Mundu zabalean | 2022ko Urtarrilaren 13a

Aberatsak aberatsago, pobreak pobreago

J.B.

Aberats eta pobreen arteko ezberdintasun handiak oldartu nau betidanik eta urte guziz bezala abendu hondarrean agertzen diren konparaketek pentsamolde ilunak sortarazten dauzkidate. Joan den hilabeteko emaitzek ezinegon txar batean utzi naute, koronabirusaren izurriteak planeta osoan ezberdintasunen goratze historikoa bultzatu duelako. Aberats okituak ez dira sekulan orain bezainbat izan, ez eta hain aberats. Denbora berean, pobrezia handian bizi direnak gero eta gehiago dira. Handitzen ari den

Munduan pobre gehiago berriz ere

Nazio Batuen definizioaren arabera, janari eta bizitzeko medio eskas gorrian dira pobrezia handiko kategorian dauden jendeak, erran nahi baitu, egunean, 1,70€ baino gutiago dutela bizitzeko.

1980tik 2016a arte, munduan zehar, sail horretako jendeen kopurua kasik erdibitu da, salbu Afrikako Sahara pekaldeko herrietan. Hala ere aberats eta pobreen arteko diferentzia beti handituz joan da. Zeren eta, denboraldi berean, irabazien goratzea ez da batere molde berdinean partekatua izan: irabazi ttipiena duen populazioaren erdiak progresio globalaren %12a baizik ez du eskuratu, irabazi handienak dituen jendartearen %1ak aldiz parte horren %27a bereganatu duelarik, beraz anitzez gehiago aberastu dira hilabete sari handienak dituztenak.

Bestalde, irabazien ondoan, aberastasunen beste parte garrantzitsua da belaunaldiz belaunaldi pasatzen den ontasuna. Alde horretarik diferentzia handiagoa da eta oraino beti handitzen ari da. Suitzako Kredituak neurtu duenez, munduko aberatsenen %1ak bereganatua du planetako ontasunen kasik erdia.

Hori ez balitz aski, beste elementu ezin jasana da koronabirusaren krisi sanitario eta ekonomikoaren ondorioz pobrezia handiko jendeen kopurua berriz munduan goratzen ari dela, horietan emazteen proportzioa aise handiena delarik.

Frantzian ere ezberdintasunak goratzen ari

Duela bi urte jada, koronabirusaren krisia baino lehen, INSEE erakundeak oharra egin zuen aitzineko urtean aberats eta pobreen arteko desberdintasuna berriz goratzen hasia zela, progresio azkar batekin gainera. Ontasunen aldetik da ezberdintasun handiena ageri. Hala nola, 100 familietarik, 10 aberatsenek Frantziako ontasunen erdia duten, hori baita %10 pobreenak baino 160 aldiz gehiago. Xehetasunetan sartuz, Frantziako 7 miliardunek populazioaren %30 pobreena baino ontasun gehiago dute. Ez erran beti hola izan dela eta ezin dela deus egin, zeren eta azken 10 urte hauetan Frantziako fortuna handienak, 4 aldiz baino gehiago hazi dira eta koronabirusaren krisiak tendentzia azkartu du pobreen multzoa handituz gainera.

Zerk du ezberdintasuna akuilatzen?

Lehen faktorea da, aberatsen fagoretan hautatuak diren politika fiskalak, urtetik urtera egoera hori hurbiletik segitzen duen Oxfam erakundearentzat. Herri aberatsetan, 50 urtez, zerga tasa indibidualak eta sozietateenak, ikaragarri apaldu dira. Frantzian berean, 2017ko erreforma fiskalak opariak egin ditu aberatseneri: ISF edo fortuna handieri buruzko zerga kenduz. Denbora berean, CAC 40-ko enpresa handien irabaziak ez dira batere molde zuzenean partekatuak izan eta azken 10 urteetan akziodunen irabaziak dira %70ez goratu, enpresa horietako langileen paga baino 3,5 aldiz gehiago. Abantaila fiskalak errezebitu dituzten enpresak ez dira kontrolatuak eta nagusiek sakelan sartzen duten dirua ez da enpresa arraberritzeko baliatua.

OXFAMek dionaz, jendeen arteko berdintasuna zaintzeko, zerbitzu publikoak dira tresna azkarrenak, izan osagarria, hezkuntza edo(ta) zaintza soziala segurtatzen dutenak. Bainan hor ere, bereziki 2008ko azken finantza krisiaren ondotik, austeritate edo zuhurtasun politiken eraginez, zerbitzu publikoak murriztuak izan dira.

Azkenean, aberats eta pobreen arteko ezberdintasunak ttipiarazteko orde akuilatu dituzte gobernu gehienen politikek. Noiz arte ote jasaiten ahalko da?

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3628. zbk

Gure Hitza | 2022/01/13

Aldaketa ala Jarraipena?

Jean-Louis Harignordoquy

Deneri “urte berri on!” erranka ari giren urtarril hontan, batzutan jarraipenaren orde aldaketaren etorrera agiantzatzen dugu. Hala nola izurrite zikin hori betirako desagertzea. Bertze gauzetan, nola gerta. Eguneroko gora beheretan, laneko baldintzetan, harremanetan edo nik dakita zertan suerte onik ez baldin badugu ukan, zinezko aldaketa bat eskatzen diogu urte berriari. Aldiz, urte zaharra orohar aski ona izan baldin bada, jarraipena nahiago.

Halere aurtengo urte berria ez da denontzat ongi hasi. Bertsu mundua doluan da Xanti Iparragirre bertsularia pausatu delakoz 87 urtetan. Gipuzkoako lehen bertsu eskolaren sortzaileak Iparraldeko bertsulari lagunoi erakutsi zigun bertsutarako afizioa nerabeen baitan nola xertatu. Ikusten da harek erein hazia gero eta emankorrago izaiten ari dela.

Urtarrilaren 8an Baionan fermuki adierazi mezua helduko dea azkenean Eliseoko jaunaren beharrietara? Abantzu 32 urte hauetan preso ...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Jacques Laffitte, 11 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016