Azalekoa | 2022ko Abenduaren 08a
Bortizkeria geldiarazteko, arazoa iturritik hartu
M.O.
2020ko urrian, astekari huntan aipatu ginuen Uztaritzeko Etcharryko hezitzaile eskolan ziren gazte batzuen proiektua. Bi urte berantago guri buruz hurbildu dira, orduetan hasi lanaren berri emaiteko. Florian Miot-Bruneauk egina, Maixan Noblia eta Anna Lasfarguek dokumentala aurkeztu daukute.
Bi urteko lanaren fruituak
Hezitzaile berezitu formakuntzaren baitan proiektu bat osatu behar zutela eta, Maixan Noblia, Anna Lasfargue eta Julie Pecastaings-ek erabaki zuten dokumental baten ekoiztea emazteek etxeetan jasaiten duten bortizkeriaren gaia hartuz. Ikasle gazte horien gogoeta izan zen, bortizkeria jasaiten duten emazte horien erasotzaileak nor diren hobeki jakitea. Film horren ekoizteko Pauen kokatua den Espetxe Zerbitzua Integraziorako eta Probaziorako (Service Pénitentiaire d'Insertion et de Probation) egiturarekin lanean ari izan dira, bideratu ditu lekukoen atzemaiteko. Bestalde bortizkerien sailean aditu artatzaile, hezitzaile eta justiziako pertsonekin bildu dira. La Source Florian Miot-Bruneauk ekoiztu filmaren hari gorria, indarkeriaren biktima izan den emazte bat da. Maixan Noblia eta Anna Lasfarguek kontatzen zaukuten, holako pertsona batek hitza hartzeko konfiantzazko harremana sortu behar dela eta filmatzeko baldintzak hasieratik adostuak izan, aurpegia gordea eta anonimoa izan. Emazte horren lekukotasuna tarteka agertzen bada, bi psikologok eta bi medikuk dute dokumentalean parte hartzen, lekuko emazte horren bizipenak argitzen du familia bateko egoera zein den jakiteko.
Bikote batean bortizkeriaren gora egitea
Bi hezitzaileek azaltzen zaukuten familia batean bortizkeriaren gora egiteak maila desberdinak dituela. Hasieran bikotean denak ongi baldin badira, memento batez hitz bortitzak dira erabiliak, mazelako bat emazteak ukaiten duela… hasieran jestu horiek gutiesten dira. Memento batez, azkartuz doa eta zanpaldi bortitzak emanak dira. Egoera horretarik landa adituek deitzen duten “eztizko ilargia”-ren garaia da, erasotzaileak barkamenak eskatzen ditu, negar egiten du, ez dela berriz hasiko hitzemaiten duela. Ziklo ezin jasan hori joano eta usuago gertatzen da.
Maixan Noblia eta Anna Lasfarguek zioten “bikote horiek elkar maite dute, baina gaizki elkar maite dute”. Egina izan den ikerketan, frogatua da gehienetan bikotearen harremana bortitz egoera batera doala haurdunaldia gertatzen denean, gizona heldugabea eta bere xilkoari itzulia diren profilak dira gehienetan. Izan erasotzailea ala biktima, anitz kasutan haurtzarotik berek ere bortizkeriak jasan edo beren familian burasoetan ikusi dituzte. Gisa berean emazte batzuk beren ingurumenean haurtzaro bortitza bizi ukan dute, minari buruz jasankortasuna handiagoa dute.
Holako gertakariak saihesteko tipitik haurrekin hitz egiteko beharra agertzen da.
Erasotzailearen jarrera ulertu
Holako bortizkeria egoeratik ateratzeko bi aldekoak, biktima eta erasotzailea, parean ezarri behar dira. La Source dokumentalaren egileak ikuspuntu horretatik abiatu dira, etxeko indarkeriaren murrizketan eta biktimak babestearen inguruan, erasotzailearen jarrera hobeki ezagutu nahian. Erasotzaileak jarrera horretarik ateratzeko, beharrezkoa da jakitea portaera hori nundik heldu den.
“La source” filmaren proiekzioa
Titulua, film horretan agertzen den emazte horren lekukotasunetik hartua izan da: “Arazoa iturritik hartu behar da” adierazten du. Lehen proiekzioa Donibane Lohizunen azaroaren 25ean etxeko indarkeriaren aurkako borrokaren eguna kari lehen aldikoz hedatua izan da.
Lehen emanaldia arrakastatsua izan da, egileek film hau zinegela anitzetan banatua izan dadin esperantza dute, bereziki Ipar Euskal Herri barnealdean. Film ekoizleek zioten etxeko indarkeriak gehienetan baserri munduan isilduak ala gordeak direla, dokumental hunen helburua da mamu horiek desagerraraztea. Zabaltzeko interesatua denak etu5.etcharry@gmail.com bidez egin lezake.