Jainkoa bizia jendea | 2022ko Agorrilaren 04a
Istorio bitxia
Jean-Louis Davant
Istorio hau ezin sinetsia da, alta bada ez dut asmatua, egiazki gertatua zait. Protagonistak Joana emaztea eta ni, Zuberoa Pettarreko Ürrüstoi-Larrabile herrian bizi garenak erretiroan; Maddi alaba gehiena eta Janbatista senarra, laborari-artzainak Liginaga-Astüen, Atharratzeko mügan, hemendik hogeita sei kilometrotan; horien bi haurrak: Patxi, zazpi urte eta erdiak zituena istorio honen garaian,Maider bost urteetan; bestalde ardi buru beltz andana, udan Aspe bearnes ibarreko bortu goran hartzaren auzo.
2002ko otsailaren bederatzia da, larunbat arratsa. Hamekak irian oheratzen gara Joana eta biak. Iduriz lokartu baiko amets egiten dut: Patxi ezkerreko begi aldetik zauritua da, odola dariola! Begitik zuzenean? Alde gainetik? Alde petik? Atzartzen naiz. Amets ergela! Hameka eta erdiak dira. Lasaiturik lokartzen naiz berriz.
Bat-batean telefona! Punpean jeikitzen naiz, erdi lo. Goizeko zazpiak dira! Nor ote dut aski mentsik igande goiz batez hain destenorez deitzeko? Ene harridurako, Maddi dut.
–Aita, zuen beharra badut. Janbatista minarturik baitut, ezkerreko begitik zauritua. Paueko ospitalera eraman dut barda, haurrak ere autoan harturik. Amarekin jiten ahal zitzait laguntzera?
–Nik: noiz eta nola gertatu zaio?
–Barda arratsean afal aitzin. Axuri sortu berri baten edoskarazten ari zen apaldurik eta ardiak burua umearen aldera itzuliz, Janbatista uste gabean adarraz jo du. Atharratzekomedikura eraman dut, eta horrek Paueko larrialdiak deiturik, harat igorri gaitu.
–Begian du zuzenka?
–Ez, uroski, azpi aldeko hezurrean.
–Berehala hor gaituzu.
Erran eta egin. Hiru egunez egon gara Maddi eta bi haurrekin, hauek astelehen eta asteartez ikastolara lagunduz, hazienda lanetan parte hartuz, eta beste... Astearte arratsaldean Maddik senarra Paueko ospitaletik etxeratu du, gaiztoena gainditurik, osoki sendatzeko bidean ongi sartua. Gu Larrabilera itzuli gara bi arrahaurrekin, biharamuna asteazkena izanez ikastolarik ez baitzuten.
Bizia bere bidetik aitzina joan zaigu. Haatik ene amets bitxi hura ezin dut ahantzi, ez eta endelgatu. Zer motako lotura zuen lehentxeago gertaturiko istripuarekin? Lau jende horietarik zeinek mezua igorri dit, eta nola? Bestela nork? Eta zer bidez etorri zait? Askotan pentsatzen egona naiz, erantzunik aurkitu gabe.
Bigarren galdera bat, lehenari lotua eta hori bezain hutsal gelditzeko arrisku handitan dagoena.Kristau fededuna izan arren, magia itxurako mirakulu hutsean sineste guti dut, ene ustez Jainkoa lege naturalen bidez ari baita, berak sortu dituen bezala: itxura harrigarria hartzen duten gertakizunak ez ote dira gertatzen gu baitan ditugun ahalmen ezezagun batzuen arartez? “Hire fedeak sendatu hau” erranaldiak ez ote du holako zerbait adierazten? Indar ezezagun horien piztean balego giltza, gakoa? Nork pitz ditzake? Eta nola? Biologoek eta psikologoek badute zer egin, teologoek ere naski…