Herriz Herri - Senpere (L) | 2022ko Abenduaren 08a
Anai-Artearen historia - Mathieu Sempere - Komertsioetan aldaketak - Eguberriko ipuinak - Heriotzak
Anai-Artearen historia ostiralean
Amotz-Larraldean abenduaren 9an (18:00), emanen den mintzaldiak, Txomin Hiriart-Urruty-ren bitartez, sortu behar luke ikusmin handia entzuleen aldetik. Hizlariak kondatuko du Anai-Artearen historia, 1969an sortu zenetik bere amaiera arte, 2021ean. Noiz, nola, nork eta zertarako sortu zen elkarte hori, garai gogor eta bortitz batean errefuxiatu asko etorri baitziren Hegoaldetik laguntza eta babes toki baten bila. Euskaldunen arteko elkartasuna eta anaitasuna nabaritu du egitura eraginkor hunek. Lapurdi 1609 elkarteak du ekimena antolatzen, Senpereko herria eta Euskal Kultur Erakundearen laguntzarekin.
Mathieu Sempere kantaria Larrekon
Abenduaren 10ean Larreko kulturgunean, Mathieu Sempere “Les Stentors” taldeko tenor handiak, Eguberriko kantu batzu emanen ditu, baita Luis Marianoren errepertoriokoak. Musikariekin batera, Valérie Ortiz, flamenko dantzariak, nahasiko ditu dantzaren ikusmina musikaren emozioarekin. Ohartzekoa da, kantari hunen izena gure herriaren bezalakoa dela. Herriko-Etxeak antolatzen du ikusgarria, erreserbak Euskal-Herriko Turismo bulegoetan baita lekuan bertan.
Komertsioetan aldaketak
Batzu joanki dira bertzeak jiten, betiko saltokien legea, halere garai huntan joan-jinak laster errepikatzen dira. Gure karrika nagusian, azpimarratzekoa da “Te do Kafe” ostatu ongi ezagunean, Jean-François Bederede eta Carine Orellanak erreleboa pasatzen dutela Stéphane Roche bertze ostaler bati. “Arno Ostatua” izena eman dako eta jadanik buru-belarri lanari lotu da, egunero idekirik goizeko 7etatik berant arte. Gaurdanik bezeroak ikus ditaizke, ostiral arrats guziz pintxo-potea eta hilabetero larunbat arrats batez animazio musikal berezia muntatzeko xedea du. Hari beretik, Mundutegiko saihetsean dagon fruitu eta barazki saltegia ere jabez aldatu berri da,“Chez Emile” izenburuarekin. Alsaziako produktu berezi batzu ere salgai ditaizke, joan ikustera.
Eguberriko ipuinak Mediatekan
Abenduaren 13an, asteartarekin (17:30), Senpereko Mediatekak antolatzen ditu irakurketak, ipuinak, istorio txikiak eta izai ederrak, krakada ere bai, urririk deneri idekia. Haurrendako, bi orenez gozatzeko parada, aldiz erreserbatzea gomendatua da: 05-59-54-50-05 edo mediatheque@senpere64.fr.
Heriotzak
Zoritxarrez, joan den astean heriotze parrasta batek hunki du herria, denak ongi ezagunak. Marie Iciaga sortzez Lamerens 88 urterekin, bere senar zenaren bidea hartu du, familia handia utzirik doluan, hauetan Xan, Jeanine eta Mattin bere haurrak. Marie-Rose Echeverria sortzez Larzabal 77 urtetan, alaba Frédérique eta hunen familia uzten ditu penetan. Leon Tellechea, Amotz Martieneko seme gazteena, hau ere erretreta hartu berri ondoren 65 urtetan, gaitza deklaratuz geroz sobera laster pausatu da Hendaian. Zer erran Matthieu Estaynouren heriotzearekin, 29 urtetan, adinik hoberenean, minbizi maltzur batekin borrokatu ondoan. Gazte lagunekin errugbian arizanik, bere kondu abiatua zen iturgintzan, haatik eritasunak jo ordutik biper ekoizten hasiko zen. Eliza ttipiegi zagon holako munduaren errezebitzeko, kantuz eta kartsutasunez iragan da ehorzketako meza, baita azken aurresku eder batekin. Hunen familia bereziki ongi hunkitua da, duela bi urte galdu zuten Xavier anaia supituki, orain aitamak Jean-Paul eta Marie Ange, Benoit eta Pascale anai-arrebek, hauen familiekin, azkar atxik dezatela geroari buruz.
Gure aldetik helarazi nahi ginituzke dolumin bizienak, heriotze hauen ondotik penetan gelditzen diren senide eta adiskide guzieri.