Jainkoa bizia jendea | 2022ko Abenduaren 08a

TRADITUA(K)

Peio Ospital

Bai! Traditua senditzen dut nere burua, eta ni bezala, irakurtzen eta entzuten dudanez, tradituak senditzen dira hainbat eta hainbat eliztar, Frantziako apezpikuek berek azkenik Lourdes-en bilduak zirenean jakiterat eman daukutenarekin: beraien arteko hamaika dira abusu sexualez susmatuak... Eta hori aski ez balitz, hortaz jada jakinean ziren duela urte bat doi-doia toki berean bilduak zirenean, Sauvé txostena eskuratu berrian, goraki aitortzen zutela "Sekula ez, sekula gehiago ez holakorik!", belauniko barkamena galdeginez...Eta aldi berean isilean eta gezurrean estaltzen zituzten beraien arteko zonbaiten itsuskeriak eta krimenak!

Baina nork sinets dezake hemendik aitzina holakoen ahotik atera hitza??? Hameka??? Lanak dituzte izenen agertzen, eta nork daki ez ote diren gehiago, zenbaki hori soilik izozmendiaren ageriko partea daitekeelarik???

"Herio moral egoeran dago [Frantziako] apezpiku-gorputza" dio hitz ezin egokiagotan Christine Pedotti andereak. Eta nik, denak "zaku berean" sartuko nituzke! Ez baita bakar bat ere bere kideenganik desmarkatzeko gai izan denik isilkeria salatzeko, biktimen alderdia eta tronpatuak ziren eliztarren alderdia deblauki hartuz!

Ahalkegarria eta eskandalagarria da hala ere hauen joka moldea! Ez dute jarrera edo hitz aski gogorrik apez batek bere ministeritza aldian emazte heldu batekin onarpen osoz, bihotz osoz eta gorputz osoz bizi dezakeen zinezko maitasun historia partekatua salatzeko, gaztigu gisa "estatu laikora apaltzen" dutelarik (formulazioak berak ere badu "grazia"!)! Eta aldi berean haur heldugabeen gain egin krimenak isilean gordetzen eta estaltzen! Nola liteke hori? Zer "dizernimenduk" justifika dezake holako jarrera bat? Bai zinez... herio moral egoeran dago Frantziako apezpiku-gorputza... Eta beraiek dute beren burua deskalifikatu, Eliza osoaren sinesgarritasuna zauritu, guziz galarazterainokoan. Bai, tradituak senditzen gira eta ausartzen naiz erraitera Jesus beraren mezua eta sakrifizioa zikinduak eta tradituak gertatzen direla!

Nik aitortzen dut garbiki: Instituzio horri bizkarra emaiten diot! Hau da ontzia gaindiarazten duen xorta. Egia erran, jada lanak nituen aspaldixko huntan gure liturgiekin, ez dutelako jendeen bizia "harrapatzen"; berdin Credo-aren zonbait baieztapenekin, zaharkituak eta dudazkoak iduritzen zaizkidalako (badakit ez naizela bakarra); eta ere Eukaristi Otoitzaren zenbat pasarteekin: nik ez dut batere nere burua "komunioan" senditzen ez tokiko apezpikuarekin eta ez "beste horiekin"...

Eta orain, desastre horren ondotik, zer? Zertan gelditzen da Eliza? Nola atera kinka hortarik, eta zer bide hartu etorkizunari buruz?

Neretzat, aterabide bakarra da EBANJELIOA! Ebanjeliora behar da itzuli. Sobera usu, Elizaren Irakaskuntzan, isilean eta gorderik uzten da Jesus bere garaian izan den profeta soziala. Berak, bizi izan den lurraldean, kulturan eta gizartean, askatasunaren eta justiziaren alde, zinezko demokraziaren eta giza eskubideen alde, emaztearen eta herrien emantzipazioaren alde, zapalduen askapenaren eta, are gutxiago, laikotasunaren beraren alde eraman zituen borroka handiak ez dira behar heina baloratzen. Bere bizitza osoan izan duen obsesioa izan da Erreinua, erran nahi baita mundu zuzenago, gizatiarrago, haurridekorrago eta solidarioago baten etorrera. Hau izan da bere bizitzako borroka, horren alde eman du bere bizia. Zeren, hau ere ez da aski erraiten, arrazoin historiko eta politikoengatik gurutzeratua izan zen! Garaiko botere politiko eta erlijiosoak ados jarririk! Zenbat eta gizatiarrago eta are jainkotiarrago, zenbat eta jainkotiarrago eta are gizatiarrago: bikoiztasun inter-aktibo hortan jokatzen da, nere ustez, Jesusen pertsonaren Misterio guzia.

Eliza orduan, zerbait izaitekotan, borroka hau bera bere gain hartu behar duen Herria eta Erakundea izan behar da. Jainkoak Nazareteko Jesusen bidez agertu duen Maitasun Proiektua partekatzen duen Herria, eta horren obratzera lehiatzen dena. Liturgiak eta Mezak izango dira orduan bizitza esperientzien trukatoki eta ospatoki, bere bizia Proiektu horren alde eman zuena gogora ekarriz. Ebanjelioa praktikatzeko tokiak eta uneak ez dira falta gure inguru hurbilean, izan "eliztarrak" (Caritas, CCFD...) edo ez (Bake Prozesua, Emmaüs-Baudonne baserria, Bihotzeko Ostatuak, Hazkurri Bankua, Bizi!, Alda, Harrera...). Presunaren duintasunaren alde jokatzen diren borroka guzietan egon beharko lukete fededunek. Edo beraien fedea ez da sinesgarria izango.

Ebanjeliora itzuli! Hortan da aterabidea! Hori da nere Fedea eta hori nere Esperantza!


Email Buffer Facebook Google Twitter Pinterest LinkedIn Digg StumbleUpon Tumblr

3673. zbk

Gure Hitza | 2022/12/08

BERTSU GIROAN

Jean-Louis Harignordoquy

Beti izan dira bertsuari graziarik hartzen ez dioten euskaldun zonbait, ez zaiotelako ulergarri iduritzen. Hortarako, bere denboran, Piarres Lafittek izkiriatu zituen bertsugintzaren arauak. Aise berantago, zendu berri den Jean-Pierre Mendiburu heletar bertsulariak liburu batean gauzarik beharrenak esplikatu zizkigun. Gipuzkoan Xanti Iparragirrek abiatua zuen ildotik, geroago Ernest Alkhat eta Aitor Sarasua goizegi zenduen ikasle ohiak dira gaur ezagunak diren Iparraldeko bertsulari eta bertsuzale frango. Oroit gaiten bertsulari onak ziren lehen erakasle haiek erein hazitik datorrela oraingo emaitza.

Nahiz bertsularitza ez den xapelgoetara mugatzen, nola ez aipa Iruñean beharra den gertakari historikoa. Nafarroa Arenan jokatuko den Euskal Herriko Bertsulari Txapelketaren azken haitadan milaka bertsuzale bilduko dira. Euskal irratiek eta telebistak zuzenean hedatuko dituzte goizeko eta arratsaldeko saioak. ...

Irakurri segida


Gurekin harremanetan sar




segurtasun kodea

Herria Euskal Astekaria - Imprimerie du Labourd - Cazenave bidea, 29 - 64100 BAIONA | tel: 05 59 25 62 85 | Legezko oharrak | Diseinua eta programazioa: iF Diseinuak - 2016