Egun eta bihar | 2022ko Urtarrilaren 13a
Noiz arte?
Beti galde bera heldu zauku gogora ikusiz izurritea nola doan aitzina hedatuz! Eraso zinez izigarria joan den astean ja azpimarratzen ginuen bezala! Bai, noiz arte beharko ote dugu gaitz hori jasan, gutartean berean hoinbeste jende badirelarik hunkiak! Gehienak arinki joak segur, bainan joak halere. Etsitzekoa ere balitake bainan ez dugu haatik etsi behar, gure etsipenarekin gauzak ez bailitazke makurrago baizik! Aspaldian entzuten dugun katixima hortarik ari behar dugu, noiznahi eta kasik nunahi maska atxikiz, eskuak usu garbituz, bizitegiak egun guziz polliki aireztatuz eta hola. Beti gauza berak ditugu errepikatzen bainan hori da guhaurren onetan. Nahiz erne-ernea ibiliz ere lanak badiren, izurritea gisa hartakoa izanki-eta. Ederki harrapatuak gaude eta nehork ezin erran ondotik zer jinen zaukun, zerua beti ilun, artetan iduri argixago eta handik berehala berriz hodeitsu! Hauxe da giro nahasia eta korapilatsua bestenaz, hoinbeste arrangura ba bazter guzietan, gutien ustean emendatzen ere direnak gainerat! Ez baita harritzeko gero eta gehiago aipatzen baitute laugarren xixtaldi bat, Pazko irian edo hola.