Euskal diaspora | 2022ko Azaroaren 24a
Jean Bordaxar Uruguai eta Argentinako Euskal Herrian bisitari
Joseba Etxarri
Montevideo, Uruguai. Emozioak zinez hunkituta ari da hiru hilabetetarik goitiko bidaia eta egonaldia egiten Uruguai eta Argentinan Jean Bordaxar xiberotar kantari, musikari, dantzari, pastoralgile eta kulturgile handia. Urrun izanik, ez da sobera urrundu bere sorleku Arrokiagatik, etxekoen artean baita, Diasporan deskubritu zuen familiaren berotasun eta konplizitatea lagun. Rio de la Platako familia eta heien mundua bertatik bertara ezagutzeko xedeak ekarri zuen hunat. Izan ere, prozesu batean da, urteak baitira arrokiagatarrak ongi eta hurbiletik ezagutzen zuela Diaspora, besteak beste ikerketa polita egin zuelarik 2012an 'Joxe Mendiague' pastoralaren idazteko [Mendiague, Otaño, Diasporatik Euskal Herriari egin zaizkion ekarpenen lehen mailako adierazgarri], baina baita ere Kalifornia eta Ipar Amerikako euskal komunitateak eta Quebec eta Parisekoak ere hainbatetan kurriturik, horietan guzietan ibili baita; han ikusi zituen Diasporako euskaldunak nigarretan arras hunkiturik Euskal Herritik ekarri kantu, dantza eta lekukotasuna heiekin partekatuta; baina hunakoa desberdina da, bisita itzultzen ari baitie Uruguaiko 'kusieri'. 2012an 'Joxe Mendiague' Arrokiagan eman zuelarik, ez zuen ezagutzen Uruguaiko bere familia, ez zekien bazuenik, baina duela bost bat urte jin zitzaizkion Arrokiagara, 1840etan Mendikota eta Arrokiagatik abiatu ziren heien arbasoen xerka, eta bi ahizpa, Adriana eta Silvana Gambogi Irigaray ezagutu zituen. Egun hauetan, Uruguaiko familiak eman dio liburu bat 1909an agertu zena, zenbait kantuekin euskaraz... Diasporan Euskal Herriaz, euskal kulturaz, euskaraz, norberaren familiaz ikastea posible baita...
Bidaia pertsonala du hunakoa Jean Bordaxarrek, baina hartu eta eman ere nahi izan du. Xantza baliatu eta partekatu nahi izan ditu bertako euskal etxe eta euskaldunekin berak bizitzan hobeki landu, berritu eta aitzinarazi dituen kultur alorretako batzuk. Honela, aste huntan berean, Buenos Airesera pasa eta hitzaldia emanen du Iparraldeko Euskal Etxean pastoralez eta biharamunean xiberotar dantza ikastaroa elkarteko trinketean; eta ondotik gauza bera eginen Tandileko Gure Etxea Euskal Etxean eta gibelera Montevideon, Unibertsitatean, Norma Rios, Carolina Minaberry eta Leonat Egiazabal lagunak izan dituela lankide. Eta onena, urtarrilean alaba jinen zaio bisitan, Diasporaren transmisioak eta bertatik bertarako ezagutzak, hunkitzeko gaitasunak, belaunaldi berrietan ere segitu behar baitu, aukera eman behar baitzaio segidari. Zorionak, Jean, zorionak Diaspora!