Han eta Hemen | 2022ko Abenduaren 08a
Jakes Abeberry Euskal Herriko figura
Joan den astean jakin da Jakes Abeberry 1930ean Biarritzen sortua hil dela. Bost haurrideko laugarren semea zen, lanbidez bankuko kuadroa.
Politika munduan ezaguna, Ipar Euskal Herriko abertzale mugimenduetan aktibo izan da, 1963an Enbata alderdiaren sortzaileetatik bat. Bere iragan guzia abertzale militante bezala eraman du, 1986an Euskal Batasuna alderdi politikoaren sorreran parte hartu zuen, 1988an Abertzaleen Batasuna osatu zenean, militante aktibo izan zen.
Bide beretik Biarritzeko Herriko Etxean luzaz hautetsi egon zen, 1983an lehen aldiz kontseilari gisa kargua hartu zuen, 1991n Borrotraren zerrendarekin, “Biarritze Bestelakoa” taldeakaliantza egin ondoan, 2. axuant postua hartu zuen. Didier Borotrarekin euskara sustatzeko proposamen zehatzak negoziatu zituen: ikastola, haurtzaindegi euskalduna, AEKren zentroaren garapena, mediatekan euskara saila sartzea, euskarazko ikusgarriak antolatzea eta herriko langileen formakuntza elebiduna. Euskal Herriko Hautetsien Kontseiluko kide anitz urtez egon da. Euskal Departamenduaren eta ondotik Lurralde Kolektibitate eskaerako militante sutsua izan da. Parisetik heldu ziren gobernuko ordezkarien aitzinean beldurrik gabe hemengo aldarrikapenen boz eramaile bilakatzen zen.
Jakes Abeberryren pasioa dantza zen, Oldarra balletean gazterik sartu zen. Axuant kargua zuelarik 1991n “Maitaldia” dantza festibalaren bultzatzailea izan zen, Malandain Ballet Biarritz zentro koreografiko nazionala ezartzeko bidea ideki zuena.
Jakes Abeberry 1960an Enbata kazetaren sortzailea izan da, gaur arte argitalpen arduraduna zen.
Euskal Herriko figura bat itzali da, berekin militatu dutenek, baina ere parean ukan dituen arduradun politikoek egin duen lana eta ibilbidea goretsi dute. 2012an Ramuntxo Garbisuk “Sur les pas de Jakes” egin dokumentala pertsonalitate hunen lekuko egonen da.