Herriz Herri - Uztaritze (L) | 2022ko Azaroaren 24a
Estreinaldi - Berri labur
Estreinaldi
Joan den ortziralean, Kapito Harri gunean duen lantegian, Duhalde enpresak eraiki bulego berriak estreinatuak izan dira. Eraikuntza urte pare bat huntan hasia zegoena, orain bukaturik, lankideentzat oso egokia. Eraikuntza estilo modernoan kontzebitua, 18 bulego gela dituena, hiru solairutan banatuak ongi berinatuak eta argituak, gaineko solairuan ere daukatela sukalde eta jangela bat tokian berean lan egiten dutenek baliatzen ahal dutena, terraza batzuekin. Erran gabe doa bulego horietan aurkitzen direla eraikuntzan ari diren langile desberdinak: diseinatzaile, neurtzaile, obren gidari, idazkari, kontu-egile eta nagusiak. Eguna hasi da 20 bat pertsona biltzen zirela, partikularki familia eta adiskide, eraikuntzaren bedeinkapen batekin. Ospakizun sinplea Beranger Mabounda apezak gidatu duena, otoitz, kantu, enpresari zoakion fededunen otoitz berezi batekin, gomendatuz Jainkoari familia osoa, langileak, eraikuntza bera eta enpresak dauzkan lanerako material osoa. Egiazki bedeinkapenegokitua, han zireneri plazer egin duena. Enpresak gaur egun 180 langilez gora ditu. Bulegoen bisita baten ondotik denak bildu dira Larresoroko polikiroldegian, jada biltzen ari zirela enpresaren langile multzo bat eta enpresarekin harremanak dituzten zonbait lagun, orotara 130 bat bazkaltiar. Zintzur bustitze batekin hasi da eta bazkari ontto batekin segitu. Bi urtez holako biltzarra ez zen antolatu Covidaren arazoarekin. Bazkal ondoan, 2019az geroz erretreta hartu duten 5 langilek (4 gizon eta emazte bat) sari bana eskuratu dute, ohorezko makila bat gizonentzat eta beste opari bat emaztearentzat (ikusi ez dudana). Bost erretretatuak ziren: Sabine Alberdi, Patrick Serrano, Marzel Weber, Mixel Moncla eta Beñat Zamora. Erretreta luze eta on bat desiratzen diegu. Arratsaldean bestak ongi ilundu arte segitu du. Segi dezala enpresak luzaz bizitzen, nahiz Jean-Jacques nagusiak aitortu duen segidaren segurtatzeaz oroitu behar duela eta ez dela lan errexa izanen. Bainan zuk Graxi ongi dakizu holako baten berri ez?
Berri labur
Iragan astean aipatu sortzaileen merkatua azkenean ezeztatua izan da, asteburuko aro txarrarengatik. Bainan denak kontziente dira lurrarentzat euriaren beharra badagoela. Ondorioz merkatu hori eginen da ondoko aste batez.
Obra batzuen egiteko Enedis enpresak elektrika mozte batzu eginen ditu, abenduaren 14an asteazkenez (9:00-14:00). Hunkituak izanen diren karrikak dira: Sarburieta, Moka, Bordabaita, Xopolo, Inthatarteak eta Senduraenea. Gomendatua da biztanleri zuhurtzia osoa elektrika tresnekin.
Heraitze eta Arruntzaren ondotik San Mixel auzoko batzordeak eginen du bere biltzarra, ortzirale huntan (20:00), Landagoieneko gelan.
Heraitzen heldu den asteburu huntan Santa Katalina ospatuko da, ''Les amis de la Chapelle'' elkartearekin. Izanen da biltzar nagusia, meza eta beste abusagailu. Denen berri ondoko asteetan.
Jodo arte martzialean ari den “Budo Pays Basque” elkartea Marseillan izan berri da, lurraldeko ikasketa batean. Uztaritzeko Ekain Cachenaut andere gazteak, 16 urtetan bigarren hozkara igotzea erdietsi du. Goresmenak!