Herriz Herri - Hazparne (L) | 2022ko Irailaren 22a

Herriko kontseiluko berri - Ezkia ikastolak 50 urte - Zine-eztabaida

Herriko%20kontseiluko%20berri%20-%20Ezkia%20ikastolak%2050%20urte%20-%20Zine-eztabaida

Herriko kontseiluaren bilkura

“Biharko Herri Ttipi” programan sartua da Hazparne eta ondorioz hartzen diren erabaki gehienak sail hortan barne dira. Programa hori bost sailetan banatua da:

- Diren bizitegien berritzea eta hutsak direnak berrerabiltzea.

- Herrian komertsioaren bultzatzea.

- Toki goxo batzuen sortzea herri landaretsu eta baketsu batean.

- Herri bizi, kirolzale eta herritarra egin.

- Ondarearen ezagutaraztea.

Sail horietan bermatuz, hautetsiek auzapezari baimenak eman dizkiote behar den organismoekin solastatzeko eta laguntzak galdegiteko: hiri erdiaren obrentzat, gaztetxea gauzatzeko, kaperaren azken lanak egiteko.

Jadanik aipatua dugun Duhart etxeari buruz berriak zehazten ari dira. Ikerketak egiten ari dira, bainan erran daiteke oraindanik adinekoentzat toki partekatu bat sortuko dela. Zortzi bizitegi izanen dira, egoiliar bakotxak bere egoitza ukanen du, bainan gela eta ekintza amankomunak izanen dira ere. Adinekoen bakartasuna haustea da helburua. Hortan berezitua den Gurekin elkartearekin lan eginen da.

Ikerketa sakona egin da, herrian bizikletadunentzat eta oinezkoentzat sortzen ahal diren guneak aipatuz. Afera ez da batere errexa, autoa errege den guneak apailatu behar direlako. Lan luzea izanen da. Frango fite, eskola publikoen biribilgunea eta hortik hurbil den saltegirako bidean zerbait eginen da. Geroan kartierrekin lotura nola egin pentsatuko da, beti egin ikerketa horren erranetan finkatuz.

Aitzinetik bozkatu zen buxeta berrikusi da, sail batzuetan soberatu dirua beste sail batzueri emanez.

Diru laguntzak bi elkarteentzat bozkatu dira: herri erdian plantatuko den Fab-labea eta Urtsun burdinezko pasaiak zaintzen dituen elkartearentzat.

Zelaian 4G indarra plantan errezebitzeko gisan, behar dena eginen dela deliberatu da.

Egoitza hutseri zerga baten pagaraztea deliberatu da. Bi urtez bederen hutsak egon diren egoitzak dira aipatzen. Hazparnen 424 egoitza huts badira. Horietarik 236ek tasa hori pagatu beharko dute.

Argiak, argindarra izarian erabiltzeko arrazoiak gero eta gehiago izanez, hara zer eginen den. Kartierretako argiak itzaliko dira, gauerdi eta goizeko 6ak artean. Bestalde denetan anpoila motak aldatuko dira. Herri erdian ere, emeki-emeki argitzea ttipituko eta hobetuko da. Erran da hortaz badakien den organismo batekin lan eginen dela. Jakin behar da argitzea guttitu den herrietan, gertatuan finkatuz ez dela gaixtagintza emendatzen neurri horiek hartu eta.

Bukatzeko, erran da hiri erdiko obrak hilabete hunen 26an abiatuko direla eta 10 hilabete iraunen dutela. Miaketen ondotik sorpresarik ez bada eliza sahetseko plazan, hortik abiatuko dira obrak eta ondoko karriketara hedatuko.

Ezkia ikastolak 50 urte!

Iragan larunbatean prentsaurreko batekin hedatu du berria: ikastolak 50 urte baditu!

Alabainan, 1972an sortu zen 6 ikaslerekin. Aurten 150 badira. Artean, auzo herrietan ere ikastolak sortu dira: Arberuan, Lekornen eta Beskoitzen. Horri esker Hazparne eskualdean 310 haurrek euskara ikasten dute eskolan.

Ikastolaren historia eta urtemuga hunen karietara eginen dena xeheki aipatuko dugu ondoko egunetan, bainan oraindanik jakin behar da lehen ekintzaren berri. Irailaren 25ean, igandea, hitzordua emana da Santa Terexa eskolako aparkalekuan, hortik abiatuko da usaiaz kanpoko ibilaldia. Astoek lagundurik ibilaldi komentatua proposatua da, Sohano auzoan gaindi. Hunek hiru oren iraunen du eta 12 urtez goitikoentzat egokia da.

Hara lehen ekintza. Hilabetero zerbait apailatua da eta hortaz jakinean atxikiko zaituztegu urtea joan arau.

Zine-Eztabaida: buruilaren 22an ostegunez Haritz Barnen

Gaualdi hau Departamenduarekin antolatua da, “Seuil” elkartearen partaidetzarekin. Hunek zailtasunetan diren gazteak laguntzen ditu oinezko ibilaldiak erabiliz hortako. “Démarche” filmak arrunt gaizki den nerabe baten urratsak aipatzen ditu: “Eleonore denetan gaizki da: familian, eskolan… hots bizian. Seuil elkartearekin tratu bat egin du, hiru hilabetez Konpostelako bidean ibiliko da Ibañetatik Portoraino, 1.500km, 20 egun bakotx, musika eta telefonorik gabe! Badaki, tratua ez badu errespetatzen dena hausten duela. Egunez egun Eleonorek askatasuna ikasten du eta bidaia hau egiazko terapia bat bihurtzen da.” Dokumentala Stéphanie Paillet-ek egina du, 47 minutu irauten du.

Filma 20:30etan emanen da, aitzin, mintzatu nahi duena etor daiteke (19:30) eskainiko den askarira. Sartzea kitorik da.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3661. zbk

Gure Hitza | 2022/09/22

Ondarea gogoan

Janbattitt Dirassar

Iragan dira beraz Ondarearen Egunak. Oro har, ukan dute arrakasta ederra. Zernahi hitzordu eskuin eta ezker. Mota guzietarik. Egia da ondareak biziki eremu zabalak hartzen dituela eta anitz gisetara. Ondare hitza bera kasik arrotza ginuen haatik ez oraino hain aspaldi. Gaurregun noiznahi sartzen dugu gure solasetan.

Joan den egunean norbaitek hauxe erraiten zaukun, gai hori gogoan, egun guziak ontsalaz ondarearenak behar gintuzkeela, ez bakarrik urtean asteburu bat. Hori ere egia handia izan behar da.

Behin, euskaltzale argi batek gauza bera erraiten zuen euskararentzat. Ez dela euskararen egunik izaiten ahal, egun guziak hala direla eta gisa hartarat behar dugula beraz bermatu eta ernatu.

Behin, gertatu nintzan Estrasburgo hirian eta segitzaile batzuekin bisitatu ginuen hango katedrala, munduko ederrenetarik izan behar dena. Obran ari ziren karraskan. Norbaitek galdetu zuen noiz arte iraun beharra zuten o...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Jacques Laffitte, 11 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016