Ba ote dakixu? | 2022ko Abenduaren 08a
Faraoi beltzak (1/3)
Gilen Bacho
Faraoi beltzak luzaz Europako historiografian ez ziren argitan ezarriak izan. Egipto afrikar herri bat izanik ere, XIX. mendeko egiptologoek ez zuten Egipto faraonikoa afrikar historiari lotu baina Ekialde hurbileko historiari. Baina egun badakigu Egiptoko historia beti afrikar historiari lotua izan dela. Uda huntan Louvres-ko museoko erakusketa handi batek agerian utzi duen bezala, faraoi beltzen epopeiak lotura hori ederki sinbolizatzen du.
Piankhy-ren epopeia
Ramses-tarren dinastia handiaren ondotik, 1200. urtea inguruan Kristo aitzin (artikuluko data guziak Kristo aitzinekoak dira), faraoien boterea ahuldu zen eta Egiptoko erresuma zenbait aldiz bereizi zen. Hegoan, Nubiak bere libertatea berriz hartu zuen eta, 800. urtearen inguruan, Kush-eko erresuma sortu zen, Egiptotik independentea. Bere hiriburua egungo Sudango zentroan zen, Napatan, Djebel Barkal “mendi garbiaren” ondoan, leku sakratua iparreko (Egiptoarrak) eta hegoko (Nubiakoak) biztanleentzat. 720. urte inguruan, Kusheko Piankhy erregeak leku horretatik zuen Niloko ibarra berriz igan Egipto konkistatzeko. Egiazko epopeia, eraso militar eta Egiptoko hiri guzien hartzearekin Memphis arte, hiriburua, non Piankhy faraoi gisa ezagutua izan zen. Epopeia horren xehetasunak ongi ezagutzen ditugu Piankhyren “garaipenezko estela” edo oroitarriari esker, hieroglifozko 160 lerrorekin osatua dena eta gaur arte heldua dena (Kairoko museoan kontserbatua gaur). Egiptoko hiri handien (Teba, Hermopolis, Herakleopolis eta, azkenean, Memphis) konkista xeheki deskribatua da. Kusheko erregeak aitzinetik destinatua zela konkista hori egiteko pentsatzen zuen. Estelan ikusten den bezala, konkistatuak izan ziren lurraldeen erregetxoek lurrari musuemaiten zuten haien garailearen aitzinean, Amon-en ordezkari gisa erakutsia zena.
Egiptoarrak baino egiptoarrago
Kusheko erregeak Egiptoko erlisioneari konbertitu ziren eta erlisione horri iparreko biztanleek baino errespetu gehiago erakusten zuten. Egiptoarrak baino egiptoarrago ziren. Egiptoko lurraldeetako erregetxoak gogorki salatzen zituzten ez baitzituzten gehiago tradiziozko errituak errespetatzen. Egiptoar erlisionearen ortodoxia begiratu nahi zuten. Egiptoar kultura ausarkian hedatu zen Kusheko biztanleen artean. Bazuen 800 urte egiptoarrek Nubia kolonizatua zutela (XVI. mendean, Tutmosis 1.aren erreinuaren denboran). Jada aitzinago trukaketa inportanteak baziren iparra (Egiptoa) eta hegoaren (Nubia) artean eta mendeekin lotura azkartu zen. Hegoa aberatsa zen, lehenik urreari esker baina ere bolia (elefanteena baina sustut hipopotamoena), ebanoa eta bere laborantzari esker (Kusheko biztanle gehienak abeltzainak ziren). Gainera Kusheko arkulariak famatuak ziren eta faraoien armadetan eragin handia bildu zuten (Egiptoarrek Nubia “arkuaren herria” deitzen zuten). Piankhyren epopeia aitzin, Kusheko jendeek “kultura faraonikoa” jada beretua zuten. Tebako Amon jainkoa Kusheko jainko nagusietan zen. Haien tenpluen behe-erliebeak Egiptoko tenpluetakoen idurikoak ziren. Galiarrek bezala Erromako inperioaren denboran, Nubiako biztanleek beren konkistatzaileen kultura hartu zuten baina, Piankhy erregearen epopeiarekin, desberdintasun handi batekin, menderatu zituztenen lurra konkistatu baitzuten.