Ba ote dakixu? | 2022ko Agorrilaren 04a

Ikurrinaren derbia

Gilen Bacho

Ikurrinaren%20derbia

Kirolak, zenbait aldiz, historiarekin bat egiten du. 1976ko abenduaren 5eko euskal derbia, Reala eta Athletic-en artean, maila horretan sartu zen. 17.000 jenderen aitzinean, Atotxako estadioan, Donostian, bi taldeen kapitainak, Inaxio Kortabarria eta Jose Angel Iribar, zelaian ikurrina batekin sartu ziren. Bazuen urte bat Franco zendua zela baina ikurrina oraino debekatua zen.

“Beti frankismoa zen”

Josean Urangak, Realeko jokalari eta “kolpe” horren abiarazlea, denbora horretako testuingurua hitz hauekin laburbiltzen du: “Klase sozial guziek euskal populua osatzen zutela aldarrikatzen zuten. Hilabete zenbait lehenago, Manuel Fraga Iribarnek (barne ministroa) ikurrina igotzeko lehenik haren gorpuaren gainetik pasa beharko zela deklaratu zuen”. 1976an, Francoren heriotzak ez zuen oraino gauza handirik kanbiatu, Salva Iriartek, orduko Realeko jokalariak, erraiten duen bezala: “Libertate seinale zenbait baziren baina beti frankismoa zen”. Testuinguru honetan, idei bat sortu zen Realeko jokalarien izpirituan, euskal derbiaren hastapenean zelaian ikurrinarekin sartzea. Baina, ikurrina bat atzemaitea ez zen errexa. Orduan, Josean Urangak gauzak eskuetan hartu zituen: “Egun, ikurrinak leku guzietan erosten ahal ditugu baina 1976an bakarrik gordeka ahal genituen atzeman. Nire arrebak joste ateleria batean lan egiten zuen. Orduan, baten egitea galdegin nion”. Arriskua jada handia zen baina zailena zen ikurrina zelaira ekartzea gelditua izan gabe. Uranga ez zen konbokatua izan hasierako taldeko jokalarietan. Orduan autoz joan zen Atotxara (Realeko estadioa 1913tik 1993ra). Poliziako kontrolak bazirela bazekien, orduan ikurrina bere Fiat 128ren gibelean tranpa batean, zeinean ordezko errota bazen, kokatu zuen. Kontrolatua izan zen baina poliziak ez zuen ikurrina atzeman. Atotxara heldu eta, Urangak paketea aldagelan ziren jokalarieri leiho batetik pasatu zuen.

“Mementoa zen”

Iribar, Athletic-eko atezaina eta kapitaina, partida baino bakarrik oren bat lehenago sekretuan ezarria izan zen. Dudarik gabe, Athletic-eko jokalari guziek beren adostasuna eman zuten. Iribarrek berantago erran bezala, “mementoa zen.” Bi taldeak zelaian sartu eta, Urangak behar zuen ikurrina bi kapitaineri eman: “Atotxako tunela biziki hertsia zen. Guardia zibileko agenteak denetan ziren. Problema zen ikurrina zelaira ekartzea. Iriartek masajegile baten zakuan gorde zuen, ur botilekin eta belaki batekin gainean. Ni, aulkiaren justu gibelean nintzen. Metro bateko baragailu bat bakarrik bazen eta zelaia justu gibelean. Jarraitzaileek jokalariak hunkitzen ahal zituzten. Bi taldeak jalgi zirelarik, zelaira jauzi egin nuen, zakua hartu nuen eta ikurrina Iribar eta Kortabarriari eman.” Bi kapitainak zelaian ikurrinarekin agertu zirelarik, emozio handia hedatu zen Atotxako harmailetan, Urangak kontatzen duen bezala: “Gure bizitzako memento hunkigarrienetakoa da. Jendeek oihu eta nigar egin zuten. Batzuek 40 urtez errepresioa bizitu zuten, orduan haien erreakzioa izugarri azkarra zen”. Guardia zibileko agente zenbaitek ikurrina kendu nahi izan zuten baina ofizier batek (“besteak baino gehiago pentsatzen zuenak” Iriartek erran bezala) ez mugitzea ordenatu zuen. Donostiako gobernadorea informatua izan zen eta ezer egitea manatu zuen ere. Ez zen errepresiorik izan. Biharamunean, denek ikurrinaren agerraldia aipatzen zuten eta ez batere partidaren emaitza (Realak 5-0 irabazi zuen). Realeko eta Athletic-eko jokalariek euskal gizarteari kuraia eman zuten bere nortasuna goraki errateko. Hilabete bat berantago, 1977ko urtarrilaren 19an, Danborrada bestarentzat, Donostian, ikurrina Konstituzioko plazan altxatua izan zen. Ikurrina berriz onartu zen baina bakarrik 1979an legeztatua izanen zen, Gernikako estatuaren onartzearekin.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3657. zbk

Azalekoa | 2022/08/04

Kirola Euskaraz Ahoan

M.O.

Kirola%20Euskaraz%20Ahoan

Uda huntan haurrentzat kirol elkartea sortu da, Kirola Euskaraz Ahoan izenekoa, Lorea Echeverria eta Antton Seychal-ek dute proiektua abiatu. Lorea Echeverriarekin solastatu gira, azaldu dauku egitasmo berri hunen xedeak zein diren.

Kirola euskaraz egiteko beharra

Lorea Echeverria proiektu huntako partaide bada, ikasketak kirol sailean eginak ditu, igeriketa jardueretan kirol-hezitzailearen estatuko diploma eskuratua du. Gaur-egun ikastolan erakasle baldin bada, bereziki udan, igeri kurtsoak haurreri eskaintzen ditu. Antton Seychal errugbian anitz urtez aritu ondoan, gaur egun Nafarroa errugbi batasunean hezitzaile da. Biek kirola praktikatzen badute, ohartu dira sail horretan, bereziki haurrentzat euskaraz eskaintza guti zegoela.

Lorea Echeverriak azaltzen zaukun igerika erakasten duelarik, beti euskaraz egiten duela, haurrak guti praktikatzen badu ere, ulermena ukanez bere erranak segitzen ditu. Euskarazko jardunaldietan eskas handia izanez, eskaintzen dituen igeri kurtsoetan Oztibarre, Baigorri eta Garazi eskualdetatik Makea arte etortzen dira.

Proiektua eraman dutenak ohartu dira, eskolatik kanpo ingurumen euskaraduna sortzeko beharra zegoela, bereziki kirol alorrean. Ink...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Jacques Laffitte, 11 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016