Azalekoa | 2022ko Irailaren 22a
Jabegoa: herritarren artean elkarrekin kudeatu
M.O.
Etxalde elkartea 2007an sortu zen, etxebizitzaren merkatua neurtzeko helburuarekin, espekulazioaren kontra borrokatzen da. Elkartasuna, ondarearen eta euskal kulturaren atxikimendua defendatu nahi ditu. Mintzatu gira Beñat Etchebest elkarte buruarekin
Etxebizitzaren egoera
Ipar Euskal Herriko etxebizitzaren merkatuaren bilakaera dorpea izanez, edozein herritarrek egoitza baten atzemaiteko zailtasunak izanez, Etxalde elkartea sortu zen. Beñat Etchesbet-ek erraiten zaukun egoera larritzera doala. Bizimoduak aldatu dira, etxetik lanean ari direnak joano eta gehiago badaude, horrez gain erostunen merkatua zabaldu dela zioen, "auzoko merkatua", "europar merkatua" bilakatu da. Etxebizitza merkatua neurtzeko, elkarteak jabegoari buruz gogoeta eramana du. "Jabego indibidual" batetik "jabego partekatua" izan dadin xedea du, kontzepzio berria proposatzen du, ontasun kolektibo baten moduan.
Etxaldek sail horretan esperientzia badu, abiatu zuen lehen proiektua 2005ean Maulen izan zen. Elkarteak eraikin bat erosi zuen, etxebizitza sozialak eta lokal komertzial bat egin ahal ukan zuen. Ahalbidetzen du banakako jabetzatik ateratzea, espekulazioaren arriskua saihestuz. Ildo beretik, ontasunen gozamenari buruz gogoeta eraman du, ondokotzat direnek ez dezaten nolanahi ontasun higiezinak sal.
Jabe-alokatzaile sistematik, jabetza estatusera
Eskema tradizionaletatik eta "jabe-alokatzaile" menpekotasunetik ateratzeko, 2018an elkarteak beste urratsa eman du. Egoitzaren okupatzaileari jabetzarako estatusa proposatuz.
Lehengo belaunaldien artean etxe partekatzeak egiten ziren bezala, elkarteak ontasun partekatu baten forman, jabetzaren kontzepzio berria proposatzen du.
Etxaldek bere gain hartzen du ontasunaren jabetza-hutsa (nue-propriété) eta gozamena jabe berriari heldu zaio. Azken honek bere egoitza estatu onean atxikitzeaz gain, eraikin bereko auzoekin elkar ongi bizitzea ahalbidetzen du. Etxaldek, jabetza kolektiboaren bitartez, eraikin hauek euskal jendartean "ondare komunean" atxikitzen ditu, nolanahiko saltzea saihestuz, kapital-irabazia egin nahi dutenak trabatuz. Horrela, jabetza pribatu partekatua sortzen da, etxebizitzen balioen inflaziotik babestuta.
Jabetza eskuratzen dutenek, etxebizitza hobetzeko eskubidea emaiten die eta hiltzean beraiek aukeratzen duten pertsona(k) ondokotzat egiten dute. Etxaldek, jabetza kolektibo horren bitartez, eraikin hauek ondare bateratuan atxikitzea ahalbidetzen du, oinordekoek araudia errespetatu behar dute. Horrela espekulazioaren merkatua zaindua da. Ibilmolde horren bidez, Etxaldek jabetza espekulazio merkatutik ateratzeko aukera emaiten die. Eskuragarri izaiteko, elkarteak araudi batzuk plantan ezarri ditu. Egoitza okupatuko duten pertsonak bertakoak izan behar dira eta soldata gutien irabazten dutenek lehentasuna dute.
Bokalen proiektu aitzinkorra
Beñat Etchebest-ek esplikatu dauku, Bokalen estatu onean den 12 apartamendutako eraikina salgai zela jakin zutelarik, saltzeaz arduratzen zen agentziarekin harremanetan sartu zirela. Etxalderen proiektua jabeari azaldua izan da, elkarteari saltzea onartu duena. Mementoan administrazio paperetan baldin badira, notarioan salmenta-hitzarmena izenpetzeko Etxaldek 100.000€ eman beharko ditu. Sozial sareen bidez 5 astez behar den diru kopurua atzemana izan da, ez da dohaintza bat baina diru-prestatzea, elkarteak 4 hilabete ditu berriz pertsona horien ordaintzeko.
Lehen urrats horiek egin ondoan, bigarren etapa erosteko diru bilketa kanpainaren abiatzea izanen da, egoitza horren balioa 1,8 milioi eurokoa da. Gaur-egun eraikin horretan bizi diren pertsonekin biltzea eta elkartearen proiektua azaltzea izanen da. Hauek erosteko ahalmena prezio erdian ukanen dute, horrez gain 3€ metro karratua hilabetero ordaindu beharko dute. Etxaldek pentsatzen du apartamendu salmentekin 900.000€ eskuratzea, beste erdia mailegu baten bidez egina izanen da, itzultzeko 35 urte ukanen ditu.
Elkartearen hobeki ezagutzeko eta laguntzeko
Etxalderekin harremanetan sartzeko edo(ta) diru bilketan parte hartzeko www.etxalde.eu bidez egin litzateke. Astelehen arrats guziz (19:00) bideokonferentziak antolatzen ditu, edozeinek agertu helbidetik parte har lezake, bere ikusmoldearen emaiteko eta elkartearen ibilbidea ezagutzeko.











