Herriz Herri - Heleta (NB) | 2022ko Agorrilaren 04a
Dolu - Bestak
Dolu – Baginakien eri zela, halere bat-batean mundu hau utzi du, Batita Sallagoity Irahanekoak 83 urtetan. Ospitalean egonik Iholdiko erretira etxeratua zen, doi doia duela 8 egun.
Aljeriako gerlan parte harturik, ondotik jo zuen Amerikara, orduko anitz gaztek bezala, han urte parrasta eginik bere sorterrira itzuli zen, hor egon da hondar denbora arte.
Batitak gizon langile baten oroitzapena uzten dauku, jarraikia bere eginbideeri, hitzaren jabekoa, Herria kasetaren harpideduna, zioen “Herriarekin aski berri bazkakiela”.
Herritar lagun eta adiskidez inguraturik ehorzketak iragan dira, jinik otoitz eta kantuetan parte hartuz sustengu ekartzera familiakoeri, zeini eskaintzen ditugu gure dolumin bihotzekoak.
Bestak agorrilaren 12tik 15era – Agorrilaren 12an (19:30) talo eta xingar mutxikoekin, ondotik plazan 2003ko kabalkadako itxuratzea. Agorrilaren 13an, ibiakoitza, meza (10:30) Bixintxon, ondotik zintzur bustitzea Kazernan, zikiroa (20:00) Gaubele taldeak alaiturik eta dantzaldia Ardantzarekin. Agorrilaren 14an, igandea: zintzur bustitzea (12:00) Madarian, muskuluak lur sagarrekin (19:30) Airoski taldearekin eta dantzaldia Ibiliz-ek animaturik. Agorrilaren 15ean, Andredena Maria, meza (11:00), ondotik zintzur bustitzea besta komiteak eskainirik, hauren jokoak (15:00), dantza ikusgarria (17:00) Burgaintzi taldearekin, pilota partida (18:00) desafioa Erregelu Joko Berrin, ondotik talo eta xingar eta besten bururatzea Otxalde taldeak eskaini kantaldiarekin.
Besta on deneri!