Herriz Herri - Hendaia (L) | 2022ko Agorrilaren 04a
Hiri besta - Hondartza plastiko hondakinik gabe
Hiri besta
Agorrilaren 12an iraganen da. Animazio desberdinak antolatuak dira. Adinetakoen bazkaria, 67 urte baino gehiago duten hendaiarrak (12:00), Gaztelu merkatu estalian gomitatuak dira.
“Hiri Bestako” lasterketa (19:00), Gaztelutik abiatuko da, izenak egunean berean emaiten ahalko dira.
Herriko Etxetik besten abiatze ofiziala (20:00), ondotik Zarpai Banda, Baiona Banda eta Angeluko Genets taldeek karrikak animatuko dituzte. Hiri zentroan dantzaldia (22:00), Adatz taldearekin.
Aholkatua da xuri eta urdinez jantzirik etortzea.
Hondartza plastiko hondakinik gabe
Azken kontseiluko bilkuran aho batez hautetsi guziek bozkatu dute “Hondartza plastiko hondakinik gabe” izeneko xarta. “Biodibertsitate Plan Nazionalaren” baitan sartzen da, 2025erako ozeanoetara isurtzen den zero plastikoen helburua lortzeko neurria da.
Hitzarmen hau sinatuz, Herriko Etxeak bere kostaldeko estazioa zaintzeaz gain, ozeanora isurtzen diren hondakinak murrizten lagundu nahi du. Hamabost engaiamendu identifikatu dira, hiru gai nagusitan banatuak: sentsibilizazioa, bilketa-garbiketa-sailkatzea eta prebentzioa.
Hendaiako herria, frantses estatuko 1.077 kostaldeko udalerrietatik, xarta hau sinatzen duen 70.a da.
Haratago, hondakinik gabeko hiria izaitea xedea du, nahiz eta plastikozko hondakinak kutsaduraren %80a izan. “Hendaiarrek nahi bezain garbi ukanen dute hiria, baldin eta haiek ere beharrezko indarrak egiten badituzte” adierazi du Ganix Grabièresek ingurumenaz arduratzen den axuantak.