Gure Hitza | 2022ko Irailaren 22a

Ondarea gogoan

Janbattitt Dirassar

Iragan dira beraz Ondarearen Egunak. Oro har, ukan dute arrakasta ederra. Zernahi hitzordu eskuin eta ezker. Mota guzietarik. Egia da ondareak biziki eremu zabalak hartzen dituela eta anitz gisetara. Ondare hitza bera kasik arrotza ginuen haatik ez oraino hain aspaldi. Gaurregun noiznahi sartzen dugu gure solasetan.

Joan den egunean norbaitek hauxe erraiten zaukun, gai hori gogoan, egun guziak ontsalaz ondarearenak behar gintuzkeela, ez bakarrik urtean asteburu bat. Hori ere egia handia izan behar da.

Behin, euskaltzale argi batek gauza bera erraiten zuen euskararentzat. Ez dela euskararen egunik izaiten ahal, egun guziak hala direla eta gisa hartarat behar dugula beraz bermatu eta ernatu.

Behin, gertatu nintzan Estrasburgo hirian eta segitzaile batzuekin bisitatu ginuen hango katedrala, munduko ederrenetarik izan behar dena. Obran ari ziren karraskan. Norbaitek galdetu zuen noiz arte iraun beharra zuten obrek. Hango arduradun batek ihardetsi zion irriño batekin: "hemen, alde bat obran ari dira, sekulan ez dira gelditzen, beti bada nun zer egin, alde batean ez bada bestean!".

Hain urrun joan gabe, gure eskualdean berean ere, noiznahi obrak badira eliza eta kaperetan. Hori ez da haatik ondarearen alderdi bat baizik. Gauza bera erraiten ahal da jauregi edo gazteluetaz. Gutien ustean obra beharretan izaiten dira. Bereziki fama handiena dutenak.

Artetik erraiteko, han-hemenka badira ere haatik arrunt beren gisa utziak. Kasik ezin sinetsia ere baita eta bizkitartean ezin ukatua. Kasu hortan da Hazparnen, Zelai auzoaldeko kasko argi batean Zalduko jauregia. Handik so egonez, ikaragarriko bixta ederra baduzu begien aitzinean! Noizbait, bainan aspaldiko istorioa da, entseatu nintzan onez onean jakiterat norena zen eta zendako nehork ez zuen gehiagoko artarik hartzen toki xoragarri batean den eraikin xahar hortaz. Debaldetan, nihundik ez bainuen garbitasunik batere ukan. Jabea, Frantzia behere hortan nunbait ditakeela eta besterik ez. Sekulan ez biziki agertzen Hazparnera!

Ondarean sartzen dira ere beste eraikin anitz eta anitz. Bai eta itsas-bazterra, nola ez, paregabea dena burutik buru. Portuak ere beraz. Ahantzi gabe oihanak. Uda huntan usaian baino aise gehiago aipatzen direnak, gaitzeko suteak izan baitira, idortearekin burrustan hedatu direnak, gehienak haatik jendearen ezazolkeria edo futitukeriaz, edo berdin maltzurkeria hutsez. Gauza ahalgingarria da hori bainan hola da!

Landesetan eta Bordeleko aldean, nolako makurrak ez dituzte jasan! Oihan eta larre ikaragarriko eremuak erre kiskilduak, jende frangok beren etxetik joan behar! Kanpaleku asko itsuski fundituak! Keak berak ere kalte frango eginez!

Ondarea aipatzen dugunean haatik, laster gogora heldu zauku bixtan da guhauren nortasun guziz baliosa eta nortasun horren zimendu premiatsu dugun mintzaira, gure euskara maitea. Bai, egia da sail hortan urteak jin eta urteak joan, izan direla aitzinamendu preziagarriak bainan eskasegiak halere, aise eskasegiak! Zonbat jestu hor gaindi bi urratsen aitzinerat egiteko! Zonbat traba, dena estakuru eta mintukeria! Berrikitan oraino, etsaminak euskaraz pasatzea aztertzearekin! Noiz arte hoinbeste molde txar? Nor da gutaz hola trufatzen?

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3661. zbk

Gure Hitza | 2022/09/22

Ondarea gogoan

Janbattitt Dirassar

Iragan dira beraz Ondarearen Egunak. Oro har, ukan dute arrakasta ederra. Zernahi hitzordu eskuin eta ezker. Mota guzietarik. Egia da ondareak biziki eremu zabalak hartzen dituela eta anitz gisetara. Ondare hitza bera kasik arrotza ginuen haatik ez oraino hain aspaldi. Gaurregun noiznahi sartzen dugu gure solasetan.

Joan den egunean norbaitek hauxe erraiten zaukun, gai hori gogoan, egun guziak ontsalaz ondarearenak behar gintuzkeela, ez bakarrik urtean asteburu bat. Hori ere egia handia izan behar da.

Behin, euskaltzale argi batek gauza bera erraiten zuen euskararentzat. Ez dela euskararen egunik izaiten ahal, egun guziak hala direla eta gisa hartarat behar dugula beraz bermatu eta ernatu.

Behin, gertatu nintzan Estrasburgo hirian eta segitzaile batzuekin bisitatu ginuen hango katedrala, munduko ederrenetarik izan behar dena. Obran ari ziren karraskan. Norbaitek galdetu zuen noiz arte iraun beharra zuten o...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Jacques Laffitte, 11 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016