneroko gora beheretan, laneko baldintzetan, harremanetan edo nik dakita zertan suerte onik ez baldin badugu ukan, zinezko aldaketa bat eskatzen diogu urte berriari. Aldiz, urte zaharra orohar aski ona izan baldin bada, jarraipena nahiago.

Halere aurtengo urte berria ez da denontzat ongi hasi. Bertsu mundua doluan da Xanti Iparragirre bertsularia pausatu delakoz 87 urtetan. Gipuzkoako lehen bertsu eskolaren sortzaileak Iparraldeko bertsulari lagunoi erakutsi zigun bertsutarako afizioa nerabeen baitan nola xertatu. Ikusten da harek erein hazia gero eta emankorrago izaiten ari dela.

Urtarrilaren 8an Baionan fermuki adierazi mezua helduko dea azkenean Eliseoko jaunaren beharrietara? Abantzu 32 urte hauetan preso ...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Jacques Laffitte, 11 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016