Egun eta bihar | 2022ko Abenduaren 08a
Burdin-bide berriak?
J-B D
Bat-batean, joan den egunean, Emmanuel Macron lehendakariak egin du gaitzeko ateraldia, artetan egiten dituen zonbaiten eitekoa. Ikusiz gutarteko jendeak gutien ustean bere autoa hartzen duela harat eta hunat ibiltzeko. Ikusiz ere gisa hortan ingurumena zikintzen dela bai eta funditzen, iduritu zaio egoki litakeela hiri handienetan bederen burdin-bide berri batzuen egitea, heietan Pariseko RER delakoaren eiteko treinak ibilarazteko, goizean goizik abiatuz, arratsetan berant arte, edozoin tenorez, ahal bezen usu. Berria hedatu orduko, jende frango alde agertu dira, xede hori arras ona kausituz, anitzek gainerat ona baino hobea ere! Macrontiarrek bistan da bainan beste anitzek ere! Xede hauta beraz, hala iduri du behin! Hasteko, bospasei hiri berexiak litazke, Bordele barne. Geroxago, beste hiri andana bat, hamar bat orobat, Baiona izaiten ahal heietarik batto.
Laster haatik arrangurak ere agertu dira. Obrak noiz hasten ahal litazkeen. Zonbat denbora iraun lezaketeen eta ere, nola ez, nork pagatuko dituen. Garbitasun handirik ez da orainokoan batere jakin. Konparazione, hautatu hirietan nundik norat litazkeen burdin-bide berri horiek eta nun gaindi. Baditake segur biziki xede ona den bainan noiz nola gauzatzen ahalko den, hori zinez besterik da! Denborak erranen du nun zer nola egiten ahalko den.