Herriz Herri - Uztaritze (L) | 2022ko Abenduaren 08a

Santa Katalina Heraitzen

Santa%20Katalina%20Heraitzen

Asteburu berezia zuen azaroaren 25-27koa Heraitzeko ''Les Amis de la Chapelle'' elkarteak. Hau 1970ean sortua, arduratzen da Santa Katalina kaperaren kudeantzaz, heraiztarrak oso atxikiak direla. Erdi Arotik dator kapera, 1838an Larregienea jauregiko jabeak otoitz leku hori heraitztarrer eskaini zuen eta 1841ean berritu zuten. Horren baliatzeko, 2016an, hitzarmena izenpetua izan da: parropia, Herriko Etxea eta elkartearen artean, ospakizun desberdinak egiteko gisan.

Aurten ortzirale arratsarekin hasi dira Franklet eritegiko Allary jaunak eskaini kurutzearen bidea ospatuz. Larunbat arratsean “Bestela” gizon koruaren kantaldi bikaina izan da. Igandean biltzar nagusiarekin hasi da. Serge Pothier lehendakariak du eman urteko txostenaren eta ekintzen berri. Aipatua izan da aurten egin gasturik nagusiena: Katalina sainduari eskaini berinate berria, Gerald Franzettik tokian emana duena. Jean François Ruys diruzainak eman konduen ondotik, bulegoa urte berriaren proiektuetara pasatu da eta ez da lan faltarik izanen. Kaperak asko urte dituenez ikusten da teilatuko zurtate nagusian zonbait ahultzen hasiak direla eta menturaz kanbiatu beharrak. Diagnostiko bat egitea galdatua izan zaio Herriko Etxeari. Aditu batek ikusi eta, jakinen da zer egin. Beste berinateak ere dira mantendu beharrak eta elbarrituen errezebitzeko maldaxka berria egitekoa da. Guzien finantzatzeko eztabaida sortu da, elkarteak diru sartze guti ditu eta proiektu horien osatzeak diru zama pollita galdegin dezake. Aipatu da urtean zehar kultural ekitaldi batzu muntatzea, bainan ere kaperak inguruan dituen funts parte baten saltzea. Geroak erranen zertaratu beharko den. Segidan zuzendaritza berritu egin da. Gabi Oyarzabalek utziz bere espos lagunak hartu du aulkia. Bukatzeko han zen batek proposatu du elkarteari izen euskalduna emaitea, bainan kontrako batzu agertu dira. Biltzar ondoko mezan kapera bete betea zen, Jean-Michel Barnetche erretorrak ospakizun eder batean bedeinkatu du berinate berria, elkarteko zuzendariekin. Mezatik lekura zintzur bustitze bat eskainia izan da, Auzo Baitan. Huna meza denboran fededun otoitz gisa Xan Errotabeherek kantatu bertsuak:

Heraiztarrek gaur ospe handitan dugu Santa Katalina

Mitrail eder bat Gerald Franzettik gain hortan dauku egina

Artista oro gaur eskertzeko parada zerauku jina

Eskerrak ere kapera hunen arta hartzen duzuena

Jaungoiko onak ordain dezala egiten duzuen lana

Jean Mixel Barnetche ta Beranger Gilles Uztaritzeko apezak

Hemen berritzen dauzkitzuegu esker onezko otoitzak

Jaungoikoari diozue eman osoki zuen bizitzak

Uztariztarren bihotz barnean tokia badu bakoitzak

Dohatsu zuek baitituzue obratzen Jesusen hitzak

Kapera hau da otoitz lekua osoki herritarrena

Herri erdian beti zabalik guziek maite duguna

Jendea dugu oroz gainetik herrian sakratuena

Otoitz hau dugu Heraiztar jende bakoitzarentzat egina

Jainkoak utzi daukun bakea izan bekigu denena


Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3673. zbk

Gure Hitza | 2022/12/08

BERTSU GIROAN

Jean-Louis Harignordoquy

Beti izan dira bertsuari graziarik hartzen ez dioten euskaldun zonbait, ez zaiotelako ulergarri iduritzen. Hortarako, bere denboran, Piarres Lafittek izkiriatu zituen bertsugintzaren arauak. Aise berantago, zendu berri den Jean-Pierre Mendiburu heletar bertsulariak liburu batean gauzarik beharrenak esplikatu zizkigun. Gipuzkoan Xanti Iparragirrek abiatua zuen ildotik, geroago Ernest Alkhat eta Aitor Sarasua goizegi zenduen ikasle ohiak dira gaur ezagunak diren Iparraldeko bertsulari eta bertsuzale frango. Oroit gaiten bertsulari onak ziren lehen erakasle haiek erein hazitik datorrela oraingo emaitza.

Nahiz bertsularitza ez den xapelgoetara mugatzen, nola ez aipa Iruñean beharra den gertakari historikoa. Nafarroa Arenan jokatuko den Euskal Herriko Bertsulari Txapelketaren azken haitadan milaka bertsuzale bilduko dira. Euskal irratiek eta telebistak zuzenean hedatuko dituzte goizeko eta arratsaldeko saioak. ...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Imprimerie du Labourd - Cazenave bidea, 29 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016