Herriz Herri - Uztaritze (L) | 2022ko Irailaren 22a

Heriotza - Apez sartzea - Haur gazteen kontseilua - Hitzorduak

Heriotza%20-%20Apez%20sartzea%20-%20Haur%20gazteen%20kontseilua%20-%20Hitzorduak

Heriotza

Uztaritzen irailaren 8an Mixel Fernandoren heriotzaren berria ihurtzuri baten abiaduran hedatu da. Mixel zendu da Espainian, Aragoneko Huezka ondoan den Beranuy herrian, bideko istripu batean motoan zoalarik. 1962ko agorrilean sortua, 60 urteak bete berriak zituen. Esposatua zen, 3 mutikoen aita: Pierre, Julien eta Paul, Etxehasia auzoan eraikia zuen familia hazteko etxea. Laboratorio batean egiten zuen lan eta helduxea zen erretretako adinera. Herriko hautetsi egina zen, 2020az geroztik auzapezaren gehiengoan, Heraitze auzo batzordearen ardura bere gain zuela. Bere kargua ere zen bideetako eta eraikuntzetako obren segitzea, denek aitortzen duten bezala ongi heltzen zen asko proiektu aitzinatu baitira haren medioz. Hautetsietarik eta herriko langiletarik osoki estimatua zen. Aspalditik elkarteen bizian engaiatua zen, bereziki Kapito Harri pilota batasunean, pilotaren alde anitz lan eta zerbitzu egiten zuela. Funtsean Paul eta Pierre bi semeak pilotariak dira, luzean eta atxiki ttipian ari direnak. Gorputza joan den ortziralean Hegoaldetik ekarria izan da eta pasa den astelehen arratsalde huntan ukan du ehorzketako meza ederra auzapezak, Kapito Harriko buruzagi batek eta bertze lagun batek ekarri lekukotasun hunkigarriekin. Françoise bere espos lagunari eta semeeri hemendik dolumin bihotzekoak eskaintzen ditugu.

NB: Duela urte multzo bat pilota elkartearen inguruan ezagutu zintudanetik, Mixel anitz estimatzen zintudan, arraileria frango erabili dugu, zure umore ona eta irri pollita faltatuko zaizkit. Ez adiorik Mixel. BS

Apez berria etorria

Joan den igandean Jondoni Bixintxo elizan, Errobiko Salbatore parropian, Beranger Mabounda apezak sartze ofiziala egin du. Congo Brazzaville erresuman sortua, han berean ikasketak eginik, 2011ko uztailaren 30ean apez ordenatua izan da, Pointe Noire hiriko diozesan. Garai batean Euskal Herrian apezez aberats ginelarik, hemengo batzu Afrikara misionest joaiten ziren. Haizea itzuli da eta orain handik etorri batzu ditugu gure herri batzuetan misiolari. Béranger apeza hola etorria da, ''Fedearen emaitza'' dohainaren izenean. Euskal Herrira etorriz geroztik, 2018ko urritik gaur arte, Uhabiako Joanes Batixta (Arrangoitze, Arbona, Ahetze, Basusarri) parropian zen eta ber denboran lau urte horietan L'Argenté Baionako ikastetxean omoniergoa segurtatu du. Euskararen ikasten ari da eta nahiz ez oraino ez trebe, borondatea badu hortarako. Parropiaren izenean Jean Bontan jaunak ongi etorri beroa egin dio eta segituan ''Agur Jaunak'' kantatua izan zaio. Gaztea da, azaroan 40 urte beteko ditu. Bere hitzartzean esperantza bizi bat agertu du, laketuko dela Errobiko Salbatore parropian. Nere partetik hau erran nahi nuke:

Euskal Herrian apez berriak nola daitezke emenda

Fedean azkar irautekotan beren presentzia on da

Jaunak igorri apez berrian kristauak dezake konda

Zeruko aita otoitz dezagun ta diezaiogun gomenda

Ongi etorri bihotz bihotzez egun Beranger Mabounda

Haur gazteen kontseilua

Irail hastapen huntan herrian haur eta gazteen kontseilua moldatua izan da, 20 bat kidez osatua, neska-mutiko parekotasuna errespetatua eta auzo guziak ordezkatuak. Dirudienez denak doatzi 11 eta 15 urte artean. Taldetxo hori osatu da buraso, ikastetxe eta hautetsien elkarlan baten ondotik. Lehenbiziko biltzarra auzapezarekin eginen dute, ortzirale 23 huntan(18:00), Gaztelondoan. Ondoko astetan aipatuko dena.

Hitzordu batzu

Hurbileko hitzordu batzu: ortziralea 23a Heraitzeko zentroak 70 urte (ate idekiak), ortziraletik igandera (23-25) Arruntzako bestak, ortzeguna 29a kontseiluko biltzarra Landagoienen (19:00), urria 2a igandea Lapurtarren Biltzarra, urria 3tik 9ra aste urdina CCAS herriko ekintza sozialen zentroak antolaturik. Denen berri ondoko astetan.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3661. zbk

Gure Hitza | 2022/09/22

Ondarea gogoan

Janbattitt Dirassar

Iragan dira beraz Ondarearen Egunak. Oro har, ukan dute arrakasta ederra. Zernahi hitzordu eskuin eta ezker. Mota guzietarik. Egia da ondareak biziki eremu zabalak hartzen dituela eta anitz gisetara. Ondare hitza bera kasik arrotza ginuen haatik ez oraino hain aspaldi. Gaurregun noiznahi sartzen dugu gure solasetan.

Joan den egunean norbaitek hauxe erraiten zaukun, gai hori gogoan, egun guziak ontsalaz ondarearenak behar gintuzkeela, ez bakarrik urtean asteburu bat. Hori ere egia handia izan behar da.

Behin, euskaltzale argi batek gauza bera erraiten zuen euskararentzat. Ez dela euskararen egunik izaiten ahal, egun guziak hala direla eta gisa hartarat behar dugula beraz bermatu eta ernatu.

Behin, gertatu nintzan Estrasburgo hirian eta segitzaile batzuekin bisitatu ginuen hango katedrala, munduko ederrenetarik izan behar dena. Obran ari ziren karraskan. Norbaitek galdetu zuen noiz arte iraun beharra zuten o...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Jacques Laffitte, 11 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016