Hegoaldean | 2022ko Abenduaren 08a
Euskalgintza
Idazkari nagusi aldaketa izanen da Euskalgintzaren Kontseiluan. Azken hamabi urteetan kargu hori bete duen Paul Bilbaok tokia utziko du eta Idurre Eskisabelek hartuko dio lekukoa.
Eskisabel Beasainen sortua da 1970ean. Kazetaritzako eta antropologiako lizentziaduna da. Luzaz Euskaldunon Egunkarian eta Berrian kazetari gisa ari izana da eta bertze hedabide anitzetan ere kolaboratzaile lanak eginak ditu. Mementoan pentsamendu feministari eskainia den Eskafandra bildumako kontseilu editore taldeko kide da. Halaber, Eusko Jaurlaritzako Euskararen Aholku Batzordeko kide da, Hizkuntza eta Genero atalean. EHUko Kazetaritza sailean irakasle izan da berriki arte.
Kargu aldaketa abenduaren 7 honetan gauzatu da, Kontseiluak 25 urte bete dituen egunean. Mende laurdena eta kargu aldaketa ospatzeko, ekitaldia egin dute Durangoko San Agustin kultur-gunean.