Herriz Herri - Hazparne (L) | 2022ko Abenduaren 08a
Herriko Kontseilua - Mus xapelketa Urkoin - Eguberriko furfuriak
Herriko Kontseiluaren bilkura
Urteko azken bilkura abenduaren 8an iraganen da, Elgar zentroan (20:00), Emile Lavigne gelan. Nahi duen herritarra joan daiteke bilkura horren begiratzera eta entzutera, isilik egoitekotan.
Ondoko gaiak aipatuko dira: administrazio orokorrari lotuak, diru harat-hunatak, giza baliabideak, eskolak, herriko funtsak, bizitegiak, bideak eta laborantza gaiak.
Mus xapelketa Urkoin
Laster hirurogeita hamar urte beteko dituen Urtsu Mendi elkarteak, mus xapelketa bat antolatzen du, patronagean, abenduaren 11n. Arratsaldeko bietarik goiti izenak hartuko dira. Irabazleek 400€ ukanen dituzte eta kasik irabazi dutenek 200€. Beste parte hartzaileentzat ere sari anitz izanen da. Han berean jan eta edaten ahalko da.
Eguberriko furfuriak
Abenduaren 10ean hasiko da komertsantek eta herriak Eguberri kari apailatu hamabostaldia. Saltegietan billetak emanen dira xahutu diruaren arabera. Hilabete hondarrean eginen den zozketan irabaziko diren sariak ikusgai dira Duhart zapeta saltegi ohian.
Animazioen egun nagusia abenduaren 17an larunbatean izanen da, Eguberriko merkatuarekin. Lissar karrika egun guzian hetsirik egonen da, saltzaile mahaiak hor plantatuko direlako. Urtsuia karrika arratsaldean hetsiko da, moda desfile bat iraganen baita han besteak beste. Heldu den astean xehetasun gehiago emanen dugu bainan jakin behar oraindik larunbat hortan (18:00) Mari Domingi eta Olentzero etortzekoak direla Hazparnera, haurren kantu eta dantzek eginen diete ongietorria.
Papa Noël-ek aldiz bere egoitza ukanen du Lissar karrikan. Bestalde idazten ahal zaio eta gutuna han pausatu. Pasatuko delarik hartuko du.
Abenduaren 14an asteazkenez (15:00) mediatekan, Soinubila elkarteko musikari gazteak ariko dira akitu arte… orori idekia den kontzertua.
Hilabetearen 16tik harat, Harana plazan zernahi ausagailu izanen da haurrentzat.