Orotarik | 2022ko Urtarrilaren 13a
Euskaldunak Quebec elkarteak: 25 urte
Euskaldunak Quebec elkartea
Montrealeko parkea girotu egin zen, abuztuak 29an. Ez zen edozein igande, Euskaldunak Quebec elkarteak 25 urteak ospatu baitzituen. Jendea batu zen, batzuk urrundik etorririk. Belaunaldi guzietakoak aritu ginen elkarrekin solasean, haurrak eta adinekoak, egun horretan parkea momentu batentzat bakarrik bada ere, Euskal Herri bilakatuz.
Bertan bizitzeko Atlantikoa 20-30 urte lehenago zeharkatu zuten aberkide talde batek elkartea sortu zuen, 1996ko abuztuaren 8an, haien artean elkartu eta herrimina goxatzeko beharrari erantzuteko. Elkartea, Quebec-en bizi ziren euskaldunen gune izan zedin nahi zuten. Hala aritu da azken 25 urte hauetan, euskal etorkin berriei sare baten aukera emanez, laguntza ekarriz, bai taldeei, baina batez ere ikasle ala langile gazteei. Gazteak biziki ongietorriak dira elkartean, dinamismoa berritzeaz gain, herriko berriak ere ekartzen baitituzte. Handitu da geroztik elkartea. Orain Euskal Herritik etorri direnez gain, quebectar ditugu, aspaldiko jatorriei lotzeko gogoz kide bilakatu direnak, ala bikotekidearen kulturaz gehiago ezagutu nahi dutenak. Historia eta esperientzia ezberdinak elkartzen dira, denen artean komunitate honen bizia aberastu eta sendotuz.
Gaur egun, elkarteak hiru helburu nagusi ditu: euskaldunen ondare historiko eta kulturalaren garrantzia nabarmentzea; loturak sortzea eta garatzea Quebec-eko euskaldunen eta Euskal Herriaren artean eta Hego Ameriketan bizi diren euskaldunak biltzea, beste euskal elkarte batzuekin lankidetzan.
Helburu horiek betetzeko, ospakizun eta topaketa ezberdinak antolatu ziren 25 urte horietan. Korrikaren doinu eta irriek bete zituzten hiriaren karrika. Olentzerok urtero egiten die bisita hemengo haurrei ere, eta hain haur ez garenoi ere. Bestalde, elkarteari esker, euskara ikas daiteke.
Ez dira izan ttikiak beraz, ez eta bakanak ere, azken 25 urte hauetako abenturak. Bagenuen zer partekatu, gazte ala ez hain gazte, denek genituen oroitzapenak aipatzeko, erakusketa gisan ezarritako argazkiei begira ala trago baten inguruan. Umore ona eta giro goxoa zabaldu zitzaizkion egun osoan.
Bi txapelketa izan ziren. Lehena kirolarientzat, esku huska lehiaketa antolatua baitzen eta bigarrena burmuinaren kirola, mus lehiaketak ere hasiera baitzuen tenore berean. Ausartenek bietan parte hartzeko aukera ukan zuten.
Trikiti soinuak txalotu zuen goizean bukatu zen pilota lehiaketako txapelduna, eta hortik denak joan ziren aterpean genituen mahaietarantz euria hasi gabe bazkariari ekiteko. Gure sukaldariak lan paregabea egin zuen oraingoan ere. Gure lurretara ziztu batean itzuli ginen. Irrintzi pare batzuk entzun ziren, eguneko gertakariei azken agurra emateko gisan.
25 urteak ospatuak dira, baina ez gira pausatzekotan. Irailean ere gertakariak antolatu ditugu. Etxepare Instituzioarekin elkar lanean Saison Québec – Pays Basque 2020-2021 eta horri esker, euskal zinemagintzak tokia ukan du Quebec-eko zinematekan, euskarazko film ezberdinak ikusteko parada ukan genuen. Bestalde, Soka Dantza erakustaldia, dantza emanaldiak eta kontzertuak ere iragan ziren kultura uztartuz eta Euskal Herriarekiko distantzia murriztuz.