Herriz Herri - Lasa (NB) | 2022ko Abenduaren 08a
Heriotze
M.G.
Bazuen dozena bat egun jorik ginaudela jakinik Jean Iriberrry Erramuntoinekoa Baionako ospitalera eremana izan zela. Bentetako saltegi batean lan egiten zuen, lagunak berantetsirik dei egin dute sokorritzaileeri eta ondokoeri, etxean atzeman dute ezagutza galdurik. Geroztik ez dute artatzaileek bere onera ekarri ahal ukan eta zendu da azaroaren 30ean, 56 urtetan. Berri horrek inarrosi gaitu eta baldin badakigu ere, oroitarazi zoin laster erortzen ahal giren. Amarekin bizi zen eta azken egunetaraino etxean artatu du, bere lana utzirik, 3 urte bakarrik ama zendua zela, berriz itzulia zen biziki maitatua zen aitzineko lan lekura. Orain ez dugu dudarik berriz elgarrekin daudela beste zorionezko bizi batean. 2022ko hauteskundeetan herriko kontseiluan sartua zen, herritarrek beren hautuetan erakutsi zioten beren konfiantza, zenbakietan gorena atera zen. Jean gizon xintxoa eta goxoa zen, beti irriño bat eta solas ona ezpainetan, oroitzapen onak luzaz atxikiko ditugu. Euskal Herrian egiten diren ehorzketa ederrak ukan ditu, Cornu apeza meza emaile, auzapezak bere aldian eskerrak bihurturik, jendalde ederrak jarraikirik ezarria izan da etxeko hilobian, ama eta aitaren ondoan. Parte hartzen dugu arreba eta familiaren nahigabean. Gure doluminak heriotza hunek hunkidituen guzieri.