Euskal diaspora | 2022ko Urtarrilaren 13a

EuskarAbentura 2022, euskara barnetegia Argentinan eta Danborrada

Joseba Etxarri

EuskarAbentura%202022_%20euskara%20barnetegia%20Argentinan%20eta%20Danborrada

EUSKARABENTURA. Zabalik da 16-17 urteko euskal gazteendako EuskarAbentura 2022 programa. Euskal Herri osoko --diaspora barne-- 130 gazte daude deituta uztailaren 1etik 31ra Euskal Herria oinez zeharkatzera, eta antolatzaileek bereziki gomitatzen dituzte Diasporako gazte euskaldunak. Aurten, Elkanoren munduko itzuliaren 500 urte betetzen direlarik, euskaldunak eta itsasoa gaiak garrantzi berezia ukanen du. Gogoratu 16-17 urteko gaztea behar dela izan, euskaraz komunikatzeko gai, eta Euskal Herria ezagutzen hilabete pasatzeko eta adin bereko lagun euskaldunak egiteko gogoa ere galdegiten dela. Interesatuek minutu bateko aurkezpen bideo bat behar dute igorri eta hiru gairen artean bat hautatu, gogoeta edo proposamen bat egiteko. Aukera izugarri polita da, kitorik, eta bestenaz ezagutzeko aukerarik izango ez lituzketen jende, bazter eta esperientziak bilduko dituzte gazteek, euskal kulturan sakonduz, Euskal Herri osoko adituak partaide. Ohi bezala, Mauletik abiatuko da eta Bilbon bukatuko. Xehetasunak, www.euskalabentura.eus webgunean.

BARNETEGIA. 'Euskara Munduan' programako udako barnetegia hasiko dute heldu den ebiakoitzean Argentinan. Urtarrilaren 15etik 22ra luzatuko da eta, koronabirusa oraino indarrean denez, neurriak harturik eginen da eta bi egoitza presentzial ukanen ditu eta bestea online, hiruak ber denboran: San Nicolaseko Euzkal Etxea, Bahia Blancako Union Vasca, eta hiri hauetara bertaratu ezin direnek FEVAren Zoomaren bidez egin ahal izanen dute. San Nicolasera 6 ikasle bilduko dira, irakaslea Cecilia Canz; Bahía Blancara, 11, irakaslea Rocio Basterra; eta birtualak 8 ikasle iragarri ditu, irakaslea Gabriel Arce; guziak dira Hego Amerikan sortuak. Koordinatzaileak Etxepare Euskal Institutuaren eta FEVAren aldetik, Kinku Zinkunegi eta Gabriela Mendia.

DANBORRADA. Koronabirusaren karietara, aurten ere kantzelatuak dira urtarrilaren 20an Euskal Herrian egin ohi diren danborradak, hala nola Donostian eta Azpeitian. Haatik, Diasporan aitzina segituko dute, konparazio, Argentinan Necocheako Euzko Etxean; eta Mexikon, Mexiko Hiriko Euskal Etxean. Gogor hasi dituzte errepikak, Mexikon aste huntako eta ondoko astearte eta ortziraletan. Aurten, urtarrilaren 20a ortzeguna delarik, besta ebiakoitzera pasatu dute eta, beraz, 22an ospatuko dute. Heldu den astean ukanen dugu xehetasun gehiago.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3628. zbk

Gure Hitza | 2022/01/13

Aldaketa ala Jarraipena?

Jean-Louis Harignordoquy

Deneri “urte berri on!” erranka ari giren urtarril hontan, batzutan jarraipenaren orde aldaketaren etorrera agiantzatzen dugu. Hala nola izurrite zikin hori betirako desagertzea. Bertze gauzetan, nola gerta. Eguneroko gora beheretan, laneko baldintzetan, harremanetan edo nik dakita zertan suerte onik ez baldin badugu ukan, zinezko aldaketa bat eskatzen diogu urte berriari. Aldiz, urte zaharra orohar aski ona izan baldin bada, jarraipena nahiago.

Halere aurtengo urte berria ez da denontzat ongi hasi. Bertsu mundua doluan da Xanti Iparragirre bertsularia pausatu delakoz 87 urtetan. Gipuzkoako lehen bertsu eskolaren sortzaileak Iparraldeko bertsulari lagunoi erakutsi zigun bertsutarako afizioa nerabeen baitan nola xertatu. Ikusten da harek erein hazia gero eta emankorrago izaiten ari dela.

Urtarrilaren 8an Baionan fermuki adierazi mezua helduko dea azkenean Eliseoko jaunaren beharrietara? Abantzu 32 urte hauetan preso ...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Jacques Laffitte, 11 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016