Herriz Herri - Bidarrai (NB) | 2022ko Abenduaren 08a
Heriotze - Euskaraldia - Mus lehiaketa
Heriotze
Joan den astean zendu zaigu Gehexaneko Nadine Barnetche, sortzez Gasquard (Lapurdi Jatsukoa), 61 urtetan. Gaztettoneko Panpirekin ezkondua zen eta bi seme-alaba bazituzten, Sébastien eta Cécile. Oroit gira haatik Panpi senarra galdu zuela 2008an, 49 urtetan, minbiziak jorik. Maluruski, Nadineri ere minbizia lotu zaio. Arta frango ukanik, esperantza aldiekin, ororen buru Belharra klinikan eman du azken hatsa. Miarritzeko erraustegian egina izan zaio azken agurra abenduaren 1ean. Etienne Grossia azken urtetako bizilagunari, Sébastien eta Cécile seme-alaberi eta hauen familieri bai eta Gaztettoneko familiari, gure bihotzeko agurrak.
Euskaraldia
Bi ekitaldi berezi bizi izan ditugu Euskaraldiaren karietara. Lehena azaroaren 25ean, ostiral arratsez, Ortzaizeko Menta kafe-liburutegian. Gaualdi arras goxoa, jendea ez bada ere metaka bildu. Josu Martinezen “Anti” filma ikusi ondoan (aktore gehienak baigorriarrak dira), ondotik Eneko Bidegain mintzatu zitzaigun euskararen gaurko egoeraz eta etorkizunaz. Gogoetagarria. Bigarren hitzordua joan den ostiral arratsekoa ginuen, Barberaenean. Hor bildu da bidarraitar eta orzaiztar andana, euskara ongi dakitenak eta gutiago dakitenak elgarrekin solastatuz, pintxoak eta edariak gozatuz, adiskidetasun eta umore onean.
Mus lehiaketa
Arrakasta ederrez iragan da eskola publikoak antolatutako mus lehiaketa, azaroaren 27an, igande arratsaldez. 66 pare lehiatu dira. Hoberenen mailan, Haurie-Marquesuzaa parea zaio finalean nagusitu Berhouet-Saint Esteben pareari. Eta bigarren mailan, Etchepare-Teilery parea, Antxordoki-Iturbide pareari.