Herriz Herri - Senpere (L) | 2022ko Irailaren 22a

Errugbi denboraldia - Herriko kontseilua - Antzerkia - AEK izen emaitea - Pilota

Errugbi%20denboraldia%20-%20Herriko%20kontseilua%20-%20Antzerkia%20-%20AEK%20izen%20emaitea%20-%20Pilota

Errugbi denboraldia abian

Azken bi urtetako txapelketak lehenbailehen ahantzi behar dira, gure taldeak ez baitu bere irudi hoberena erakutsi. Egia erran biziki kirolari gazteekin arizan da, esperientzia eskasa sentitu da. Hortarako aurten, taldea ongi azkarturik, denboraldi berri huntan buru-belarri sartuko da. Zuzendaritzan bikote bat jarria da, Mikel Guerendiain eta Clément Ozcoidi, baita kirol zelaian trebatzaile lanetan David Gaillet eta Cyril Pamphile. Bizkarrezur hunen inguruan, beren laguntza ekartzeko errugbilari adineko batzu prest agertu dira, hara nola Ximun Lucu profesional mailatik heldu zaukuna, baita Paxkal Borthaire baloi jaurtitzailea. Erregional 2 mailan engaiatuak dira, herrialdeko txapelketan, 7. multzoan, lehen partida irailaren 18an, herriko kirol zelaian jokatuko da. Hemen aurkituko dituzte Euskal-Herriko eta Biarnoko ekipoak: Barthez/Lagor, Uztaritze/Jatsu, Asasp/Arros, Pontacq, Azkaine, Aspe, Nafarroa 3, Ziburu eta Billere/Lescar. Aspalditik kirol mailan errugbiak leku handia ukan du, oroituz hiruetan Frantziako txapela lortu izan duela. Denek, xede eta esperantza hoberenarekin, aitzina jo nahi dute. Aupa Senpere!

Azkeneko herriko kontseilua

Punturik garrantzitsuena izan da, Euskal Elkargoak egin duen Senpereko PLU delakoaren proiektuaren aldeko abisu ematea: 15 boz alde, 11 xuri eta 3 parte hartu ez dutenak. Inkesta publikoa iragana zen, maiatzaren 23 eta ekainaren 24a artean, 113 oharpeneri banan-bana erantzuna ekarria izan da. Hunen ondorioz zentzuzko aldaketa ttipi batzu ekarriak izan dira, herriko bost auzo nagusienetan, Karrika, Ibarrun, Amotze, Lakua, baita Lizardia.

Ohartzekoa ere, tentsio pittin batekin, bi eztabaidetan, gehiengoek xuri bozkatu dutela ezadostasuna agertuz herriko lanpostu batzuen inguruan. Bertze deliberamenduek ez dute arazorik sortu.

Bertzalde Paxkal Irubetagoyenak, bere axuant kargua uzten du, halere bere alorrean hautetsi bezala segituko du, haur, eskola eta eskola inguruko zerbitzuetan. Komunzki, datorren herriko kontseiluan axuant berri baten izendatzea izanen da.

Jacques Schreiber, sozial zerbitzuetako axuantak, txosten luze baten bitartez, azken urteko bilana azaldu du, lana ez da eskas gaurko egunean.

Azken batean, Amaia Gobet-ek aipatu du eskoletako garraioekin ikasle batzuk jasan dituzten gertakari kezkagarriak, Euskal Elkargoko mugikortasun sindikatua hauen konpontzen ari da.

Antzerkia ortziralean Larrekon

Irailaren 23an (20:30), Luis, Nathalia eta Rebecca mexikar artistek aurkeztuko dute gaur-egungo antzerkia “Si quelqu’un me le demande, je n’étais jamais là” tituluarekin.“La Machine à Pingouins” konpainiatik heldu dira, Antonieta Rivas Mercado pertsonai publikoa deskubritzera gonbitatzen gaituzte. Emazte hunek, artista, baita militante politikoa, sekulako lana eraman du emazteen eskubideen alde, Mexikon kulturaren ikurra bezala ezagutua da. Erreserbak Euskal-Herriko turismo bulegoetan, sarreran bertan, xehetasun gehiago deituz 05-59-54-11-69.

AEK: izen emaite eguna

Ortzegun arrats huntan, irailaren 22an (16:00-19:30), Denen Etxean, iraganen da euskara ikasi eta hobetu nahi dutenen izen emaitea. Xehetasun guziak: azkaine@ek.eus webgunean.

Kiroleri keinu

Union Basque txapelketaren kondu, Itsasuko plazan iragan partidetan, Senperetik bi ekipoek parte hartu dute. Umetxoak A mailan Hacala Matiu/Carricaburu Mattinek 19/30 galdu dute Kanboarrak-en kontra eta helduak 1. mailan Etcheverry Adrien/Jaureguy Ellande galtzaile Itsasuarrak-en kontra, 27/30.

Bestalde berri txar bat jakin da, Philippe Chaperon-en heriotzearekin, 66 urtetan, arduradun eta zuzendari egon baita luzaz tenis elkartean. Doluminak hunen familiari.



Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3661. zbk

Gure Hitza | 2022/09/22

Ondarea gogoan

Janbattitt Dirassar

Iragan dira beraz Ondarearen Egunak. Oro har, ukan dute arrakasta ederra. Zernahi hitzordu eskuin eta ezker. Mota guzietarik. Egia da ondareak biziki eremu zabalak hartzen dituela eta anitz gisetara. Ondare hitza bera kasik arrotza ginuen haatik ez oraino hain aspaldi. Gaurregun noiznahi sartzen dugu gure solasetan.

Joan den egunean norbaitek hauxe erraiten zaukun, gai hori gogoan, egun guziak ontsalaz ondarearenak behar gintuzkeela, ez bakarrik urtean asteburu bat. Hori ere egia handia izan behar da.

Behin, euskaltzale argi batek gauza bera erraiten zuen euskararentzat. Ez dela euskararen egunik izaiten ahal, egun guziak hala direla eta gisa hartarat behar dugula beraz bermatu eta ernatu.

Behin, gertatu nintzan Estrasburgo hirian eta segitzaile batzuekin bisitatu ginuen hango katedrala, munduko ederrenetarik izan behar dena. Obran ari ziren karraskan. Norbaitek galdetu zuen noiz arte iraun beharra zuten o...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Jacques Laffitte, 11 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016