Jainkoa bizia jendea | 2022ko Irailaren 22a

Eginbidea

Maite Irazoki

Elixabet II. erreginaren heriotzak hitz bat atzarrarazi du: Eginbidea. Eta haize firfirak mundu osoan hedatu du, kasik isilka, goxoki, lagunaren beharrian sekretu bat xuxurlatzen den bezala, ongi jakinik berriaren hegalek zabalduko dutela. Bat bertzeari berria errepikatu da: eginbidea, devoir, eginbeharra, deber, to have to, müssen, dovere, phai, zien, moet, mun kudu… Herrialdetan, erresumetan, hizkuntza guziek oihartzun egin dute. Munduan zehar jendea altxatu da, xumeak eta xinpleak, langileak eta zuzendariak, langabe direnak eta lehendakariak, ohartuz emazte baten bizi osoa hitz horrek kudeatu duela. 96 urtetan, hil baino bi egun lehenago, Elixabet erreginak lehen ministro berria errezebitu du, xutik, irriño argitsu eta zoriontsu batekin. Bere eginbidea bete du. Beren subiranoarengandik espero zutena, azkeneraino egin du. Nolaz bada hitz horrek, egun gutizholako indarra hartu du? Ahantzi ote zen eskubidea eginbideari lotua dagoela?

1947ko apirilaren 21ean, oraindik Elixabet printzesa zelarik, mintzaldi solemne batean hitzeman zuen urbi eta orbi, aurrerantzean bere herrialdea "zerbitzatuko" zuela, "sagaratze ekintza"batean aginduz: "Nere bizitza osoa, luzea edo laburra izan, zuen zerbitzuko eta Inperioko gure familia handiaren zerbitzuko izanen da". 21 urte zituen eta 75 urtez agindua egin du. Hitza hitz!

Iraunkortasun hori munduak miresten du. Gure mendebaldeko gizartea mugikortasunaren gizartea da. Familiak, lanak, lagunak, erlisioneak, ideiak, bizitzeko moldeak, haurrak altxatzeko modeloak, egoitzak, tresnak, den-denak mugikorrak dira, aldakorrak, gorabeheratsuak. Klima ala aroa bera mugikorra da. Itsasoko ur gainean ibiltzen diren surf egileak bezala, mundua irristailuaren erresuma bilakatu da. Mugikortasun iraunkor eta orokortu hunetan, Elixabet erreginaren pertseberantziak, jarraikitasunak nortasun azkarra atxiki du eta haren heriotzak denbora gelditu du.

Kontraste harrigarri hunek halako bat egiten du. Hainbertze urtez, gorabehera anitz ukan ditu bai bere familian, bai bere erresumetan, bai ikusi dituen politikako emazte eta gizonetan. Itsasontziko edozoin kapitain bezala norabidea atxiki du, never complain never explain: sekulan ez pleinitu, sekulan ez justifikatu. “Bere barnean irauten oinazez ikasia” dio bertsulariak.

Bere 21 urtetako hitzaldian, erregina izan aitzin, bigarren munduko gerla bururatu eta laster, orduko zailtasunak ez zituen baztertu ez apaldu, ez eta ezabatu, bainan jende guziak gomitatu zituen erresilientziarako aukera horri lotzea, “fedea, kemena eta bihotz lasaia” agertuz. Bururatu zuen hitz hauekin: “Jainkoak lagun diezadala agiantza hori betetzen eta benedika ditzala horretarako prest zaudezten guziak.”

Eginbidea eta Iraunkortasuna uztartu ditu, fedearen bitartez, bere erregina lana bururaino eramaiteko. Lan xumea izan dadin ala lan ospetsua, ongi egiteak du balioa.

Eginbidea eta eskubidea uztartzen dira zuzentasuna gauzatzeko. Iraunkortasuna eta mugikortasuna uztartzen dira bizia elgarrekin eramaiteko.

Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3661. zbk

Gure Hitza | 2022/09/22

Ondarea gogoan

Janbattitt Dirassar

Iragan dira beraz Ondarearen Egunak. Oro har, ukan dute arrakasta ederra. Zernahi hitzordu eskuin eta ezker. Mota guzietarik. Egia da ondareak biziki eremu zabalak hartzen dituela eta anitz gisetara. Ondare hitza bera kasik arrotza ginuen haatik ez oraino hain aspaldi. Gaurregun noiznahi sartzen dugu gure solasetan.

Joan den egunean norbaitek hauxe erraiten zaukun, gai hori gogoan, egun guziak ontsalaz ondarearenak behar gintuzkeela, ez bakarrik urtean asteburu bat. Hori ere egia handia izan behar da.

Behin, euskaltzale argi batek gauza bera erraiten zuen euskararentzat. Ez dela euskararen egunik izaiten ahal, egun guziak hala direla eta gisa hartarat behar dugula beraz bermatu eta ernatu.

Behin, gertatu nintzan Estrasburgo hirian eta segitzaile batzuekin bisitatu ginuen hango katedrala, munduko ederrenetarik izan behar dena. Obran ari ziren karraskan. Norbaitek galdetu zuen noiz arte iraun beharra zuten o...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Jacques Laffitte, 11 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016